Munduko ekonomiak ongi eutsi dio Donald Trumpek muga zergen bitartez nazioarteko merkataritzari emandako kolpeari, eta aurten ere bide horretatik joango dela uste du Nazioarteko Diru Funtsak. Baina ohartarazi du hazkundearen motorretako bat, adimen artifiziala garatzeko AEBetan egiten ari diren inbertsioak, ahulgune bat ere izan daitezkeela. Izan ere, AAn egindako inbertsioek fruitua ematen ez badute —produktibitatea handituz, esaterako—, «merkatuen zuzenketa» gerta daiteke, Pierre Olivier Gourinchas NDFko ekonomista buruak ohartarazi duenez. Hau da, ez dela baztertu behar burtsak amiltzea eta horrekin krisi baten sortzea.
NDF ez da AAren inguruko burbuila baten arriskuaz ohartarazi duen lehen erakundea, baina datu interesgarri bat eman du bere kezka azaltzeko: 2021ean, AEBetako enpresa teknologikoek burtsan zuten balioa herrialde hartako BPGaren %136 zen, eta iaz, berriz, %226 izan zen. Hau da, inbertsioen oso zati handia sektore bakar batean kontzentratzeak badituela bere arriskuak.
Inbertsio horiek bultzaturik, AEBetako ekonomia %2,4 haziko da aurten, beste herrialde garatu gehienena baino gehiago. Alemania, esaterako, %1,1 baizik ez. Txina, berriz, %4,5 haztekoa da, 2025ean baino gutxiago (%5), baina urrian iragarritakoa baino hiru hamarren gehiago.
Banku zentralen independentzia
NDFren beste kezka nagusia ere AEBetatik dator. Edo, zehatzago esateko, Trumpek Erreserba Federala nahierara kontrolatzeko duen asmoari lotua dago. Jerome Powell Fed-eko oraingo buruaren aurkako ikerketa ireki zuen joan den astean Trumpek, eta bere esaneko hautagai baten bila dabil. Hori ikusirik, banku zentralen independentzia defendatu du Gourinchasek. «Funtsezko ezaugarria da, eta azken berrogei urteotako ikasgai garrantzitsuenetako bat».