Espainiako Gobernuak Irango gerraren ondorioei aurre egiteko hartutako neurri nagusiak bere egin ditu Nafarroakoak, eta zerga harmonizaziorako foru dekretua onartu du goizean Gobernu Kontseiluak. Zerga arloko lehen neurri sorta horren ondorioz, 37 milioi euro biltzeari utziko dio ogasunak ekainaren 30era bitarte. Horri gehitzen bazaizkio Nafarroan indarrean diren ibilgailu elektrikoen laguntzak eta Madrilek onartutako erregai profesionaleko laguntzak, orotara 67 milioi euro jarriko ditu Irango gerraren ondorioei aurre egiteko.
Lehenik eta behin, erregaiaren, gasaren eta argindarraren balio erantsiaren zerga %21etik %10era jaitsiko da, eta epe horretan ogasunak 9,3 milioi euro biltzeari utziko diola kalkulatzen dute. Argindar ekoizpenaren gaineko zerga —enpresek ordaintzen dutena— %10 jaitsiko da lehen hiruhilekoan, eta bigarrenean kendu egingo dute —8,4 milioi euroko kostua izango du—. Argindarraren gaineko zerga, berriz, %5,1etik %0,5era jaitsiko dute, eta 6,5 milioi biltzeari utziko dio ogasunak —kontsumitzaileek ordaintzen dute hori—.
Erregaien gaineko zerga ere jaitsi egingo da, eta hamahiru milioi euro aurreztuko dituzte erabiltzaileek —11,4 zentimo gasolina litroko; 4,9 zentimo gasolio litroko; eta 7,6 zentimo B motako gasolio litroko—.
Neurri horiek guztiak ekainaren 30era arte egongo dira indarrean.
Horrez gain, Espainiako Gobernuak laborariei eta garraiolariei onartutako laguntzak kudeatu beharko ditu Nafarroako Gobernuak, eta horrek hamar milioi euroko kostua izango du ogasunarentzat, lehen kalkuluen arabera.
Madrilgo ispiluari gauza gehiagotan erreparatu dio Nafarroak. Izan ere, Espainiako Gobernuak bere dekretuan ibilgailu elektrikoentzako eta horien azpiegituretarako laguntzak iragarri zituen, eta, Nafarroan gerra aurretik jada indarrean bazeuden ere, gobernuak babes neurrien artean zerrendatu ditu.
Lehen kolpean, beraz, Nafarroak ez du zerga autonomia baliatu bestelako neurriak aplikatzeko, eta, funtsean, Espainian jada onartu diren neurriak aplikatu ditu. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, krisiari aurre egiteko neurri sorta oso bat xehatu zuen martxoaren erdialdean.
Datorren astean, lehen hiruhilekoko BEZ eta errenta zergen zordunei zergok ordaintzeko epeak atzeratuko dizkiete.
Aurki, neurri gehiago
Martxoaren 18an, gerraren ondorioei aurre egiteko bilkura egin zuen gobernuak Nafarroako gizarte eta ekonomia arloko eragileekin. Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren arabera, beste foru dekretu bat lantzen ari dira. «Hainbat neurri prest ditugu, baina astelehenean hainbat sektorek eta eragilek proposamenak helarazi dizkigute. Nahiago izan dugu itxaron haien edukia aztertu arte».
Arastik gaineratu du estrategia oso bat dutela eta lehen neurriak ez direla luzera begira diseinatu. Haren esanetan, gatazkari erne begira daude, eta haren bilakaeraren arabera neurri gehiago hartzeko prest egongo dira. «Orain aurkeztutako neurriak oso teknikoak dira, kirurgikoak. Batik bat baliagarriak dira enpresak, autonomoak eta sendiak babesteko», aipatu du.