Euskararen aldeko neurriak negoziatzea adostu dute Nafarroako sindikatuek eta CENek

Lehen bilera egin dute enpresaburuen elkarteak eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Urriaren 13an bilduko dira berriz.

ELAk eta LABek iragan martxoan egindako bilera. IÑIGO URIZ / FOKU
ELAk eta LABek iragan martxoan Iruñean CENekin egindako bilera. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2026ko irailaren 23a
18:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lan hitzarmenen negoziazioetan euskarari toki egiteko ELAren proposamenak lortu du Nafarroan ere eztabaida piztea. Gaur goizean, CEN Nafarroako enpresaburuen elkartea, LAB, CCOO, UGT eta ELA bera bildu dira gaiaz eztabaidatzeko. Bilkura amaituta, guztiak ados jarri dira auziari heltzeko eta euskararen aldeko neurriak eztabaidatzeko. 

Gaurko bilera egin eta gero, eragile guztiek adostu dute urriaren 13an berriz elkartuko direla. Bertan proposamen zehatz bat egitea galdegin die ELAk, hori egin ezean «langile euskaldunek jasaten duten hizkuntza eskubideen urraketak jarraituko baitu». Hego Euskal Herrian kanpaina betean da sindikatua, lan hitzarmen sektorialen negoziazioetan euskaraz ere aritzeko eskubidea aldarrikatzen.

ELAren arabera, Nafarroan euskararen presentzia urria da, 376 itunetatik hamahiruk baino ez baitute jasotzen euskararen aldeko neurriren bat. Aurretik iragarri bezala, gaurko bileran proposatu du Nafarroako Gobernuaren itzulpen zerbitzuak eskatzeko, negoziazioak gaztelaniaz zein euskaraz egiten direla bermatzeko. «Nafarroako Gobernuak ez du sindikatuen eta patronalen eskura aldibereko itzulpen zerbitzurik».

LABen mezua ELAri

LABek azpimarratu du ez litzatekeela soilik lan egin behar euskara negoziazio kolektiboan presente egon dadin, «baizik eta lan mundua euskalduntzeko». Adierazi du euskararen alde «indarrak batu» egin behar direla eta arduraz jokatu. Gogora ekarri du elkarlanean aritzeko proposamena egin diotela ELAri, eta azpimarratu du elkarrekin aritu behar liratekeela «bakoitzak bere protagonismoa bilatu ordez». 

ELAri galdegin dio Batuz Aldatu Euskalgintzaren Kontseiluak sustatutako dinamikaren konpromisoei berriz heltzea, eta lan mundua euskalduntzeko proposamen bateratu bat aurkeztea Nafarroan, Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide arteko akordioaren negoziazioan Confebaskekin egin zen bezala.

CCOOk, berriz, ontzat jo du gai horri heltzea, eta bileren egutegi bat jartzeko prest dago, «euskararen inguruko adostasunak lortzeko». Besteak beste, proposatu du negoziazio kolektibo bidez «inposiziorik gabe eta pizgarrien bidez» langileen artean euskara ikasteko neurriak ezartzea: ordutegiak erraztu, laguntzak eman eta enpresen jarduera egokituta hizkuntza teknikoa ikasteko modua eman. CCOOren ustez, Euskarabidearen laguntza publikoak baliatu daitezke, bai eta enpresetako paisaia linguistikoa aldatu ere ikurrak eta kartelak ele bitan egon daitezen. Halaber, egokitzat jotzen dute enpresa barruko komunikazioetan eta oharretan apurka euskara ezartzea, eta kanpora begira euskararen erabilera bermatzea, «batik bat eremu euskaldunean». 

Sindikatuak, ordea, ez ditu ELAren moduak gustuko, eta eskatu du adostasun giro bat sortzeko, eta albo batean uzteko «etekin sindikalak eta politikoak lortzea helburu duten aldarrikapenak». Horren harira, azpimarratu du «CCOOren aurkako jazarpena egin zela iragan udaberrian, Argia-k ateratako ikerketa baten harira, AEK-k Korrikatik kanporatu eta gero

CEN, hitz egiteko prest

CEN patronalak argitu du ez dagoela lan itunen negoziazioa ele bitan egitearen kontra, «betiere bermatuz gero prozesua normaltasunez eta bizkor egiten dela, eta parte hartzaile guztiek proposamenen edukia erabat ulertzen dutela». Arrazoizkotzat jotzen du bitarteko tekniko eta teknologikoak jartzea, eta hizkuntza ez dadila bihurtu ezein aldek parte hartzeko oztopo. Zehaztu du segurtasun juridikoa ere aintzat hartu behar dela. Bestela, Manuel Piquer CENeko presidenteak egoki ikusten du negoziazio kolektiboa «gazteleraz edo euskaraz egitea». 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA