Petronorreko greba: ezin esportatzeak korapiloa tenkatu du

Bilboko gizarte arloko epaileak astebete eman die Petronorreko grebalariei enpresaren azken eskaintza bozkatu dezaten. Enpresak aitortu du kezkatuta dagoela: besteak beste, ezin duelako atzerrian dieselik saldu.

Petronor findegia, Abantotik ikusita. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Petronor findegia, Abantotik ikusita. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko urriaren 27a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Petronorreko langileen grebaren auzia egunez egun tenkatzen ari da. Iragan ostiralean, Bilboko gizarte arloko epaile batek astebete eman zien langileei enpresak eginiko azken proposamena bozkatzeko, eta, onartzen ez balute, orduan bai, langile batzordeak enpresaren aurka eginiko salaketa epaituko du. Hori bai, grebari eusteko baimena eman die, eta enpresako zuzendaritzak barne ohar batean aitortu du protestak eragin «nabarmena» izan duela enpresaren «izen onean» eta «akziodunen konfiantzan». Izan ere, gutxieneko zerbitzuak %90ekoak izan arren, Petronorrek ezin du dieselik esportatu.

Giroa asko gaiztotu da Petronorreko langileen eta zuzendaritzaren artean. Ekoizpenean txanda diharduten langileak greba mugagabean daude irailaren 25etik. Muskizko findegian (Bizkaia) 1979az geroztik egin den halako lehen lanuztea da. Haren oinarrian, enpresak eguneko lanaldian egin asmo duen aldaketa bat dago. Orain arte, langileek ordu erdi izan dute egunero babesak janzteko eta eranzteko, eta tarte hori lanorduen barruan zegoen. «Eskubide hori ez dago inon idatzita; urteekin irabazitako zerbait da», azaldu du langile batzordeak. Enpresak, baina, tarte hori lanorduetatik atera du, langile batzordearekin adostu gabe. Batzordeak iritzi dio lan baldintzen aldaketa «sakona» dela, batzordearekin adostu beharrekoa, eta horregatik jarri dute salaketa.

Petronorrek barne ohar batean aitortu du greba mugagabeak eragin «nabarmena» izan duela enpresaren «izen onean» eta «akziodunen konfiantzan»

Enpresak findegiko aldagelak berritu ditu, eta uste du instalazio berriekin ez dela beharrezkoa ordu erdi hori. Bere prentsa oharretan aldageletako gerra esaten ari zaio egoerari, langileen eskaerak aipatu gabe. Komunikazio publikoetan, aldagelen inguruko auzi batera mugatzen du lan gatazka, langileen eskaera apeta moduan aurkeztuz. Baina enpresa arduratuta dago, eta hala aitortu zuen joan den astean zabaldutako barne oharrean; beldur da grebak «hainbat hilabete» iraun dezakeelako.

%90eko gutxieneko zerbitzuak

Petronorreko grebak ezaugarri berezi asko ditu. Erregaien ekoizpena oinarrizko zerbitzu bat denez, %90eko gutxieneko zerbitzuak ditu, eta, ondorioz, ekoizpenaren erritmoa grebaren aurrekoaren ia parekoa da. Baina gutxieneko zerbitzuak Euskal Herriko eta Espainiako merkatua asetzera bideratu behar ditu bakarrik; beraz, ezin du dieselik esportatu, ez behintzat Bilboko portutik.

Nabarmentzekoa da Petronorren diru sarreren %35 esportazioetatik iristen direla. Esportatu ditzakeen produktu bakarrak nafta eta propilenoa dira, betiere biltegiak beteta badaude. Batzordeak zehaztu du produktu horiek ia ez dutela merkaturik Espainian.

Egoera larria ikusita, iragan astean enpresak tarteko eskaintza bat adostu zuen CCOO eta UGT sindikatuekin —gehiengoa dute batzordean—: hamabost minutuko konpentsazio bat eguneko eta sei opor egun gehiago. Horrek lanaldia zortzi ordura igoko luke, eta, langileek uko egin beharko liokete akordioa epaitegietara eramateari.

Joan den asteko ostegunean zen bozkatzekoa, epaiketaren bezperan, baina langileei hain eskasa iruditu zitzaien eskaintza, ez zuten ezta bozkatu ere egin, eta bileratik joan ziren. Bertan egondakoek azaldu dute besoa altxatuta bozkatu zela eta gehiengo handi batek egin ziola uko bozketari. Gogoratzekoa da langileen %90,9k bozkatu zutela greba hastearen alde.

Petronor bozketa
Petronorren greba egin ala ez bozkatzeko erabili ziren bozak. Langileen %90,9k alde bozkatu zuten. BERRIA

Epaileak teknizismo horri eutsi zion ostiralean epaiketari ez ekiteko. Bozketaren emaitza ez baitzen erregistratu aktan, eta hala izan behar duela iritzi dio. Horregatik eman die astebeteko epea, eta azaroaren 3an jakinarazi behar diote emaitza. Bozketan ezezkoak irabazten badu, orduan bai, epaiketa egiteko data jarriko du. Hori bai, zehaztu zuen aurreakordioa mahai gainean egonda ere langileek eskubide osoa dutela grebarekin jarraitzeko.

Beraz, bozketa horrek korapiloa askatu dezake, edo gehiago tenkatu. Enpresaren eskaintza onartzea lan baldintzen okertzea onartzea litzateke, eta inork ez du greba bat hasten okerrera egiteko. Aldiz, langileek eskaintza onartuko ez balute, epaiketa egingo litzateke, eta, ebazpena edozein izanda ere, litekeena da galtzen duen aldeak helegitea jartzea eta auziak EAEko Auzitegi Nagusian amaitzea. Alegia, orduan bai, baliteke greba hilabetez luzatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.