Jaurlaritzako langileek salatu dute %20ko erosahalmen galera pilatu dutela

Hamasei urte daramatzate lan hitzarmena eguneratu gabe, eta 25 urte, berriz, lanaldia murriztu gabe. Bihar Gizarte Segurantzako eta Bizkaiko Aldundiko langileek egingo dute protesta.

Jaurlaritzako langileak, Bilboko Kale Nagusian eginiko eserialdian. LAB
Jaurlaritzako langileak, Bilboko Kale Nagusian eginiko eserialdian. LAB
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko ekainaren 16a
14:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekaina hilabete beroa izaten ari da Hego Euskal Herriko administrazio publikoetako langileentzat. Eskakizun, greba eta protesta garaiak dira erakunde publiko guztietan: Eusko Jaurlaritzakoak gaur atera dira kalera, Bizkaiko Aldundikoak eta Gizarte Segurantzakoak bihar dira protesta egitekoak, eta udaletakoak ostiralean. Lan hitzarmenak berritzea eskatzen dute gehienek.

Eusko Jaurlaritzako administrazioko langileen itunak, esaterako, hamasei urte daramatza berritu gabe. ELAren eta LABen arabera, ia 7.000 langile dira, eta urte horietan %20ko erosahalmen galera pilatu dute. Hori salatzeko hiru orduko lanuztea egin dute, eta elkarretaratze bat Gasteizen, beste bat Bilbon eta beste bat Donostian.

Sindikatuek salatu dutenez, azken 25 urteetan ez da lanaldi murrizketarik egon Jaurlaritzan, eta horrela ezinezkoa da 32 orduko lanaldira gerturatzea. Halaber, salatu dute ez direla betetzen lantaldea gaztetzeko neurriak, hala nola erretirorako diru sariak eta errelebo kontratuak. Euskaraz lan egiteko eta zerbitzua euskaraz jasotzeko neurri eraginkorrak ere eskatu dituzte.

ELAk eta LABek, izan ere, uste dute Jaurlaritzak baduela eduki errealak mahai gainean jartzeko modua, «hezkuntzan, justizian, Ertzaintzan... bere menpe dauden beste esparruetan egin bezala». Akordiorik lortu ezean greba gehiagora deituko dutela egin dute mehatxu.

Aldundia eta Gizarte Segurantza

Bizkaiko Aldundian ere ez da giro, bertan zazpi baitira lan hitzarmena berritu gabe daramatzaten urteak. Hori bai, negoziazio mahaia ireki dute, gutxienez. Itun horrek hamar departamenduko 2.800 langileri eragiten die, eta bihar bi orduko lanuzteak egitera deituta daude. Goitzeko txandakoak 11:00etatik 13:00etara, eta arratsaldekoak 16:00etatik 18:00etara.

ELAk eta LABek eginiko deialdia da, eta manifestaziora deitu dute Bilbon. Erosahalmena berreskuratzea, lanaldi murrizketak eta «langileen beharrei erantzungo dien telelan proposamen egoki bat ezartzea» eskatzen ari dira, besteak beste.

Espainiako Gizarte Segurantzaren bulegoetan ere protestak egingo dituzte bihar (11:30). CCOOk eta UGTk egin dituzte deialdiak, eta Bilbon eta Iruñean izango dira manifestazioak. Administrazioa bere gain harturiko konpromisoak ez dituela beste salatuko dute, baita finkaturiko lan eskubideak galtzeko arriskua dagoela ere.

Besteak beste, lana arautzeko irizpide berriak ez aplikatzea eta lan baldintzek okerrera egin izana kritikatu dute. Hiru arrazoi eman dituzte hori argudiatzeko: lan karga handitu izana, lantaldearen zahartzea eta langile gabezia.

Ostiralean udal langileen txanda iritsiko da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletako langileen ordezkariak Eudel udal elkartearekin bilduko dira. Negoziazioak ataka zailean daude, ELA eta LAB mahaitik altxa baitziren azken bileraren ondoren. Are gehiago, LABek esan zuen ez zirela betetzen mahaira itzultzeko baldintzak. Dena den, badirudi ostiraleko bilerara agertuko dela.

Azken hilabeteetan bilera asko egin dituzte, eta sindikatuek Eudelen beste eskaintza bat espero dute ostiralean. Bi dira negoziazioak gehien zailtzen dituzten gaiak: euskara eta zerbitzu publikoak. Azkenari dagokionez, azpikontraten hedapena salatu dute sindikatuek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE