Ziurgabetasuna da azken urteetan gehien errepikatzen den hitza ekonomian. Geopolitikak nazioarteko merkatuak dardarka dituen honetan, Mondragon taldeko kooperatibek astinduei eusten badakitela erakutsi dute azken urteetan. Iazko zenbakiak dira horren eredu: multzoko enpresa guztien artean 11.322 milioi euro fakturatu zituzten, 2024an baino %1 gehiago, eta 618 milioi euro irabazi, %1,2 gutxiago. Egonkortasun datuak dira, aldaketa txikiak izaten diren garaietakoak, baina badago datu bat oreka hori hautsi duena, eta onerako, gainera: taldeko enpresek 1.346 lanpostu sortu zituzten 2025ean.
«Ekitaldiko datu garrantzitsuenetako bat da enpleguarena; kalitatezko enplegua sortzea gure lehentasunezko helburuetako bat da, eta oso positiboa da 1.300 lanpostu baino gehiago sortu izana», nabarmendu du Pello Rodriguez Mondragon taldeko presidenteak, iazko balantzea egiteko agerraldi publikoan, Arrasateko egoitzan (Gipuzkoa). Aletu duenez, lanpostu horietatik gehienak, 900 inguru, banaketa sektorean izan dira, hau da, Eroskin.Â
Izan ere, joera bat hautsi du enpleguaren hazkunde horrekin. 2024an, 500 lanpostu galdu zituzten kooperatibek;Â 2023an, aldiz, enplegua sortu zen, gutxi izan bazen ere; iaz, berriz, datu horiek irauli egin zituzten, eta, gaur egun, 71.415 langilek dihardute taldean.
«Industrian asko nabaritu zen geopolitika: esaterako, AEBetako muga zergen auzia. Hango bezeroak uzkurtu egin ziren, zenbat ordaindu behar zuten ere ez zekiten eta»
PELLO RODRIGUEZMondragon taldeko presidentea
Rodriguezen iritziko, iazko urtea oso ona izan zen, eredu kooperatiboaren «sendotasunari eta egokitzeko gaitasunari esker». Esan bezala, alde txikia egon zen fakturazioan eta irabazi garbian, baina inbertsioak %7,8 handitu ziren. 406 milioiko inbertsioa egin zuten guztira, eta horietatik 218 milioi ikerketa eta garapenera bideratu zituzten. Azken bost urteei erreparatuta, kooperatibek 1.800 milioi pasatxoren inbertsioak egin dituzte.
Mozkinak 618 milioi euro izan ziren, 2024an baino pixka bat txikiagoak. Rodriguezek, baina, zehaztu du kooperatiba gehienek irabaziak izan zituztela iaz. Datu hori azaltzean, geopolitika hartu du hizpide presidenteak. Aletu du haren eraginez funtsezko zenbait merkatu moteldu egin direla. «AEBetako muga zergen eragina asko nabaritu genuen. Hango bazkideak uzkurtu egin ziren, inork ez zekien-eta zenbat ordaindu behar zen». Gainera, kontuan hartu behar da Ipar Amerika merkatu garrantzitsua dela taldearentzat, esportazioen herenak AEBetara, Mexikora eta Kanadara joaten dira eta.Â

Bide berean, industria sektoreak oso bizkor aldatzen ari direla nabarmendu du Rodriguezek, eta prozesu horren eraginez Txina indarra hartzen ari dela atal askotan.
Industriaren ajeak
Industria aipatu du Rodriguezek, eta, sektorekako galbahea eginda, hark izan ditu taldeko daturik apalenak. 277 enplegu sortu arren —26.975 langilek dihardute industrian—, fakturazioak %1,9 egin zuen behera —4.919 milioi euro—, eta irabazi garbiak %13, 251,5 milioi euroraino.
Autogintzarako osagaiek urte zaila izan zuten, baina azaldu du beste arloek —eraikuntzak, beste sektoreetarako osagaiek, Orbeak...— emaitza ona izan zutela. Haien eskutik inbertsioak handitu zituzten taldean: 219 milioi eurorenak egin zituzten, 2024an baino %9 gehiago.Â
49Â
Gizarte ekarpena, milioi eurotan. Mondragon fundazioak eta kooperatibek 49 milioi euroko gizarte ekarpena egin zuten iaz. Rodriguezek xehatu du hainbat arlotako erakundeetara bideratu zutela dirua: kolektibo zaurgarriekin lan egiten dutenak, kultur elkarteak, kirol taldeak, hezkuntza eta euskalgintzakoak... Horien artean bat nabarmendu du: Arizmendiarreta Social Think Tank sortu izana. Eredu kooperatiboaren gakoak irakasteko zentro bat da.
Banaketari dagokionez, Eroskik jada argitaratutako datuak aztertu ditu: 6.403 milioi euroko fakturazioa, eta 62,1 milioiko mozkina. Datu hori, baina, kooperatibak bere zorra berregituratzeko eginiko ahaleginak baldintzatu zuen. Rodriguezen ustez, «sendotasun eta hazkunde etapa indartzen ari da» Eroskin, eta, zorraren birfinantzaketari esker, patxada handiagoz begiratu diezaioke etorkizunari.Â
Ikusi gehiago
Jakina da garai oparoak izaten ari direla bankuentzat, eta finantza arloak «urte bikaina» izan zuela goratu du presidenteak, hala Laboral Kutxarentzat, nola Lagun Arorentzat. Kreditu kooperatibak 305 milioi euroko irabazia lortu zuen, eta, gaur egun, 33.913 milioi euroren baliabideak ditu. Aseguru etxeak, berriz, %6,78ko errentagarritasuna lortu zuen bere inbertsioekin, eta 7.817 milioiko ondarea du.
Enpresa kopuruaren bilakaerari dagokionez, Mondragon taldeak hazkundeari eutsi zion. Iaz hiru enpresa abiatu zituzten: Orbik industriarako zibersegurtasun konpainia; Amets Power Electronics, energian eta industrian txertaturiko elektronikaren arlokoa; eta Innkia, enpresentzat adimen artifizialean oinarrituriko soluzioak eskaintzen dituena. Orbiken kasuan sakondu du Rodriguezek: gaur egun 50 langile ditu, eta hazkunde handia espero du. Umorea ere atera du hura deskribatzean, start-up kooperatibo bat dela esan baitu; «alegia, ez dagoela salgai»
2026: industria, burua altxatzen
Iazko datuen ondoren, aurtengo urte hasieraren nondik norakoak ere aletu ditu Rodriguezek. Oraingoz, lehen lau hilabeteetako emaitzak ditu, eta bilakaera «positiboa» da oraindik ere. Iazko epe berarekin alderatuta, salmentak %2,5 handitu dira, eta lanpostu kopuruan igoera txiki bat egon da. Hala ere, ekitaldi osorako hazkunde aurreikuspenak ez dira apartekoak, batez ere «munduko zenbait gatazka luzatzen ari direlako».Â
Sektoreka aztertuta, Rodriguezek kontatu du industriak bere ibilbidea zuzendu duela aurten, eta urteko lehen lau hilabeteetan %1,7 hazi dela. Urteko hazkunde aurreikuspena %3koa da, baina zuhurtziaz eman du datu hori. Banaketan, berriz, hazkundea %3,4koa izan da. Azaldu du bi sektore horietan «ahalegin erraldoia» egiten ari direla inflazioaren eragina azken preziora ez eramateko, baina aitortu du Ormuzeko krisia asko luzatzen bada ez dakiela horri eutsi ahal izango dioten. Lanpostu sorrerari dagokionez, aurten 1.009 enplegu sortzea da helburua.Â
«Hithium Txinako bateria konpainiarekin hitz egin genuen. Baina haren nahiak eta gure helburuak ez zetozen bat. Gu ez gara inbertsio funts bat»PELLO RODRIGUEZ
 Mondragon Taldeko presidentea
'Txina plana'
Aurtengorako asmo berezien artean, Txina plana delakoa azaldu du. Taldeko zenbait buruzagi urtarrilean izan ziren Txinan, eta ekainean itzultzekoak dira, hango teknologia zentroekin harremanetan sartzeko. Mondragonek argi du ezin diotela ez ikusi egin Txinak duen eraginari. «Kasu batzuetan protekzionismorantz jo beharko dugu, eta beste batzuetan, aliantzak lortzen saiatu», laburbildu du.
Kasu bakoitza adibidez hornitu du. Aliantzari dagokionez, azaldu du Fagor Ederlanek planta bat eraiki duela Aragoin (Espainia), Leapmotor autoentzako piezak ekoizteko. Bertan, Txinako Duoli Tchnology enpresa du bazkide. Halaber, gaineratu du halakoak ez direla beti posible, eta aitortu du Hithium bateria konpainiarekin harremanetan egon zirela Euskal Herrira eskutik etortzeko. «Haien helburuak eta gure asmoak ez zetozen bat. Gu ez gara inbertsio funts bat», zehaztu du.Â
Protekzionismoaz hitz egitean, berriz, azaldu du eragin ahalmena Europak duela, eta hari dagokiola neurriak hartzea. Errieta ere egin dio, motela delako erabakiak hartzen eta indarrean jartzen. Adibide bat jarri du: «Txinako pneumatiko enpresa batek planta ireki zuen Marokon. Ekoizpena Txinan egiten zuen, eta Marokotik saltzen zuen Europara. Haren jardunak min handia egin zion Mapsa Iruñeko gure kooperatibari. Salaketa egin zen, baina, haren jarduna debekatzerako, bi urte pasatu ziren. Pentsa zer diren bi urte horrelako enpresa batentzat».