PSE-EEk ez du parte hartuko Korrikan, AEK-k erabaki ondotik CCOOko zuzendaritzak lekukoa ez eramatea

Ane Elordik esan du Errenteriako lan deialdi publikoan gertatu dena «mugarria» izan dela erabakia hartzeko. CCOOk Korrikaren antolatzaileen «betoa» salatu du, eta «apartheid sozialeko estrategia baten» barruan kokatu.

Korrikaren lekukoa, aurreko aldi batean. BERRIA
Korrikaren lekukoa, aurreko aldi batean. BERRIA
Edurne Begiristain- Maite Asensio Lozano
2026ko martxoaren 18a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ane Elordi Korrikako koordinatzaileak gaur goizean jakinarazi du CCOO sindikatuak ez duela lekukorik eramango aurten Korrikan. Azaldu duenez, hizkuntza eskakizunen aurkako kanpainan sindikatu horretako hainbat kide egon izana «mugarria» izan da Korrikaren antolatzaileentzat, eta horregatik erabaki dute sindikatuak lekukorik ez eramatea. AEK-ko Nazio Kontseiluak zehaztu du gero ebatzi dutena izan dela CCOOko zuzendaritzako kideek ez eramatea lekukoa.

Euskadi Irratiko Faktoria saioan izan da Elordi goizean, eta hark azaldu du orain arte harremana izan dutela CCOOrekin, eta Korrikaren hainbat alditan parte hartu izan duela sindikatuak, lekukoa eramanez. Hala ere, Errenteriako (Gipuzkoa) lan deialdi publikoan gertatutakoaren ondoren, bi aldeek bilera egin zuten, eta AEK-koek argi helarazi zieten erabakia: «Ez genituen bateragarri ikusten haien jardunbidea eta Korrika. Horregatik, erabaki genuen ez zutela lekukorik eramango, eta haiek onartu egin dute».

AEK-ko Nazio Kontseiluak ohar bat atera du gero hainbat argibiderekin. Adierazi du astelehen arratsaldean bilera egin zutela CCOOko buruekin. Han esan zieten «zilegitasun eta sinesgarritasun osoa» ematen zietela Argia-k publikatutako informazioei; izan ere, horietan egiaztatu zuten «kanpaina antolatu» bat dagoela hizkuntza eskakizunen kontra, eta CCOOko kideak tartean daudela. «Horietan agertzen denaren arabera, demostratutzat jotzen dugu helegite horien atzean, norbanako batzuen interesen aldeko jardunbidea ez ezik, modu antolatu eta sistematikoan helegiteak hauspotzen dituen talde bat ere badagoela, eta talde horretan badaudela CCOO Euskadi sindikatuarekin zerikusia duten pertsona esanguratsuak», gogora ekarri dute AEK-ko kideek. Jardunbide «antolatu eta sistematiko hori» euskararen ezagutza unibertsalaren aurkakoa dela esan dute: «Hau da, Korrikaren mezuaren aurkako jardunbidea da eta, jakina, AEKren jardunaren aurkakoa ere bai».

Horregatik hartu dute CCOOren jardunari buruzko erabakia. «Bateraezintzat jotzen dugu jardunbide horiek sustatzea edota ontzat ematea, batetik, eta 24. Korrikan CCOO Euskadiko zuzendaritzak lekukoa eramatea bestetik», ebatzi dute. AEK-ko buruen arabera, egunbeteko epea eman zieten CCOOko kideei «kontraesan» horren inguruan jarrera bat hartzeko. «CCOO Euskadik berak adierazi zigun atzo —martxoak 17— ez duela bere burua Korrikan ikusten, eta, hortaz, ez duela parte hartuko euskararen aldeko ekimenean». 

CCOOk lekukoa eramango ez duela jakinarazi eta berehala, PSE-EEk komunikatu bat kaleratu du. Alderdi sozialistak gogor kritikatu du Korrikak CCOO «kanporatu» izana: «Euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da». PSE-EEren ustez, erabaki horrek kolokan jartzen du Korrikaren «izaera askotarikoa eta integratzailea», eta, hizkuntzaren inguruko adostasunak lortzen saiatu beharrean, kontrako bidea hartzen du. Horregatik, jakinarazi dute alderdi sozialistako kargu organikoek ez dutela parte hartuko 24. Korrikako jardueretan, «bazterketa politika» horri eusten bazaio.

CCOOk «jazarpena» arbuiatu du

Hain zuzen, Korrikaren antolatzaileen «betoa» salatu du gaur Santi Martinez CCOOko idazkari nagusiak, eta «apartheid sozialeko estrategia» baten barruan kokatu du. Bilbon egindako agerraldian azaldu duenez, astelehenean AEK-ko ordezkariekin izandako bileran jakinarazi zieten sindikatuko zuzendaritzari «betoa» jarri diola bere kilometroan parte hartzeari dagokionez, euskararen inguruko jarreran izandako desadostasunen ondorioz: «Zuzendaritzari egindako beto hau erakunde osoari egindako beto bat da. Eta, hala ere, gure jendeari dei egiten diogu nahi bezala parte har dezan festa honetan, zorionez aspaldi baitago bere antolatzaileen gainetik».

Era berean, sindikatuaren aurkako «seinalatzea» eta «jazarpena» sustatzen ari direla nabarmendu du, eta, horren adibide, CCOOren egoitzetan agertutako pintaketen irudiez osatutako dosier bat aurkeztu du. «Euskararen etsai, euskarofobo eta supremazista gisa seinalatzen gaituzte, baita espainiar eskirol gisa ere. Seinalatze kanpaina hau, neurri batean, euskal sindikalismotik dator; batez ere sindikatu nagusiak irain eta gezurrez osatutako kanpaina bat sustatu du CCOOren aurka, edozein talde ultrak, xenofobok edo natibistak egingo lukeen bezala».

Babesa Korrikari

ELA sindikatuak ere ohar bat atera du gaiari buruz. Korrikaren jarrera txalotu du. «CCOO sindikatuak euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako jarduna zuritzeko erabili nahi izan du Korrika eta AEK-k erabat koherentea den erabakia hartu du», adierazi du. CCOOk eta PSE-EEk AEKren kontrako kanpaina bat hasi dutela esan du, eta «erabateko babesa» erakutsi nahi izan dio euskalduntze eta alfabetatze sareari. Era beraen, militante guztiei esan die Korrika «inoiz baino gehiago» babesteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA