Prekaritatearen kontra borrokatzera deitu dute sindikatuek Baionan

Deialdi bateratua egin dute, eta 2.000 pertsona inguru elkartu dira Lapurdiko hiriburuko karriketan. Jardun koordinakundeko hiru kide atxilotu dituzte, suprefeturan kateatu direla eta.

Maiatzaren Leheneko manifestazioa, gaur, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Maiatzaren Leheneko manifestazioa, gaur, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko maiatzaren 1a
14:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezohiko ibilbidea egin dute sindikatuek Baionan Maiatzaren Leheneko mobilizaziorako. Baiona erdiguneko karrikak albo batera utzi, eta Baiona iparraldeko auzo popularretara buruz jo dute tren geltokitik abiatu duten manifestazioan. LAB, CGT, FSU eta Solidaires sindikatuek batera egindako deialdian, laneko prekaritatea salatu dute, eta gerlaren eta inperialismoaren kontrako mezua zabaldu. Gaskoien plazan antolatu duten elkarteen herrixkarekin eman diote amaiera mobilizazioari. 

Maiatzaren Lehena borroka eguna da sindikatuentzat, eta «langileen harrotasuna» erakusteko beharra aldarrikatu du Argitxu Dufau LABeko eledunak. Izan ere, azken asteetan polemika sortu da, Frantziako Gobernuak besta egunari salbuespenak eman eta hainbat sektoretan lan egiteko aukera zabaltzeko erreforma abiatu nahi izan baitu. Baiona iparraldeko langile auzoetara joz, «gehien sufritzen duen» populazioarengana hurbildu nahi izan dute. «Klixeetan erori gabe, horrelako auzo batek asko sufritzen du, bere larruan bizi du prekaritatea, eta estigmatizazioak ere bai. Elkartasuna agertu eta hori salatzera ere etorri gara».

Oihu artean abiatu dute martxa, lau sindikatuetako ordezkariak aitzinean zihoazela. Hasierako pankartaren mezuak honela zioen: «Maiatzaren Lehena: antifaxismoa, elkartasuna, erantzun kolektiboa». Eta hala oihukatu dute bozgorailuetatik ere: «Borroka da bide bakarra», «karrika gurea da» eta kapitalismoaren kontrako oihuak egin dituzte. Era berean, azken urteetan zendu diren zenbait langileren izenak ere eman dituzte Bergeret kaiko 22. zenbakiaren aitzinean pasatzean —langile bat hil zen 2022an eraikin horretako obretan, istripu batean—. 

Lan baldintzen okertzea salatu dute sindikatuek: «Alde batetik, lansariek bere horretan irauten dute, eta, bestetik, inflazio handia bada. Horrek erran nahi du bizi baldintzak okertzen direla, baita lan baldintzak ere. Lan istripu asko badira egunero-egunero». Martxo bukaeran Bithiriñan (Nafarroa Beherea) hil zen langilea hartu dute gogoan. «Langile gero eta gehiago etortzen dira gure sindikatuetara beren lan baldintza kaskarrak direla eta».

Askotariko borrokak

Sindikatuetatik harago hainbat arlotan borrokan diharduten eragileak biltzeko aukera ere izan da langileen nazioarteko eguna. Mobilizazioan parte hartu dute Alda-k eta Bizi-k, eta antolatzeko deia egin dute: «Euskal Herrian biztanleak antolatzen garenean, garaipenak ez dira eskas, eta horri esker gure egunerokoa aldatzen dugu».

ALda
Alda eta Biziko kideak, gaur, Baionan. GUIILAUME FAUVEAU

Sutan mugimendu transfeministak ere klase borrokatik aritzera deitu du. «Aldarrikatu dezagun beste ordena sozial bat: zaintza eta bizitzak erdigunean jar ditzagun. Gizartea komunitateak batuko baitu, eta ez mozkinen pilaketak». Mobilizazioan egon dira Etorkinekin elkarteko kideak ere, migranteenganako elkartasunez.

Jardun taldeko hiru kide Suprefeturan kateatu dira

Jardun koordinakundeko hiru kide Baionako suprefeturan kateatu dira ostiral goiz honetan, Gerra inperialistaren eta miseriaren aurrean antolatu lelopean, Frantziako Gobernuak ezarri gogo duen soldaduska behartua salatzeko. Hirurak atxilotu dituzte poliziek, eta haiei sostengua ematera joandako beste hainbat ere identifikatu ditu. 

Jardun koordinakundeko hiru kideak, Baionako suprefeturan. BERRIA
Jardun koordinakundeko hiru kideak, Baionako suprefeturan. BERRIA

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA