Jaurlaritzaren 2027ko aurrekontuak mugikortasun eta hezkuntza arloak indartuko ditu

17.629 milioi euroko aurrekontua proposatu du, iaz baino %1,8 handiagoa. Ongizatea babestea eta zerbitzu publikoak sendotzea izango ditu helburu. Europako funtsak amaituta, baliabide propioekin bultzatuko ditu inbertsioak.

Noel D'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua, 2027ko aurrekontu proiektua aurkezten. IREKIA
Noel D'Anjou aurrekontu proiektua aurkezten, gaur, Gasteizen. IREKIA
aitor biain
2026ko urriaren 27a
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hitz jolas bat erabili zuen Noel D’Anjou Ogasun sailburuak Eusko Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontu proiektua aurkezterakoan. Gastu «arrunta» eta ezohikoa bereizi zituen, bai baitzekien aurtengoarekin alderatzean industria bultzatzeko mila milioi euroko zorpetzeak kontrako efektua eragingo zuela. Bada, bereizketa horri eutsi dio gaur ere, iragarri baitu 2027ko aurrekontua iazkoa baino %7,6 handiagoa izango dela «termino homogeneotan», hots, ezohiko gastu gehigarria kontutan hartu gabe. Funtsean, ordea, %1,8 handiagoa izango da bakarrik. Hala, Jaurlaritzak 17.629 milioi euro izango ditu guztira bere politikak garatzeko.

Ñabardura garrantzitsua da, inoizko gastu handiena egingo badu ere, igoera azken urteetako apalena baita. Imanol Pradalesen agintaldiko txikiena da, esaterako, eta inflazioaren (%4,5) eta heldu den urteko zerga bilketaren aurreikuspenaren (%6,2) azpitik dago. Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian, ordea, D’Anjouk adierazi du testuinguru ekonomikoa «konplexua eta zalantzazkoa» izan arren, finantza publikoen egoera ona dela, eta aurrekontuak horren isla direla, «egonkortasuna eta sendotasuna» eskaintzen dutelako. 

Horiek hala, bi helburu izango dituzte aurrekontuek: zerbitzu publikoak indartzea eta hurrengo hamarkadan izango diren eraldaketetarako prestatzea, sailburuak nabarmendu duenez. Era berean, erantsi du arreta berezia jarriko dutela etxebizitzan, segurtasunean eta gazteen emantzipazioan eta familiengan ere. Baliabide propioekin egingo du hori, Europako funtsen diru iturririk ez baitu izango jada. Jaurlaritzaren aurreikuspena da 2027an EAEko ekonomia %1,9 haztea, eta 10.000 lanpostu sortzea.

Gastu soziala zutabe

Nolanahi dela ere, Jaurlaritzak 1.250 milioi gehiago izango ditu datorren urtean bere gastuetarako. Eta, ohi bezala, gastu sozialera bideratuko du aurrekontuaren zatirik handiena, Osasun eta Hezkuntza sailentzat izango baita erdia baino gehiago (%54). Hezkuntza da, hain justu ere, igoera handiena izango duen sailetako bat. PISA txostenak utzitako emaitza kaskarrei erantzunez, hezkuntza kalitatea eta ikasleen ongizatea hobetzea jarri dute helburu gisa, baita ikastetxeak beroari aurre egiteko prestatzea ere. Eta horretarako, 3.792,5 milioi euro izango ditu, iaz baino %13,3 gehiago.

Osasun Sailak, berriz, 5.724,3 milioi euroko aurrekontua izango du (+%7,4), eta kopuru horren hiru laurden baino gehiago Osakidetzarentzat izango dira. Hala, pertsonako ia 2.600 euroko gastua egitea aurreikusi da. Sailak lehentasunen artean kokatu ditu, besteak beste, ia 5.500 langile publikoren lanpostuak egonkortzea, azpiegiturak modernizatzea eta prebentzio programak indartzea. Anbulantzien flota berri bat sortzeko asmoa ere badute.

Igoerarik handiena, ordea, Mugikortasun Sailak izango du: %19,4 handituko da bere aurrekontua, 695 milioi euroraino. Besteak beste, Bilboko metroaren bosgarren linea eta Gasteizko tranbiaren adar berria egiteko izango da, baita garraio publikoaren laguntzei eutsi ahal izateko ere.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak ere ia 700 milioi euroko aurrekontu izango du (+%7), eta gobernuak iragarri duenez, unibertsitateei inoiz baino baliabide gehiago emango zaie.

Etxebizitza 

Etxebizitza Saila ere indartu nahi du Jaurlaritzak: %4,5eko igoera izango du, eta 500 milioi euroren langa gaindituko du horrela. Diru hori zertarako erabiliko den? Bada, etxebizitza soziala eta alokairu merkea bultzatzeko, besteak beste. Hala, helburuen artean jarri dira etxebizitza gehiago eraikitzea: ia 1.500 Visesa erakundearen bitartez, eta 711 Alokabideren bitartez. Hogei milioi euro jarriko dira Etxebizitzaren Funts Soziala abian jartzeko, eta 103 milioi laguntza programetarako, Gaztelagunen, esaterako. Sailburuak nabarmendu du azken urteetan bikoiztu egin dela sailaren aurrekontua, eta jakinarazi du kontutan hartu dituela sailak proposatuko lege aldaketak ere, etxe babestuen kalifikazioa aldatzearena, besteak beste.

Segurtasun Sailak ia 900 milioi euroko aurrekontua izango du (+%5,4), eta 8.000 ertzainen langara iristea du helburua. Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, berriz, 1.338 milioi eurokoa (+%5,7); Justizia Sailak ia 400 milioi eurokoa (+%7,7), eta Industria Sailak 676 miloi eurokoa (+%3,9). Gobernantza eta Autogobernu Sailak, ia 200 milioi eurokoa (+%14), eta aintzat hartzen du langile publikoen soldaten %5eko igoera.

Joan den urteko aurrekontua paretsua izango, ordea, Turismo, Nekazaritza eta Ongizate sailek. Baita Lehendakaritzak ere, zeinaren barruan baitago Emakunde. Ogasun Saila izango da aurrekontu txikiagoa izango duen bakarra (-%41,3), 

Jaurlaritzak bihar eramango du aurrekontu proiektua Eusko Legebiltzarrera, tramitazioari ekiteko, eta datorren astean aletuko ditu sailburu bakoitzak bereak. Gobernuaren helburua da abenduaren 21ean behin betiko oniritzia ematea; aurrez, hala ere, oposizioarekin bilera erronda egingo du, adostasuna zabaltzeko asmoz. D’Anjouk «ikuspegi zabala» izateko eskatu die alderdiei, eta «taktizismo politikoa» alde batera uzteko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA