Hipotekak garestitu egingo dira, azken bi urteetan lehen aldiz

Irango gerrak eta petrolio garestiak eraginda, Euriborrak hiru hamarren egin du gora martxoan. Orain eguneratzen diren hipotekak euro gutxi batzuk garestituko dira, baina apiriletik aurrera asko handituko dira kuotak.

Hipoteka mailegu baten iragarkia, Kutxabanken Bilboko bulego batean. LUIS TEJIDO / EFE
Hipoteka mailegu baten iragarkia, Kutxabanken Bilboko bulego batean. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2026ko martxoaren 30a
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelek eta AEBek Iranen aurka hasitako gerrak beste biktima ez-odoltsu bat izan du: maileguak itzuli behar dituztenak. Eta zehatzago esateko, tasa aldakorreko kredituak dituztenak, hurrengo hilabeteetan diru gehiago ordaindu beharko baitiete bankuei. Halakorik ez zen gertatu 2024ko apirilaz geroztik.

Kate luze baten azken katebegia dira maileguen interesak: Ormuzko itsasartea ia ixtea petrolio eta gas eskasia sortzen ari denez, erregaien prezioa igo egin da; energiaren kostuak ekonomia guztia zipriztintzen duenez, inflazioa handitzen ari da, eta, horri aurre egiteko, interes tasak igotzea aztertzen ari dira banku zentralak; horren harira, finantza erakundeak ere interesak igotzen hasi dira.

Euriborra da interes tasa aldakorrik ezagunena. Martxoan, hamar urterako Euriborrak hiru hamarren egin du gora: otsailean %2,211koa izan zen batez bestekoa —hori da kontuan hartzen den datua—, eta, biharko azken datuaren faltan, martxoan %2,532ra iritsi da. Hiru hamarreneko aldaketa handia da indize horretarako; 2023az geroztik ez zen halakorik izan. Kontuan hartu behar da, adibidez, 2025eko apiriletik aurtengo otsailera arte 0,15eko gorabehera baizik ez duela izan.

Horrek esan nahi du martxoko datuarekin hipoteka edo beste mailegu bat eguneratu behar duenak diru gehiago ordaindu beharko duela interesetan. Joera aldaketa da, azken urtean beti gutxiago ordaindu behar zutelako mailegua eguneratu behar zutenek.

Nola kalkulatzen da euriborra?

Euro Interbank Offered Rate-ren laburtzapena da Euribor, eta EBko hemeretzi banku garrantzitsuenek elkarri dirua zer interesetan uzteko prest dauden azaltzen du. Eskaintzen artean, %15 txikienak eta %15 handienak baztertzen dira, eta gainontzeko %70ekin batezbestekoa egin. Berez, hamabost Euribor daude, dirua uzten duten epearen arabera, baina hipoteketarako normalean urtebeterakoa erabiltzen da. Ekonomiaren egoeraren eta batez ere Europako Banku Zentralaren diru politikaren arabera mugitzen da: interes tasak jaitsiko direla uste bada, bankuek ere beren artekoak apalduko dituzte, eta alderantziz. Espektatiben arabera mugitzen denez, aurrea hartzen die EBZren erabakiei.

Berez, martxoko igoera nahiko apala izango da, iazko martxoan %2,398an kokatu baitzen Euriborra, orain baino 0,15 puntu gehiago. Hau da, gehienentzat euro gutxi batzuk gehiago baizik ez direla izango hileroko kuotan. 25 urterako 150.000 euroko mailegu bat duenak, Euriborra gehi %1eko interesarekin, urtean 132 euro gehiago ordainduko ditu. Igoera are txikiagoa izango da itzuli beharreko mailegua apalagoa bada.

Baina ia gauza ziurra da gauzek okerrera egingo dutela apiriletik aurrera. Izan ere, iaz martxotik apirilera nabarmen apaldu zen (%,2,398tik %2,143ra), eta aurtengo apirilean ez da %3tik hain urruti izango —gaur Euriborra %2,93ra iritsi da dagoeneko—. Hau da, bi apirilen arteko aldea zortzi edo bederatzi hamarrenekoa izateko itxura duela, eta horrek urtean ehunka euro gehiago ordaintzea ekarriko du. Hipoteka gehienetan, urtean behin eguneratzen da ordaindu beharrekoa.

Baliteke %3,25era iristea

Kontuan hartu behar da Europako Banku Zentralak oraindik tasak igo aurretik garestitzen ari dela Euriborra. Duela bi aste izan zuen azken bilera, eta, ordura arteko mezua aldatu zuen arren —Christine Lagardek ez zuen esan banku zentrala «leku onean» zegoela—, itxarotea erabaki zuen, orduan zirudielako gerra motza izango zela eta petrolioaren garestitzea, beraz, tarte laburrekoa.

Baina orain argi ikusten ari da Donald Trumpek ez dakiela nola bukatu gerra, eta, hortaz, petrolioaren merkatua luzeago izango dela estresatua. Gainera, misilek eta droneek kalteak eragin dituzte energia azpiegituretan, eta horrek esan nahi du gerra bukatuta ere haren kalteak luzaroan antzemango direla.

«EBZk apirilean ala ekainean igoko ditu interes tasak; hori da dagoen zalantza. Gauza okertzen bada, apirilean etor liteke lehenengo igoera»

AITOR ARANBURU Ekonomista

Apirilaren 30ean da berriro biltzekoa EBZ, eta orduan interes tasak puntu laurden bat igotzea ez du baztertu Aitor Aranburu ekonomista eta EHUko irakasleak. «Apirilean edo ekainean izango da, hori da dagoen zalantza. Gauza okertzen bada, apirilean etor liteke lehenengo igoera».

Urtean zehar beste bi edo hiru izatea espero du, petrolioaren prezioaren bilakaeraren arabera. Horrela, urte bukaerarako Euriborra %3 eta %3,25 artean egongo litzateke, eta horrek berekin dakar aurten maileguak eguneratu behar dituzten herritar eta enpresa guzti-guztiek gehiago ordaindu beharko dutela.

Aranburuk nabarmendu du Ukrainako gerrarekin berandu erantzun zuela EBZk, eta inflazioa %10era joan zela. «Oraingoan ez dute hainbeste itxarongo», ziurtatu du.

Estanflazio arriskua

Irango gerrak amesgaiztoko egoera bat sorraraz diezaioke banku zentralari: estanflazioa. Hau da, aldi berean inflazio handia eta atzeraldia egotea. Egoera horri aurre egitea zaila da oso, banku zentralak prezioen igoera jaisteko duen tresna nagusiak —interes tasak igotzea eta, hortaz, eskaria gutxitzea— barne produktu gordina are gehiago uzkurtzea eragin baitezake.

%60

 

Tasa aldakorreko hipotekak. 2015. urtera arte, tasa aldakorreko hipoteka maileguak nagusi ziren, baina gaur egun hirutik bat bakarrik dira, eta tasa finkokoak dira ematen diren gehienak. Hala ere, indarrean dauden hamar hipotekatik seitan eragin zuzena du Euriborraren igoerak. Gainera, Euriborra igotzen denean mailegu berrien tasa finkoak handitzen dituzte bankuek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA