Nazioarteko egoera ezegonkorra da garaiotan, eta horrek etengabe aldarazten ditu euskal industriaren kontrolpean ez dauden zenbait elementu: horregatik, ezinbestekoa da haren esku daudenetan zentratzea, etorkizuneko erronkek mehatxu egin ez diezaioten bertako industriaren eta enpresen lehiakortasunari: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren argazki orokor hori egin du Deustuko Unibertsitateko Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak bere azken txostenean. Iaz eginikoan industria nazioartera ireki beharra azpimarratu zuen, aurtengoaren muina «ezagutzaren transferentzia» izan da. Hau da, enpresak etorkizunean ere lehiakorrak izan daitezen, ikerketa eta berrikuntza nola erabiltzen duten eta merkatuetan eta enpresetan nola txertatzen duten aztertzea.
Txostenaren aurkezpenean, Ivan Marten Orkestrako presidenteak azpimarratu du ezagutzaren eta teknologiaren transferentziarik gabe ez dagoela «industria eraldatzerik», ezta hurrengo urteetako erronkei aurre egiterik ere. Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua ere aurkezpenean izan da, eta bat egin du Martenek esandakoarekin: «Ezegonkortasunari aurre egiteko bermerik onena berrikuntzaren alde egitea da». Horren harira, adierazi du txostenak frogatzen duela berrikuntzan «lider» izateko euskal industriako eragileek lehiakide izateari utzi behar diotela, eta elkarlanean hasi.
«Teknologiaren eta ezagutzaren transferentziarik gabe ez dago industria eraldatzerik, eta, industria eraldatu gabe, ezingo zaie datozen urteetako erronkei aurre egin»
IVAN MARTEN Orkestrako presidentea
Orkestraren esanetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresetan hau da panorama: sistema indartsua eta integrala da, nazioartean harreman zabal ditu, eta, bertan inbertitzen denarekin, aurreikusi baino emaitza hobeak lortzen ditu. Horren erakusle, lehiakortasunaren eta ongizatearen «egoera ona» nabarmendu ditu.
Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko biztanleko BPG barne produktu gordina 48.304 eurokoa izan zen iaz, Europako Batasuneko herrialdeetako biztanleen batezbestekoa baino %15,8 handiagoa. Orkestraren arabera, ordea, azken urteetako lurraldearen hazkunde ekonomikoaren oinarrian enplegua dago, eta ez produktibitatea: izan ere, lan egindako ordu bakoitzeko barne produktu gordina 49 euro zen 2023an —63 euro Alemanian, %22 handiagoa—.
Orkestrak uste du are arreta handiagoa ipini behar zaiola ekonomiaren arloko nazioartekotzeari —Espainiatik kanpoko harremanei—, esportazioek indarra galdu baitute azken urteetan: 2023an EAEko barne produktu gordinaren %35,1 ziren, eta 2025ean, berriz, %28,8 izan dira; beherakada izan da, beraz, nahiz eta aurten emaitzei buelta ematen ari diren. Halere, azpimarratu du erdi eta goi mailako teknologia produktuen esportazioak bere hartan mantendu direla epe berean.
%2,1
EAEko BPGaren zer ehuneko hartzen zuten I+G jarduerek 2024an. Azken hamarkadan hazkunde apala izan du ikerketa eta garapenean (I+G) EAEko erakunde publikoek eta enpresek egindako inbertsioak: %2aren bueltan egon da. Orkestraren arabera, %2,1 izan zen 2024an, Europako Batasuneko herrialdeen batezbestekoaren (%2,2) pare. EBk, baina, %3 bideratzea gomendatzen du. EAEn, guztira, 2.114 milioi euro izan ziren 2024an. Kopuru horren %56 enpresek jarri zuten, %20 zentro teknologikoek, %17 unibertsitateek eta %7 administrazio publikoek.
Enpresa txikien rola
Txostenak dakarren ondoriorik garrantzitsuena zera da: EAEko industriaren egoera ona da, baina hurrengo urteetako erronkei begira, berrikuntzak, inbertsioak eta jakintzak ahalik eta enpresa gehienetara heldu behar dute, batez ere txikietara. Izan ere, institutuak azpimarratu duenez, elkarlanean eta berrikuntzan arrakala handia dago enpresa ertain eta txikien artean: ertainak nazioartean eta lurraldean bertan ongi kokatuta daude; bigarrenak, aldiz, ez. Alegia, erronka ez da jakintza eta berrikuntza gehiago ekoiztea, baizik eta ekoizten den hori enpresa guztietara heltzea.
Izan ere, hiru lurraldeetako enpresa ertain eta txikiak talde edo konpainia handien oso menpekoak dira alor horretan. Txostenean ageri diren datuen arabera, enpresa berritzaileen %42 elkarlanean aritzen dira; beren kabuz berrikuntza lantzen duten enpresa txikiak, ordea, lautik bat baino ez dira (%24). Garrantzia eman diote datu horri, are gehiago enpresek merkatuan berrikuntza horiek txertatzeko orduan: hori egiten dute elkarlanean aritzen diren hamar enpresatatik bederatzik, baina batera aritzen ez direnen artean, bitik bat baino ez.
Enpresa txikien elkarlana eta berrikuntza sustatzeko gabezia hori teknologia berrien erabilera eskasarekin lotu du Orkestrak; esate baterako, adimen artifizialaren erabilerarekin —enpresen %12,3k erabiltzen zuten 2024an—. Horri aurre egiteko, institutuak eredu gisa aipatu ditu ekonomiari buruzko hizkuntzan txapeldun ezkutuak deitzen zaien konpainiak: hau da, oso ezagunak izan ez arren beren merkatuetan itzal handikoak diren horiek.
53 txapeldun ezkutu identifikatu ditu Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian —Tubacex, Vicinay eta Bellota, besteak beste—, eta haien berrikuntza metodoak azpimarratu ditu Orkestrak, hainbatek egunerokoan ekoizten baitute berrikuntza inbertsio handirik egin gabe; beste hainbatek, berriz, estrategia landuekin eta inbertsio handiekin ekoizten dute epe ertainera zein luzera begira. Institutuaren aburuz, bi metodo horiek nahastea da gakoa.
Sortu, hazi eta errotu
Enpresak sortzeko gaitasunean ez du arazorik EAEko ekonomiak, Orkestraren arabera; bai, ordea, enpresa horiek inbertsioa eta finantzaketa erakartzeko duten gaitasunean. Hori ondorioztatu du lurraldeko enpresek beren eskalak handitzeko zailtasun ugari dituztela iritzita: spin off deiturikoek —beste enpresa batetik edo ikerketa jardueretatik eratorritako enpresek— 4,6 milioi euro erakartzen dituzte EAEn, eta 6,1 milioi EBn.
129
Zenbat spin off sortu dituzten EAEn 2010 eta 2025 artean. Beste enpresa batetik edo ikerketa jardueretatik eratorritako enpresak dira, eta, milioi bat biztanleko, Europako Batasuneko batezbestekoa halako hiru sortu dituzte Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian azken hamabost urteetan.
Enpresa horietan eginiko inbertsioa handitzeaz gain, Orkestrak dio proiektu horien kalitatezkoak izatea eta hazteko anbizioa izatea bermatu behar dela, sortu berriak diren enpresak lurraldean bertan hazi eta errotu daitezen. Horretarako, uste du euskal industriaren ekosistemaren indarguneak ez direla kontzentratu behar soilik enpresa handietan eta ertainetan, baita txikietan ere, haien rola indartzeko.