Sindikatuak ez daude ados Petronorrek aldageletako auziari emandako irtenbidearekin

Epaileak ebatzi zuen langileek jantzia aldatzeko behar zuten denbora lanaldian sartu behar zela. Enpresaren proposamenak ez dio eragiten irteerako txandari.

Petronorrek Muskizen duen findegia, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Petronorrek Muskizen duen findegia, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko urtarrilaren 13a
10:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Petronor berriro hasiko da aldagela zaharrak erabiltzen, Muskizen (Bizkaia) duen findegian, Bilboko gizarte arloko epaitegiak emandako epaia betetzeko. Hala ere, sindikatuak ez daude pozik enpresak bilatutako irtenbidearekin. Horren arabera, lanera sartzen diren langileek lan ordutegiaren barruan egingo dute jantzi aldaketa, baina lana bukatu ostean kanpora doazenek ez; babesak erantzi, dutxatu eta kaleko arropa janzteko behar duten denbora lanalditik kanpo egongo da, enpresaren proposamenean zehaztutakoaren arabera.

Sindikatuek uste dute epaiak eragina izan beharko lukeela hala sarrerako txandan nola irteerakoan, eta enpresak proposatutakoak ez duela betetzen epaian agindutakoa, baina arazoa da epailearen ebazpenak ez duela ezer zehatzik adierazten irteerako txandaren inguruan. Horregatik, epaia argitzeko eskatu diote Bilboko gizarte arloko epaitegiari.

Aldageletako auzia gatazka iturri izan da Petronorren azken hilabeteetan: enpresak aldagela berriak eraiki zituen findegiko sarreran, eta asmoa zen langileek horiek erabiltzea babesak jantzi eta eranzteko, eta gero nor bere lantokira joatea; baina horrek esan nahi zuen horretarako behar zuten denbora lanorduetatik kanpo geratzen zela eta, beraz, lanaldia luzatu egiten zela, egunean ordu erdi.

Langileek ez zuten ongi hartu lanaldia luzatzeko saialdi hori: alde batetik, greba mugagabeari ekin zioten, estreinako aldiz 1979az geroztik; 83 egun iraun zuen protesta hark. Beste alde batetik, auzitara ere jo zuten langileek; eta Bilboko gizarte arloko epaitegiaren 11. aretoko epaileak, haiei arrazoia eman, eta ebatzi zuen langileek babesak jantzi, erantzi eta dutxatzeko behar duten tartea lanaldiaren barruan sartu behar zela, «finkaturiko baldintza mesedegarri» bat delako.

Petronorreko zuzendaritzak iragarri du helegitea jarriko diola epaiari, baina, hura ebatzi bitartean, epaia betetzeko moduak aztertzen hasi da, eta datozen egunetan berriro irekiko ditu lantokietatik gertu dauden aldagela zaharrak, eta horiek erabiltzeari ekingo dio ostera ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.