Berez, AEBetako legealdi erdiko hauteskunde hauek ez dira Donald Trumpi buruzkoak, baina Donald Trumpi buruzkoak dira. Kongresukideak eta senatariak dira hautatu beharrekoak, baina bozketak AEBetako presidentearen itzal gero eta ilunagoaren pean egingo dira. Hain zuzen, Trumpen erabakiek eta ekintzek estatubatuarren poltsikoetan izandako eraginak asko baldintzatuko ditu astearteko hauteskundeak.
Ikusi gehiago
1
Inflazioa
Joe Bidenen onarpen mailak behera egin zuen haren agintaldiaren amaieran, eta horren arrazoi handietako bat prezioak izan ziren, nahiz eta hauteskundeak egin zirenerako inflazio tasa %3 ingurura apalduta egon, pandemia osteko susperraldian %9raino iritsi ondoren. Baina aurreko urteetan inflazioarekin pasatutakoak ondo gogoan zituzten bozkatzaileek, eta are gehiago Donald Trumpek. Haren kanpainako ikurretako bat izan zen inflazioa, eta hainbatetan promestu zuen inflazioa desagerraraziko zuela.
Argi dago ez duela hitza betetzerik lortu. Alderantziz, inflazioa areagotu duten erabakiak hartu ditu. Hasieran, prezioek nola hala eutsi zioten Bidenen garaitik zetorren beheranzko joerari. Harik eta 2025eko apirilean Trumpek erabaki zuen arte mundu guztiari muga zergak ezarri behar zizkiola. Elkarrekiko muga zerga haien, Txinarekin piztutako gerra komertzialaren —orain su etenean da— eta egun haietako kaosak sortutako ziurgabetasunaren harira, inflazioak gorantz egin zuen berriro.
6,53Gasolio galoia zer preziotara iritsi den, dolarretan. Irango gerraren ondorioz, erregaiak %38 garestiago dira orain AEBetan, Trumpen agintaldi honen hasieran baino. Diesela %70 inguru garestitu da, eta irailean jo zuen goia: 6,53 dolar balio du galoiak (3,785 litro).
Hori nahikoa ez balitz bezala, nori eta gerra guztiak amaitu behar omen zituen AEBetako presidenteari aurtengo otsailean otu zitzaion Furia epikoa operazioa abiatu eta Israelekin batera Iran bonbardatu behar zuela. Nork pentsatuko zuen Iranek kontra egin eta Ormuzko itsasartea itxiko zuenik? Petrolioa garestituko zenik, eta diesela?
Joan den maiatzean inflazioa %4,2ko tasara iritsi zen AEBetan, eta ordutik murriztu egin da, egungo %3,7raino. Baina ez dira horiek estatubatuarrek gogoan dituzten kopuruak. Hedabideetan, sare sozialetan, herritarren arteko elkarrizketetan presente egon diren kopuruak gasolindegietako kontagailuetakoak izan dira.
Erregaiak %38 garestitu dira, eta erregaien gaia delikatua da AEBetan, ibilgailuen oso menpekoak baitira, batez ere Mendebalde Ertaineko eta hegoaldeko nekazaritza eremuetan, zeinetan errepublikanoen nagusitasuna erabatekoa izan den orain arte.

Hauteskundeak hurbiltzen ari ziren jakitun, Etxe Zuria saiatu da prezio horiek beheratzen: zergak murriztu dizkie zenbait gasolio motari; erreserba estrategikoak erabili ditu, eta beste herrialdeak horretara behartu; Ukrainari presio egin dio Errusiako findegien aurkako erasoak eten zitzan, eta Vladimir Putinekin berarekin tratua egin du diesela inportatu ahal izateko.
Azken hilabeteetan prezioen goranzko joera eten bada ere, erregaien salneurriak eta inflazioak garrantzia hartu dute agintaldi erdiko boz hauetan, axolagabeenentzat ere argia baita prezio garestien eta Trumpen erabaki aldrebesen arteko lotura.
