Sei sindikatuk Palestinaren aldeko lanuztera deitu dute urriaren 15erako

LAB, CCOO, Steilas, Hiru, Etxalde eta Solidarik deitu dute protestara, «Israel Palestinaren aurka egiten ari den genozidioa eta gizateriaren kontrako krimenak salatzeko». ELA ez dago deitzaileen artean, baina hark ere bazuen lanuzte baterako asmoa.

Palestinarren genozidioaren aurkako protesta bat, joan den asteazkenean, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Palestinarren genozidioaren aurkako protesta bat, joan den asteazkenean, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko irailaren 26a
14:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herriko herritarrek beste aukera izango dute Gazako genozidioari beren arbuioa adierazteko. Azken hilabeteetan egin diren manifestazio, kontzentrazio eta era guztietako protestei lanuzte bat gehituko zaie. Urriaren 15ean izango da, eta LAB, CCOO —EAEkoa eta Nafarroakoa—, Steilas, Solidari, Etxalde eta Hiru sindikatuek antolatu dute. Deitzaileen ez dago sindikatu nagusia, ELA. Hark ere bazuen lanuzte batera deitzeko asmoa, baina LABi egindako eskaintzak ez du fruiturik eman.

Urriaren 15eko protestaren antolatzaileek agiri baten bidez eman dute beren asmoen berri, eta iragarri dute datorren astean emango dituztela azalpen gehiago, agerraldi baten bitartez. Ordurako espero da zehaztea egun osoko lanuzte bat den ala ordu batzuetakoa, eta zer beste ekintza egingo dituzten. 

Oraingoz, esan dute lanuzteak sei helburu izango dituela. Batetik, «Palestinako herriarekin langile klase osoaren elkartasuna adieraztea» dago. Horri lotuta, «Israel Estatu Batuetako Gobernuaren babesarekin Palestinako herriaren aurka egiten ari den genozidioa eta gizateriaren kontrako krimenak» salatu nahi dituzte protestarekin. 

Gazako genozidioa lanuztea antolatzeko arrazoi nagusia izanagatik, deitzaileek gogoan dituzte Zisjordania okupatuko palestinarrak ere. Hori dela eta, eremu horren kolonizazioa eta «horrek Palestinako langile klasearen lan eta bizi baldintzetan dituen ondorio larriak» ere salatu nahi dituzte urriaren 15ean.

Palestinarren genozidioa «berehala amaitzea» exijituko dute, eta haren okupazioari eta kolonizazioari bukaera emango dion «konponbide integral bat» ere, «Palestinako herriak askatasunean bizitzeko duen eskubidea bermatuz».

protestak eta Gaza
Gazako sarraskiaren aurkako manifestazio bat, joan den astean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Sei sindikatuek dei egin diete Hego Euskal Herriko patronalei eta instituzioei eten ditzaten Israelgo Estatuarekin dituzten harreman komertzialak, eta eskaera hori bera egin diete nazioarteko erakundeei ere. «Ez da posible genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitzea». Ildo horretatik, galdegin diote Europako Batasunari Israelekin duen hitzarmena «bere osotasunean» etetea.

ELAren saioa

Sei erakundek deitu dute lanuztera, baina ekinaldian beste sindikatuentzako ere tokia dagoela argitu dute. UGTri eta batez ere ELAri egindako keinua dirudi, hark ere gogor salatu izan dituelako Palestinako sarraskiak, eta haren aurkako lanuzte bat egiteko asmoa adierazi izan duelako. 

Ostegun arratsaldean hedabideetara igorritako agirian, Mitxel Lakuntzaren sindikatuak LABi proposatu zion Palestinaren aldeko lanuzte orokor bat antolatzea, baina espresuki zehaztu zuen ez zuela nahi hilaren 15ean izatea. Izan ere, haren esanetan, egun horretarako protesta bat deitzekoak dira Espainiako UGT eta CCOO, baina, haiek ez bezala, ELAk uste du Espainiako Gobernua eta enpresak ere «interpelatu» behar direla, eta haiei ere eskatu behar zaiela Israelekin haustea. «Azken finean, deialdi horien ondorio bakarra Sanchez babestea da, eta ez du presio eraginkorrik sortzen Palestinako egoera aldatu dadin».

ELAk nabarmendu zuenez, «Sidenorren, ELA, LAB eta ESKren presioei esker, Israeli altzairua saltzeari utzi zitzaion, eta CAFen zuzendaritzari aurre egiten ari zaizkie Palestinan kolonizazioaren zerbitzura dagoen trena eraikitzeari utz diezaion. Madrilen egindako deialdietan hori ez da agertzen».

Haren arabera, «Euskal Herriak erakutsi du gaitasuna duela Palestinaren alde mobilizazio bereiziak egiteko», eta, horregatik, mezu garbi bat izan beharko luke bertan antolatutako lanuzteak: «Ezin zaio Israeli ezer erosi, eta ezin zaio Israeli ezer saldu. Euskal Herrian, Israelekiko erabateko boikota babesteko egiten dira mobilizazioak, eta ELArentzat ezinbestekoa da mezu hori nagusitzea».

LABek ia ordubete geroago erantzun zion ELAri, agiri baten bidez hark ere. Azaldu zuen asteak daramatzala «eremu sindikalean ahalik eta erantzun irmo eta zabalena emateko lanean», eta ikusita Espainiako CCOO eta UGT urriaren 15erako mobilizazio egunera deitzera zihoazela, «arduraz» jokatzea erabaki zuela. ELA aipatu gabe, «sindikatu bakoitzaren proiekzio eta interes korporatiboak alde batera uzteko tenorea» dela ziurtatu zuen LABek, eta «Palestinako herria bizitzen ari den genozidioaren gordintasunak» eskatzen duela sindikatuen «desberdintasunak bigarren mailan uztea».   
 

 

 

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.