Pentsiodunek Pradalesengana jo dute zuzenean

Herri ekinaldi legegileak huts egin ondoren, pentsioen osagarri bat sortzeko eskaera formal bat egin diote Eusko Jaurlaritzako lehendakariari.

Pentsiodunen mugimenduko ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzara sartzen. RAUL BOGAJO / FOKU
Pentsiodunen mugimenduko ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzara sartzen. RAUL BOGAJO / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko maiatzaren 11
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pentsiodunek ez dute amore eman nahi. Ostiralean manifestazioa egin zuten Gasteizen, eta gaur, Arabako hiriburuan bertan, Plaza Berritik Lehendakaritzako bidea egin dute. Han, pentsiorik apalenak Espainiako SMI gutxieneko soldatarekin parekatzeko eskaera formal bat erregistratu dute.

Aldarrikapen hori HEL herri ekinaldi legegile baten bitartez eraman zuen iaz Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, baina irailean atea itxi zioten Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, eta Voxek. «Mespretxatuta» sentitu ziren pentsiodunak, eta gogorarazi dute «sindikatuen eta gizartearen babes handiena» ez ezik, 145.142 herritarren sinadura jaso zituela. 

Baina EHPMk uste du haien eskaeraren bidea ez dagoela erabat agortuta, eta 10/2016 legea hartu dute helduleku. Izan ere, lege horrek esaten du atzera botatako HEL bat eskaera gisa aurkez daitekeela. «Pertsonok, banaka edo taldeka, bi baldintzarekin balia dezakegu eskubide hori; eskaera eskumenak dituenari egin behar zaio, eta ez dago aurkezteko prozedura espezifikorik».

Pentsio txikiak igotzeko beharra inoiz baino handiagoa dela nabarmendu dute pentsiodunek, «gerra inperialistek areagotuta», bizitzaren kostua «izugarri» igo baita. «Erosketa saskiko oinarrizko produktuak, hala nola olioa, arrautzak, frutak eta barazkiak, %40 baino gehiago garestitu dira. Argia, gasa, etxebizitza eta menpekotasuna ere ikaragarri garestitu dira».

Emakumeak, okerrago

Pentsio txikien zati handi bat emakumeek jasotzen dituztela gogorarazi du EHPMk, «funtsean, lan diskriminazioagatik eta administrazio publikoek bete ez zituzten zaintza lanetan aritzeagatik». Halaber, salatu egin du DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez pentsiodunek jasotzen duten osagarria ez dela nahikoa, emakume askok ez dutela halakorik jasotzen, senarrarekin batera bizikidetza unitate batean integratuta daudelako eta horrek laguntzarik ez eskuratzea ekartzen duelako. 

Hori dela eta, Jaurlaritzari hiru eskaera egin dizkio pentsiodunen mugimenduak. Batetik, eskatu diote pentsio txikienei osagarri bat emateko SMIarekin parekatzeko —1.221 euro gordin, hamalau saritan—; bigarrenik, laguntzak ofizioz aplikatzeko, batez ere 80 urtetik gorakoei; eta, azkenik, emakumeak pertsona bakarreko unitate ekonomiko gisa hartzeko, haien pentsioa DBSEaren bitartez osatu ahal izateko.

«Gobernuak legez hiru hilabete ditu erantzuteko, eta borroka egingo dugu baiezkoa eman dezan, pentsiodunik prekarioenek behar eta merezi dutelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA