«Petronor, aski da». «Meatzaldeak ezin du gehiago jasan». «Petronorrek bentzenoarekin fumigatzen gaitu, minbiziak hiltzen gaitu». «Gu hiltzen ari zarete». «Meatzaldea ez dago salgai». «Gaur bentzenoa, bihar zer?». Muskizko eta Abantoko (Bizkaia) bizilagunek gaur egin duten manifestazioan erakutsitako pankartek eta kartelek argi adierazten dute Petronorren izandako azken istripuak Muskizen eta inguruko herrietan eragin duen kezka eta haserrea.
Ikusi gehiago
Protestaren adar bat Muskizko udaletxetik abiatu da —Meatzaldea Bizirik taldeak deituta—, bestea, Abantoko Las Carreras auzoko Trinitate plazatik —Stop Variante plataformak deituta—, eta Petronorrek Muskizen duen findegiaren inguruan egin dute bat biek. Han, ostegunean izandako istripuak airearen bentzeno maila «nabarmen handitzea» eragin zuela salatu dute, hori berriz ez gertatzea exijitu, eta, orokorrean, findegiaren isuriek bizilagunei eragin diezazkieken osasun arazoak seinalatu dituzte. Aste honetakoa «urak gainezka egiteko falta zen tanta» izan dela esan dute.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, Petronorrek «gorabehera bat» izan zuen gasolina deposituetako batean, eta, horren ondorioz, erregaia lurrundu egin zen, eta bentzeno isuria eragin zuen. Herritarrei «prebentzio neurriak hartzeko» eskatu zieten.
Abenduan ere antzeko istripu bat gertatu zen, gasolina depositu batean hura ere, eta bentzeno maila handiak antzeman zituzten inguru berean. Gainera, joan den asteburuan ere albiste izan zen findegia, argindar eten batek ke laino beltzak eragin zituelako Muskizen.
Ikusi gehiago
Enpresako langileak ere kexatu dira asteon. Ostiralean lanera joan behar izan zuten, borondatearen aurka. Langile batzordeak eta zuzendaritzak bilera egin zuten goizean, eta langileen ordezkariek jarduna bertan behera uzteko eskatu zuten. Zuzendaritzak, baina, Eusko Jaurlaritzaren gomendioen arabera jokatuko zuela esan zuen. «Eta debeku argirik ez dagoenez, gomendioak baino ez dira; lanera joan behar izan dugu», salatu zuen Javi Losa (TU) Petronorreko langile eta batzordeko kideak.
Meatzaldea Bizirik taldeak, bestalde, hartu beharreko neurriak «berandu» hartu izana egotzi zien agintariei. Are, findegian «bata bestearen atzetik» gertatzen ari diren istripuak direla eta, «gardentasunik eza» agerikoa da, taldearen arabera.
Jaurlaritzak «berandu eta gaizki» ERANTZUN zuela dio EH BILDUK
EH Bilduko eta Elkarrekin Ahal Dugu-ko ordezkariak izan dira manifestazioan. EH Bilduren izenean, Mikel Otero Trantsizio Ekologikorako arduradunak esan du Eusko Jaurlaritzak «berandu eta gaizki» erantzun zuela ostegunean: «Jaurlaritzak akats onartezinak egin zituen. Goizetik ari ziren substantzia kutsakorren maila oso altuak atzematen, baina eguerdira arte ez zuten ezer esan, eta, hitz egin zutenean, gertatutakoari garrantzia kendu zioten. Eta gauean, arrazoi argirik gabe, jendeari prebentzio neurriak hartzeko agindu zioten».
Gogorarazi du jardun industrial guztiek, «Petronorrenak ere bai», ingurumen araudia bete eta pertsonen osasuna zaindu behar dutela, eta, horregatik, ikuskapen sakon bat egiteko eskatu du, gertatutakoa argitzeko eta arduradunei dagozkien zigorrak jartzeko.