Nafarroak estatuari ordaindutako ekarpena %72 handitu da azken hamarkadan

Nafarroako eta Espainiako gobernuek ez dute oraindik ofizialki hasi 2025-2028ko eperako ekarpenaren inguruko negoziaziorik. Lehen urteko zenbatekoa finkatzeko oinarri den estatuko aurrekonturik ez dago, eta Madrilek ez ditu itxi iazko kontuak.

Jose Luis Arasti Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria. JESUS DIGES / EFE
Jose Luis Arasti Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2026ko apirilaren 1a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bere gain hartu gabeko eskumenen truke Nafarroak Espainiari urtero ordaintzen dion faktura nabarmen handitu da azken hamarkadan. Zehazki, 2016tik hona %72 handitu da, 541 milioi eurotik aurtengo aurrekontuetan kalkulaturiko 932 milioi euroraino. Bi administrazioek itxiak dituzten 2024ko kontuak aintzat harturik, jauzia ez da hainbestekoa, baina handia handia da hala ere: 2016tik 2024ra bitartean %52 handitu zen.

Berez, 2013tik 2021era arteko epean, Nafarroak estatuari ordaindutako ekarpenaren bilakaera nahiko egonkorra izan zen: bederatzi urtez, batez beste 551 milioi euro ordaindu zizkion Nafarroak estatuari. Haatik, 2022tik aurrera jauzi handia egin du ekarpenak, eta azken lau urteetan ez da 832 miloi eurotik jaitsi.

Kontabilitate arloko doikuntzak gehituz gero, ekarpen garbia ez da hainbeste handitu, baina azpimarragarria da hala ere: 2024ko azken datu ofiziala kontuan harturik, ekarpen garbia 698 milioi eurokoa izan zen, 2016an baino 172 milioi euro gehiagokoa (+%33).

1.363

Herritar bakoitzak zenbat ordaintzen duen. Aurten nafar bakoitzak 1.363 euro ordainduko ditu estatuaren gastuak finantzatzeko (monarkia, polizien soldatak, portu eta aireportuak, defentsa, zorraren interesak...). 

Igoera hori azaltzeko orduan, zerikusi zuzena izan du azken bost urteetako testuinguru geopolitiko bereziak. 2022tik aurrera pandemiak eta batik bat Ukrainako gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko Espainiak aurrekontuak handitu izanak ere isla izan du ekarpenean, esfortzu horren guztiaren %1,6 ordaintzea baitagokio Nafarroari. Hala dago zehaztuta Hitzarmen Ekonomikoan. 

Ekarpenaren zenbatekoa bost urtean behin negoziatzen dute bi gobernuek, Hitzarmen Ekonomikoari lotutako koordinazio batzordean. Aurreko bost urteko aldia 2020tik 2024ra artekoa izan zen, eta orain 2025etik 2028rako aldia dago indarrean. Haatik, bi aldeek ez dute negoziaziorik hasi ere egin 2025eko ekarpenaren zenbatekoa behin betiko finkatzeko.

Negoziazioak hasi gabe

Oinarri horren gainean zehazten dira gainerako urteetako zenbatekoak, eta horrek esan nahi du orain aurrekontuetan ekarpenaren kopuruan jasotako datuak ez direla errealak. Guztia adosten denean, saldoa itxi beharko dute: Madrili gehiegi ordaindu bazaio, hark diferentzia itzuli beharko dio Iruñeari, eta alderantziz.

Hamabost hilabete iragan dira aldi berria martxan jarri denetik, baina ez Nafarroako Gobernua ezta Espainiako Gobernua ere ez daude urduri. Bi gobernuetako Ogasun Sailak alderdi sozialistaren esku daude, eta haren ordezkariek lasaitasun mezua zabaldu dute. Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariari galdetzen dioten bakoitzean, erantzuten du bien arteko harremana ona dela, eta komunikazioa iraunkorra. Kazetarien jakin-minari ihes egiteko beste erantzun klasiko bat zera da, diskrezioa behar dutela azken akordioa lortu arte. 

