Euskal Herrian indarrean zen greba mugagabe luzeena amaitu da. Maderas de Llodioko zerrategiko (Laudio, Araba) langileek bertan behera utzi dute 262 egun iraun duen protesta. Lantegiaren jabe Garnicak eginiko eskaintza onartu dute. Garnicak esan zien azken eskaintza izango zela, eta barne bozketa baten bitartez hartu dute erabakia. Langileek prentsaurreko bat emango dute aste honetan, erabakia azaltzeko.Â
Grebaren arrazoi nagusia Garnicak egin asmo zuen lan erregulazioa zen. Duela bederatzi hilabete, 39 langile kaleratzeko prozesua hasi zuen —151 dira lantegian—, barne antolaketa eta ekoizpen arrazoiak argudiatuta. Langile batzordeak, baina, helegitea jarri zion neurriari, eta EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen ez zegoela halako neurririk hartzeko arrazoirik.Â
Zuzendaritzak egin asmo zituen 39 kaleratzeak eragozteko hasi zuten protesta, besteak beste. Prentsaurreko bat emango dute erabakia azaltzeko Â
Langileek ez dute zehaztu zergatik utzi duten bertan behera greba, baina protesta hasi zutenean bi ziren eskaera nagusiak: erregulazio asmoa indargabetzea eta hasieran kaleratutako langileak berriz ere kontratatzea. Halaber, salatu zutenez, Garnikak bere beste lantegi batzuetara eraman nahi zuen Laudioko ekoizpena. Langileek iragarri duten agerraldi horretan azalduko dute helburu horietako zenbat lortu dituzten.Â
Maderas de Llodio enpresa 1982an sortu zen. Pinu eta okume oholak ekoizten ditu. Ia 40 urteko ibilbidearen ondoren, Garnikak erosi zuen 2018an. Garai hartan, 42.000 metro koadro zur ekoizten zituen urtean, eta 21 milioi euro fakturatu.Â