Petronorrek elektrolizagailu handiaren lanak hasi ditu

Ehun megawatteko potentzia izango du, eta, haren bitartez, findegia hidrogeno berdez hornituko du. 292 milioi inbertituko ditu, Europako funtsek lagunduta.

Eusko Jaurlaritzako eta Petronorreko arduradunak, gaur, Muskizen. MIGUEL TOÑA / EFE
Eusko Jaurlaritzako eta Petronorreko arduradunak, gaur, Muskizen. MIGUEL TOÑA / EFE
Iker Aranburu.
2026ko urtarrilaren 26a
15:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekoizpenean gas kutsagarri gutxiago isurtzeko urrats bat egin du gaur Petronorrek. Fintze prozesuetarako behar duen hidrogenoa hornituko dion elektrolizagailu bat eraikitzeko lanak hasi ditu, Muskizen (Bizkaia). Gaitasun handiko elektrolizagailua izango da, 100 megawatteko potentziakoa, eta hura joango den lekua egokitzeko lurra azken egunotan hasi dira mugitzen. 2029an martxan egotea espero dute.

Petronorrek iragarri du hasiera batean 292 milioi inbertituko dituztela. Diru horren zati bat, 160 milioi euro zehazki, Espainiako Gobernuak Europako funtsetatik emandako laguntza da.

2023ko udazkenaren hasieratik Petronorrek badu uretik hidrogenoa sortzeko lehen elektrolizagailu bat, 2,5 megawattekoa, eta orain hamar megawatteko beste elektrolizagailu baten lanak egiten ari dira Bilboko portuan, konpainiak han dituen proiektuetarako hidrogenoa sortzeko.

Baina makina nahiko txikiak dira horiek, eta Petronorrek ahalmen handiagoko bat behar du bere deskarbonizazio prozesuan aurrera egingo badu. Findegietan, erregai fosilei sufrea kentzeko erabiltzen da hidrogenoa, eta oraindik ia hidrogeno guztia grisa da, gas naturaletik sortutakoa hain zuzen ere. Energia berriztagarriek elikatutako prozesuen bitartez lortutakoari, berriz, hidrogeno berdea deitu ohi zaio.

16.500

Zenbat hidrogeno tona ekoitzi ahal izango duen. Lanean ari denean, Petronorren elektrolizagailu handiak urtean gehienez 16.500 tona hidrogeno ekoitzi ahal izango ditu, eta energia berriztagarriekin elikatuko dute. Gasa erabiliz gero, 167.000 tona CO2 beharko lirateke hidrogeno hori ekoitzi ahal izateko.

Europako Batasunaren politikaren parte ere bada hidrogeno berdearen apustua, batez ere Ukrainako gerraren ostean agerian geratu zenetik Errusiako gas naturalarekiko menpekotasuna. Hidrogeno berdeak, printzipioz, Europari menpekotasun hori arintzeko bidea emango lioke, deskarbonizatzen zailak diren sektoreen isuriak murrizteaz gain.

Kontua da halako ahalmena duen makina bat egiteko teknologia berria dela, eta laguntza publikoa funtsezkoa dela halako proiektu garestientzat. Berez, proiektua aurkeztu zutenean ez zegoen 100 megawatteko elektrolizagailurik Europan; handiena 30 megawattekoa da. Eta munduan soilik bi ziren 200 megawatteko elektrolizagailuak: bat AEBetan dago eta bestea Txinan. 

Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidenteak nabarmendu du elektrolizagailua «deskarbonizazioaren aldeko apustua» dela, eta trantsizio energetikoaren adibide bat dela, «hidrogenoa ez delako fashion produktu bat». Findegiaren asmoa da 2050erako bere ekoizpena garbitzea eta CO2 ekoizlea ez izatea.

«Harribitxi bat» 

Obraren aurkezpenean izan da Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, eta eskerrak eman dizkie Petronorri eta Lopez Atxurrari. Lehendakariak gogorarazi du Petronorrek 940 langile enplegatzen dituela zuzenean eta beste 6.000 zeharka.

Gainera, ekarpen handia egiten du zergetan: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunen ekarpenaren %5,5 egiten du Muskizko findegiak. «Energia sektoreko harribitxi teknologiko-industrialetako bat da, eta, hortaz, enpresa estrategikoa da gure herriarentzat, eta zaindu eta baloratu behar dugu», ziurtatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.