2022ko abenduaren 2an lortu zuten akordioa aurrekoan, bosg urteko epearen barruan hirugarren urte amaieran, alegia. Maria Txibite lehendakaria eta Maria Jesus Montero orduko Ekonomia eta Ogasaun ministroa. NAFARROAKO GOBERNUAk UTZITAKO ARGAZKIA.

2022ko abenduaren 2an lortu zuten akordioa aurrekoan, bost urteko epearen barruko hirugarren urtearen amaieran, alegia. Maria Txibite lehendakaria eta Maria Jesus Montero orduko Ekonomia eta Ogasun ministroa. NAFARROAKO GOBERNUA

Ekarpenaren kalkuluari begira, funtsezkoa da jakitea Espainiako Gobernuak 2025ean zertan gastatu eta inbertitu zuen, eta lupaz aztertzea bi administrazioek zer alor partekatu ditzaketen. Horregatik, aurrekontuak baino garrantzitsuagoa gerta daiteke kontuak esku artean izatea, baina Madrilek oraindik ez ditu itxi. Normalean udarako aurkeztu ohi dizkio Espainiako Kontu Auzitegiari, eta Kontu Hartzailetza Nagusiak udazkenean argitaratu ohi du bere txostena.

Dena den, ondorengo hamabi hilabeteetan negoziazioak hasi eta akordioa lortu ezean, baliteke hurrengo legealdiko gobernuen eskuetan geratzea auzia, eta ikusi beharko da nor dagoen agintzen bi gobernuetan. Izan ere, datorren urteko udaberrian, hauteskundeetan murgildurik egongo dira Nafarroa eta Espainia. Betiere Pedro Sanchezek lehenago botoi gorria sakatu eta bozak aurreratzen ez baditu.

 «Lehen urteko ekarpena ixteko negoziazioek luze jo ohi dute, eta akordioa bost urte horien amaiera aldera iritsi ohi da», esan zuen iragan urtean Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak, lasaitasuna eman nahirik. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak asko dakite atzerapenei buruz. Gasteizko gobernuak, kasurako, 2007tik aurrera hamar urte pasatu zituen kupoaren inguruan Madrilekin gatazkan. Gerorako irakaspena utzi zien Hegoaldeko gobernuei: gatazkak oso luze jo dezake bi aldeen artean sintoniarik ez badago.

Zorraren auzia

Negoziazioetan aintzat hartu beharreko auzietako bat zorraren interes tasen ingurukoa da. Uxue Barkosen gobernuak 2018an egindako azterketa baten arabera, nafarrek ordaindutako ekarpenaren %28,2 Espainiako zorraren amortizaziorako erabiltzen zen. Datu hori ez da gaurkotu geroztik, baina agerian uzten du zorrak pisu handia duela.

Iragan hamarkadako finantza krisiaren ondotik erregimen komuneko erkidegoei emandako laguntzen ondorioz, nabarmen igo zen Espainiako zorra. Iaz, zor hori bere gain hartzeko proposamena egin zien Madrilgo gobernuak erkidegoei eta guztiek ontzat jo dute: 83.252 milioi euro guztira. Zor kitapen horrek eragiten ez dienez, Hego Euskal Herriko bi gobernuek konpentsazioak eskatu dituzte. Madrilek ekarpena eta kupoa murrizteko konpromisoa agertu du. Ondorioz, negoziazioan aintzat hartu beharko da murrizketa hori.

Edonola ere, altxortegia oso egoera onean duela ekingo dio elkarrizketari Nafarroako Gobernuak. 2024an 272 milioi euroko superabitarekin amaitu zuen urtea, eta berriki bi gobernuek hitzartu dute soberakin hori inbertsioetarako erabil dezakeela datozen bi urteetan. Nafarroak zor publikoa %13tik oso behera duenez (%9,4), Madrilek begi onez ikusten du zorra amortizatu ordez inbertsiorako erabiltzea. Orain non inbertitu negoziatzen ari dira gobernuko bazkideak eta EH Bildu. Era berean, iaz are datu hobea lortu zuen Nafarroako Gobernuak: 575 milioi euroko superabita. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA