Urrats bat egin izanaren irudipenarekin itzuli zen Madrildik Euskal Herrira herenegun Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua, argindar potentzia 4.800 megawatt handitzeko promesarekin. Gaur izan da Mikel Irujo Nafarroako Industria kontseilariaren txanda, baina ez da batere gustura atera Joan Groizard Espainiako Energia estatu idazkariarekin egindako bileratik. «Oso kezkatuta» dago, Madrilek ez dituelako bere eskaerak bete eta, hortaz, auzitan ikusten duelako etorkizuneko industria proiektu handiak erakartzeko gaitasuna.
Hego Euskal Herriko argindar banaketaren sarea lepo dago, eta Espainiako Gobernuak 13.590 milioi euroko inbertsio bat agindu du bere menpeko sareen kapazitatea handitzeko. Aspaldi ari da kexuka Jaurlaritza, eta eskaerak mahai gainean garbi zituela joan zen Jauregi Madrilera: 6.000 megawatt handitu nahi zuen EAEko argindar sarearen potentzia, elektrizitate gehiago nahi eta jaso ezinik dabiltzan 117 industrien eskaera betetzeko. 4.800 megawatt eskuratu zituen, eta gainontzekoak aztertzeko promesa bat. Espainiako Gobernuaren asmoak betez gero, 2030erako beste lau azpiestazio eraikiko dituzte, eta beste bitan handituko dute gaitasuna.
Nafarroako Gobernuak, berriz, ez du jakinarazi zenbat handitu nahi duen kapazitatea, nahiz eta hark ere arazo bati aurre egin behar dion: Iberdrolaren arabera, sarearen %94 ez dago argindar gehiago banatzeko moduan. Groizardekin bildu ondoren, Irujok ez du kantitaterik eman nahi izan, baina argi utzi du eskatutakoaren azpitik dagoela lortutakoa. «Oso kezkatuta gaude [...] Etorkizunean izan dezakegun gaitasun elektrikoak etorkizuneko inbertsioei eragin diezaioke: erakargarriak izateko, erakutsi behar dugu gai izango garela kontsumo handiko industria proiektuak onartzeko». Beste hitz batzuetan: lortutakoarekin zaila izango dela industria berriek edo datu zentroek eskatzen duten elektrizitatea bermatzea.
Sorkuntzarekin, arazorik ez
Baina bada diferentzia handi bat EAEren eta Nafarroaren artean: EAE argindar kontsumitzaile handia da, eta Nafarroak, berriz, kontsumitzen duen baino gehiago ekoizten du.
Beste euskal lurraldeetan ez bezala, Nafarroan parke eolikoek eta fotovoltaikoak erruz ugaritu dira azken urteetan, eta aurrera doaz gehiago eraikitzeko prozesuak. Horiek sortzen duten argindarra sareratu ahal izateko gaitasunak ere muga batzuk baditu, baina gaurko bileran kapazitate hori handitu egingo dela esan dio Groizardek Irujori. «Horrekin gustura gaude: 2.900 megawatt sortu ahal izango ditugu. 2028tik aurrera baimenduta daude, eta erabat berriztagarria den energia hori banatu ahal izango dugu».
Argindar konpainiek berriz ere Ree-ri leporatu diote itzalaldia
Apirilaren 28ko itzalaldi handiaren «erantzule bakarra» REE Red Electrica Española dela uste dute argindar konpainia handiek. Hori berretsi zuen atzo Marta Castro konpainia horiek biltzen dituen AELEC elkarteko ordezkariak, itzalaldiaren nondik norakoei buruzko Senatuko batzordean. Castroren aburuz, REEk ez zuen behar bezala aurreikusi egun hura, eta «ez zeukan nahikoa energia sinkrono akoplatuta sistemara». AELECeko ordezkariaren arabera, egun hartan bere bazkideen zentral guztiek «normal-normal» funtzionatu zuten, eta, haren ustez, «Badajozko, Cuencako edo Sevillako zentral batean deskonexioa gertatzea ezin da izan argindar sistemaren itzalaldirako motibo».