2
Hazkunde ekonomikoa
Galoiaren prezioaren bilakaera askoz gehiago antzematen dute estatubatuarrek barne produktu gordinaren datuarena baino. AEBetako ekonomia %2,2 hazten ari da, besteak beste adimen artifizialaren goraldiari esker.
Adimen artifizialaren inguruko baikortasun hori burtsetan islatzen da nagusiki. Konpainia teknologiko handien etekinek gorantz bultzatu dituzte finantza merkatuak, eta haietan inbertitzeko nahikoa diru duten herritarrek mozkin politak eskuratu ahal izan dituzte. Hala ere, kezka hor dago: adimen artifizialaren ingurukoak ez ote diren lehertzear dagoen beste burbuila bat.
Ikusi gehiago
3
Enplegua
Langabeziaren datuak ere ez dira txarrak: langabezia apala da, %4,2koa. Baina egia da, halaber, lan merkatua geldotu egin dela azken hilabeteetan, eta horretan zerikusia izango zutela deportazio masiboek eta adimen artifizialaren etorrerak. Hala ere, sortu diren enplegu gehienak osasungintzari lotuak dira, eta industriakoak zertxobait murriztu dira.
4
Hipotekak
Enplegu datuak halakoak izanik, Erreserba Federalak errazago izan du interes tasak igotzea inflazioari eusteko. Baina horren ifrentzua mailegu garestiak dira. Haien interesak %3ra gutxitu behar omen zituen Trumpek.
30 urterako hipoteken batez besteko kostuak %7,04koak ziren Trump Etxe Zurira itzuli zenean, zerbait apaldu ziren 2025ean, baina Irango Gerrak joera irauli, eta batez besteko interes tasa %7,4koa da orain, Freddie Mac-en arabera.
5
Merkataritza
Trumpek merkataritza orekatuko zuela ere agindu zuen, baina nahiz eta muga zergen tasa efektiboa %2,7tik %11,6ra handitu duen, AEBen merkataritza defizita handiagoa da agintaldi hasieran baino. 105.600 milioi dolar ingurukoa izan da abuztuan, eta 96.900 milioi dolarrekoa zen 2024ko abenduan.
Ikusi gehiago
eta datorrena
Bozkatzaileen buruan gertatzen ari dena aztertzea bezain garrantzitsua izaten da aurreikustea zer etor daitekeen. Eta baita agintari politikoek zer egin dezaketen ere.
Datorren urtean ezarriko dira Trumpek hainbeste goraipatutako Big Beautiful Bill (Lege Handi Ederra) legean jasotako zerga eta laguntza murrizketak, behin agintaldi erdiko bozak pasatuta.
Iaz onartutako lege horren bitartez, zergak murriztu egin ziren, baina, besteak beste inflazioaren eraginez, soilik aberatsenei egingo diete mesede funtsean. Gainera, erosteko ahalmena dagoeneko apaldua duten askori Big Beautiful Bill delako hura ordaintzeko murrizketak iritsiko zaizkie orain.
Besteak beste, murrizketa handiak izango dira osasun aseguruetarako laguntzetan eta haiek eskuratzeko aukeran; ehunka mila pertsona osasun asegururik gabe geldituko dira, kalkuluen arabera. Jakiak erosteko laguntza programetarako baldintzak ere zorroztu egingo dira.
Panorama horri AEBen defizit publiko iraunkorrak gehitu behar zaizkio, zeinek politika arloan maniobratzeko tartea serio estutzen duten. Trumpek harro iragarri zuen muga zergekin dirua barra-barra irabazi eta herrialdearen zorra murriztuko zuela. Baina ez da halakorik gertatu. AEBek 40 bilioi dolarretik gorako zor ikusgarriarekin itxiko dute urtea —BPGaren %123 inguru—.