Temati jarraitzen du inflazioak, %3tik jaitsi ezinik. Urritik azarora ez da alderik izan Hego Euskal Herriko kontsumo prezioen indizean, eta %3,1ekoa da oraindik ere. Abenduan, hori bai, baliteke behera egitea, iazkoan koska handi bat egin baitzuen gora, erregaien ondorioz batez ere.Â
Oraingoan ez dira erregaiak inflazioaren motor nagusia, herritarrek beren egunerokoan gehien antzematen duten arloa baizik: elikagaiena. Azken urtean %3,3 garestitu dira, baina alde handiak daude haien artean. Badira iaztik hona merkatu diren produktuak —olioak (-%31,9), azukrea (-%7,4), ogia (-%1,2) eta edari alkoholdunak (-%0,7)—, baina arreta handiagoa erakarri dute sekulako igoerak izan dituztenek. Azken horien artean behi haragia nabarmentzen da, iazko abenduan baino %21,2 gehiago balio baitu. Garestitze hori egiturazko arrazoien ondorio da —ez dago nahiko behi kontsumoari aurre egiteko—, eta ez da Euskal Herriko arazoa soilik, mundu osokoa baizik.
Gauza bera esan daiteke arrautzei buruz. Hegazti gripeak asko murriztu du oiloen kopurua, eta ekoizleak merkatua ase ezinik dabiltza. Arazoak, hobera egin beharrean, okerrera egin du: urrian %25,9 garestitzen ari ziren, eta azaroan urtebete lehenago baino %35,7 garestiago zeuden.
Ikusi gehiago
Kafea ere ez da sobera nazioarteko merkatuetan, Brasilen, Vietnamen eta beste ekoizle handienetan uzta kaskarrak izan baitira kontsumoa gora doan honetan. Iazko otsailean jo zuen gora kafearen prezioak, eta azken asteotan asko gerturatu da maila horretara. Ondorioz, kafeari, kakaoari eta infusioei dagozkien atalaren inflazioa %14,2 handitu da azken urtean. Igoera are handiagoa zatekeen baldin eta kakaoaren prezioa ez balitz %45 jaitsi azken urtean.
Brent upela, merkatzen
Energiaren prezioa da kontsumitzaileek nabarmen antzematen duten beste arlo bat, eta horri buruzko berriak ez dira hain txarrak. Argindarrari dagokionez, azaroan, berriztagarrien ekarpenaren eskutik, handizkako merkatuan %23 txikitu zen urriarekin alderatuta. Hainbesteko merkatzerik ez dute izan kontsumitzaileek, tarifa arautu berriak beste faktore batzuk ere kontuan hartzen dituelako, eta merkatu librean motel doazelako aldaketak. Edonola ere, inflazioaren datuan ikusi da merkatze hori: urrian, urtebete lehenago baino %12 garestiago zeuden etxeko energiaren atala, eta %8 garestiago dago orain.
Erregaiei dagokienez, pare bat zentimo garestitu ziren azaroan, eta, horren eskutik, adar horren inflazioa %0,3 jaistetik %0,8 igotzera pasatu zen. Edonola ere, abenduan berriro merkatu dira gasolioa eta gasolina, petrolio merkatua ongi hornitua dagoelako. Azken egunotan, Brent upela 61 dolarrean salerosten ari da, azken urteko prezio apalenean.
Pentsioak %2,7 igoko direla baieztatu da
INEk ez du aldatu duela bi aste Espainiarako aurreratutako inflazioa (%3), eta, horrenbestez, baieztatu egin da orduan iragarritakoa: pentsioak %2,7 handituko dira Hegoaldean, hori izan baitzen batez besteko inflazioa 2024ko abendutik 2025eko azarora arte. Horrek esan nahi du batez beste 43 euro handituko direla pentsioak urtarrilaren 1ean, eta 1.641 euroraino iritsiko direla. Batez besteko erretiro pentsioek 1.800 euroak gaindituko dituzte, ia 50 euro handituko baitira. Igoera apalagoak izango dituzte, berriz, alargun pentsioek, 30 euro inguru.
Hori bai, pentsio apalenak %2,7 handitzea espero da, 2024ko martxoan onartutako azken erreformaren arabera gutxieneko pentsioak eta kotizazioei lotuta ez daudenak inflazioa baino gehiago handitu behar baitira. Hurrengo bileretan erabakiko du zenbatekoa Espainiako Gobernuak.
Â