Ameriketako Estatu Batuetako agintaldi erdiko hauteskundeek bi joera izaten dituzte gehienetan: Etxe Zurian ez dagoen alderdiak Kongresuko bi ganberetako bat irabazten du, edo, olatu handi baten moduan, biak eramaten ditu. Brookings institutuak egindako zenbaketaren arabera, 1938. urteaz geroztik egin diren agintaldi erdiko 22 hauteskundeetatik hogeitan Etxe Zurian zegoen alderdiak eserlekuak galdu ditu Ordezkarien Ganberan. Horrekin batera, presidentearen babesa %50etik behera dagoenean ere, bere alderdiak eserlekuak galtzen ditu Ordezkarien Ganberan. The New York Times-en datuek diote Donald Trumpen babes maila %37koa dela; neurketak hasi zituenetik bildutako datu apalenetan bigarrena da. Aurrekari historikoei eta inkestei erreparatuta, demokratek 2018an galdu zuten Ordezkarien Ganbera berreskuratuko lukete; erraz, gainera.
Ikusi gehiago
Senatuan ere inkesta gehienetan demokratak dira faborito, baina aldea errepublikanoekin Ordezkarien Ganbarakoa baino txikiagoa da, eta olatu urdinak Trumpen alderdia harrapatuko duen ez dago hain argi. Senatuaren kontrola zein alderdik izango duen sei estatutan erabakiko da, eta horietan ari da Trump kanpaina egiten. Olatu urdina gertatzea, demokratek errepublikanoei botere legegilearen bi ganbarak kentzea, Donald Trumpek presidentetzaren inguruko erreferenduma galtzea izango litzateke, bere erabaki politikoen aurkako boto argia.
Demokratek botere legegilearen kontrola hartzen badute, Trumpen bigarren agintaldiaren azken bi urteetako hainbat ekimen politiko arriskuan egongo lirateke, Kongresuak duelako diru publikoaren kontrola. Hala ere, erabaki asko hartzeko, gehiengo zabal bat beharko lukete Senatuan demokratek, eta inkestek ez dute horrelakorik aurreikusten. Gainera, Trump ez litzateke eskuak lotuta geratuko, orain arte neurriak hartzeko erabili dituen botere exekutibo eta judizialaren erabilera areagotu egingo luke. Horrek botereen banaketaren krisia areagotuko luke.

Hauteskundeetan, gainera, 2028ko presidentetzarako hauteskundeei begira ere indarrak neurtuko dituzte alderdi bakoitzaren barruan: Trumpen MAGA mugimenduaren barruan dauden zatiketei eta Alderdi Demokrataren ezkerraldean agertu diren aurpegi berriei erreparatu behar zaie. Bi alderdientzat, estatuetako 39 gobernadore hautatzeko lehiatik aterako dira 2028rako aurpegi asko.
Trumpen politiken inguruko lehen erreferendumean, 2018ko agintaldi erdiko hauteskundeetan, parte hartzea historikoa izan zen —1914tik handiena—, demokratak Trumpen aurka mobilizatu zirelako eta errepublikano askok ez zutelako bozkatu. Orduan, Alderdi Demokratak 23 eserleku irabazi zituen, eta Ordezkarien Ganberaren kontrola kendu zien errepublikanoei. Senatuan, ordea, errepublikanoek kontrola mantendu zuten, bi eserleku irabazita. Errepublikanoen gehiengoak hauteskundeen egun berean bozkatzen du normalean, ez direlako fio. Dena den, Trumpi boza eman zioten asko etxean gera litezke, tartean ICEren gehiegikeriekin kezkatuta dauden hispanoak eta inflazioaren gorakadarekin gehien sufritzen ari diren soldata baxuak dituzten langileak. Demokraten artean, ordea, postaz eta aurretik emandako botoen kopurua ikusita, mobilizazio handia aurreikusten da Senaturako erabakigarriak diren estatuetan.
Ikusi gehiago
Irango gerrak eragindako inflazioaren gorakadaren ondorioz, erregaien, janariaren eta etxebizitzaren prezioek bereziki gora egin dute. Estatubatuarren %92k, gutxienez, auto bat dauka, eta gasolindegietan denek sumatu dute inflazioa; batez beste, gasolinarik merkeena 0,95 euro kostatzen da litroko, AAA Ameriketako Automobilgintza Elkartearen azken datuen arabera, orain dela urtebete baino %40 gehiago. Trumpek Iranen aurkako eraso militarra agindu izanak eragindako produktu eta zerbitzuen garestitzea da boto emaileentzat kezka nagusia, baina horrek Trumpen aldekoak automatikoki hautagai demokraten alde bozkatzera eramango dituela esatea asko esatea da; litekeena da estatu askotan Trumpekin prezioengatik bakarrik haserre dauden errepublikano gehienak etxean geratzea, beste arlo batzuetan Etxe Zuriaren politikak babesten dituztelako oraindik.
Trumpek Iranen aurkako eraso militarra agindu izanak eragindako produktu eta zerbitzuen garestitzea da boto emaileentzat kezka nagusia, baina horrek Trumpen aldekoak automatikoki hautagai demokraten alde bozkatzera eramango dituela esatea asko esatea da
Hauteskundeak azterketa izango dira Trumpen politikentzat ez ezik, AEBetako sistema demokratikoarentzat ere. Emaitzak onartuko diren ala ez airean dago berriro. Hauteskundeak kudeatzea estatuen eskumena da, baina Etxe Zuria eskua sartzen ibili da beste behin, besteak beste erroldetatik ustez AEBetako herritarrak ez direnak kentzea eskatuz eta posta bidezko bozak zalantzan jarriz. Trumpek bozkatzeko sistemaren gardentasuna zalantzan jarri eta gero, Justizia Departamentuak mila begirale jarri ditu hauteslekuetan; horien independentzia zalantzan jarri dute askok. Trumpen gobernuak bidalitako begiraleen kopurua beste hauteskunde batzuetan jarritakoa baino askoz ere handiagoa da, eta horrek alarmak piztu ditu eskubide zibilen aldeko erakundeetan, Justizia Departamentua baita estatuek hauteskunde prozesua ondo egin dutela zaindu behar duena.
Hauteskunde hauetan sekula baino begirale eta abokatu gehiago egongo dira. Dena den, lehenengo aldiz 2002az geroztik, Etxe Zuriak ez du gonbidatu hauteskundeak gainbegiratzera mundu mailan hauteskundeen gardentasuna neurtzeko dagoen erakunde nagusia, ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Erakundea. Kezkagarria da AEBek bat egitea orain arte ESLAri ateak itxi dizkioten herrialde bakarrekin: Errusia eta Bielorrusiarekin, alegia.