Azkenaldian gorabeheratsu dabil Petronor. Aurten bertan, otsail amaieran, bentzeno ihesa gertatu zen, eta, ondorioz, Muskiz eta inguruetako biztanleak etxean geratzera behartu zituzten. Azken egunetan, zera jakin da: epaitegiek gaiaz ebatzi aurretik, konpainiak langile bakoitzari 1.200 euro pagatuko diola —guztira milioi bat euro inguru—, emaitzen araberako ordaindu gabeko sari batzuk direla eta.
Eta, aldi berean, joan den ostegunean Petronorrek Bilboko portuan OCO Technologyrekin batera agregatu sintetikoak egiteko lantegi berria ireki zuen.
Aurreko urtea ez dute samurragoa izan findegian. Iazko apirilaren 28ko itzalaldiak eragin handia izan zuen ekoizpenean, eta horregatik, Petronorrek kalte ordain handiak eskatu ditu.
Greba luzea
Gero, aldageletako gerra izenez ezagututakoa ere gertatu zen: 83 eguneko greba egin zuten langileek, aldagelen toki aldaketak praktikan ordu erdi luzatzen zuelako lanaldia.
Gatazka abenduan amaitu zen, ELAk, CCOOk, UGTk eta TUk greba bertan behera utzi zutenean, lan hitzarmenaren negoziazioak bideratzeko. Handik egun gutxira, auzitegiek langileei arrazoia eman zieten, eta epai horren aurka helegitea jarrita dauka enpresak.
DATUak
%6,9Petronorrek zenbateko ekarpena egin duen Bizkaiko zerga bilketa osoan. Repsolen filialak 743 milioi euroren ekarpena egin dio Bizkaiko Ogasunari, «hau da, lurraldeko bilketa osoaren %6,9». Gaur egun, Petronorrek zuzeneko 962 langile ditu, «eta 450 euskal hornitzaile baino gehiagori erosten die, 131 milioi euroko balioarekin».
%37Petronorrek zenbateko partea duen Bilboko portuko trafikoan. Muskizko findegiak hartu zuen iaz Bilboko portuko trafiko guztiaren %37. 337 ontzi mugitu zituen guztira, eta konpainiaren salmenten %25,5 izan ziren esportazioak.
Gaur, Petronorrek bere jasangarritasun memoriaren berri emateko oharrean esan duenez, «2025a urte konplexua» izan da, eta «ezohiko hainbat egoera» izan ditu, «apirileko itzalaldia eta urteko azken hiru hilabeteetako greba, kasurako».
Hori ikusita, konpainiak iaz egindako inbertsioak azpimarratu nahi izan ditu. Haietan gorakada nabarmena izan zen: Repsolen filialak ia 218 milioi euroren inbertsioak egin zituen, %48 gehiago, «mantentze lanetan, ingurumen eta segurtasunean, azpiegitura eta eraberritzeetan, deskarbonizazioan, hidrogenoan eta erregai sintetikoetan».
Hain zuzen, inbertsio horiek izan dira Petronorrek emaitza txikiagoak izatearen arrazoi nagusia, grebarekin eta petrolioaren prezioaren bilakaerarekin batera. Konpainiak 27,8 milioi euroren irabaziak izan zituen, aurreko urtean baino %60 gutxiago.
Upelaren gorabeherak
Iaz petrolio upelaren salneurrian aldakortasun izan zela esplikatu du Petronorrek. Brent upelaren batez besteko prezioa 60 dolarrekoa izan zen, baina 20 dolarreko tarteko gorabeherak izan ziren. Urte hasieran, adibidez, 83 dolarrera iritsi zen upelaren prezioa, negu hotzak Europan eta AEBetan diesel eskaria handitu baitzuen.
Gero, urtean zehar gorabeherak handiak izan ziren, baina azkenean, ziurgabetasun geopolitikoek, merkataritzaren inguruko tentsioek eta LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeen ekoizpen handiagoek upelaren merkatzea ekarri zuten, eta urtearen amaieran Brent upela 62,5 dolarretan salerosi zen.