Aurretik ere Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria kontseilaria «oso kezkatuta» azaldu da Espainiako Gobernuaren inbertsio asmoekin, eta ideia hori baieztatu du gaur Nafarroako Parlamentuan. Egungo industria proiektuen argindar beharrak bermatuta egongo direla nabarmendu arren, gogor kritikatu du Nafarroa industria lurralde bat izanda Madrilen «megawatt eskean» ate joka ibili behar izatea.
Gaur bertan argitaratu du Espainiako Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Ministerioak argindarraren banaketa sareari begirako inbertsio planaren zirriborroa, eta haren aurkako alegazioak aurkeztu dituztela baieztatu du Irujok parlamentuan, Zurekin Nafarroako Miguel Garridok egindako galderari erantzunez. Argindarraren banaketa eta garraio sarea indartzeko 13.590 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du planak, baina, Irujoren arabera, Nafarroan soilik 160 milioi euro inbertituko dira. «Ez da inondik ere nahikoa», gaitzetsi du.
«Argi eta garbi utzi nahi dugu Nafarroak ahalmen elektrikoa duela bere industriarentzat», azpimarratu du. Haren esanetan, sektorearen deskarbonizazioari begira «ez dago industria proiektu bakar bat ere arriskuan». Hala, ministerioaren planifikazio horrek bermatu egingo du Nafarroa osoan goi tentsioko lineek «nahikoa argindar» garraiatzea, eta hor barruan sartuko dira «etorkizuneko proiektu intentsiboak». Nafarroan energia berriztagarrien bidez orotara hiru gigawatt argindar sortzeko proiektuak daude abian, eta, Irujoren arabera, proiektatutako inbertsioek argindar hori guztia garraiatzeko modua emango dute. «Horrek esan nahi du argindarra garraiatzeko gai izango garela, baita esportatzeko ere».
Abenduaren 16ra arte
Dena den, kontseilariaren hitzetan, ministerioak ez ditu aintzat hartu Nafarroako Gobernuaren hainbat eskakizun. La Sernatik datorren linea zabaltzeko eskatu zioten, adibidez, enpresa proiektuak garatu ahal izateko, eta Orkoiengo azpiestazioa handitzea galdegin zioten. «Ez dute aintzat hartu». Gainera, ministerioaren planak industria proiektuak lehenetsiko baditu ere, 12 gigawatteko potentzia ahalbidetu du datu zentroetarako. «Bakar bat ere ez da aurreikusi Nafarroarako». Hainbat egitasmo daude abian egun, batik bat Erriberan.
Irujoren arabera, planifikazioa «alde bakarrekoa» da. Erkidegoek abenduaren 16ra arteko epea dute alegazioak aurkezteko, eta Nafarroa bereak prestatzen ibili da azken asteetan. Dena den, eredua bera gaitzetsi du. «Gu industria lurraldea gara, eta ezin dugu ibili alde bakarreko prozedura baten menpe. Ezin liteke Madrilen erreguka ibili behar izatea».
Hego Euskal Herriko argindarraren banaketaren sarea lepo dago —Nafarroan bere ahalmenaren %94 inguruan dago, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, estuago, %99an—. Horregatik, aspaldi ari zen kexuka Jaurlaritza, eta 6.000 megawatt handitzeko eskaera egin zuen Eusko Jaurlaritzak, elektrizitate gehiago nahi eta jaso ezinik dabiltzan 117 industrien eskaera betetzeko. 4.800 megawatt eskuratu ditu: besteak beste, 2030erako beste lau azpiestazio eraikiko dituzte, eta beste biren gaitasuna handituko dute.