Palestinarekin Elkartasuna plataformak manifestazio batera deitu du iganderako Gasteizen

Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko da, 13:00etan. Plataformak salatu du Israelgo Gobernua Palestinan egiten ari den «garbiketa etnikoak eta genozidioak» Mendebaleko erakunde eta gobernuen konplizitatea duela.

Palestinarekin Elkartasuna plataformaren elkarretaratze bat, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Palestinarekin Elkartasuna plataformaren elkarretaratze bat, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
edurne begiristain
2025eko irailaren 26a
10:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Palestinaren aldeko protesta bat antolatu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak iganderako, Gasteizen. Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko da manifestazioa, 13:00etan, eta Israelgo Estatua Gaza hirian egiten ari den inbasioa salatzea izango du helburu.

Plataformak salatu du joan den aste hasieraz geroztik Israelgo armadak Gazaren aurka abiatutako lurreko erasoa gobernu horren proiektu «genozida eta kolonialeko» beste urrats bat dela. Erasoaldi hori azken hamarkadetako okupazioaren eta «garbiketa etnikoaren» parte dela gogoratu du; nabarmendu duenez, bi urte dira genozidioa hasi zela, eta bederatzi hilabete inguru «planifikatutako blokeo humanitarioak» Palestinako herritarrei eragindako gosetea hasi zela.

Plataformak salatu duenez, «erakunde sionistak eragindako garbiketa etnikoa eta genozidioa» ez litzateke posible izango Mendebaldeko erakunde eta gobernuen laguntza eta konplizitaterik gabe. Salatu du Mendebaleko gobernuek, Palestinaren aldeko keinuak egin arren, Israelgo Gobernuarekin harreman ekonomiko, diplomatiko eta kulturalei eusten dietela, eta, aldi berean, Palestinaren alde protestan ari direnei «jazartzen» dietela eta «kriminalizatu» egiten dituztela.

Hori hala, Palestinarekin Elkartasuna plataformak uste du beharrezkoa dela mobilizatzen jarraitzea «erakunde sionistaren» eta hura sostengatzen duten gobernuen aurka eta Palestinako herriaren alde. Iganderako Gasteizen deitutako manifestazioan parte hartzera animatu ditu herritarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.