Espainiako Gorteetarako hauteskundeak aurreratzeak langile publikoen soldatak eguneratzeko erabakia baldintzatu du, beste zenbait erabakirekin batera. 2027rako %4,5eko igoera adostua dute Espainiako Gobernuak eta sindikatuek, eta akordio horrek Hego Euskal Herriko administrazioetako langileei ere eragiten die. Hain zuzen, langile horien baldintzak eztabaidatzeko mahaia gaur bildu da, eta sindikatuek salatu dute Jaurlaritzak ez duela bermatu soldata igoera hori ezarriko duenik.
Izan ere, Noel D’Anjou Ekonomia eta Ogasun sailburuak aurreko astean igoera hori iragarri bazuen ere, sindikatuen esanetan EAEko aurrekontuen aurreproiektu zirriborroan ez da halakorik jasotzen. Espainiako Gobernuak ezarritako igoera aldebakarrez areagotzeko aukera duenez, ELAk, esaterako, Jaurlaritzari exijitu dio igoera honako hau izatea langile publikoentzat: %7 eta 2026ko KPIa.
Langileen erosahalmenean oinarrituta egin du proposamen hori sindikatuak: KPIaren azken urteetako bilakaera eta langile publikoek izan dituzten soldata igoerak alderatuta, langileen erosahalmena %18 murriztu da 2010az geroztik; 2022tik 2026ra, berriz, %7. Bada, gaur eginiko bileran proposamen horri uko egin dio Jaurlaritzak, ELAren esanetan, eta «azken urteetako dinamikari» eustearen alde egin du.
LABek bilera «tramite hutsa» izan dela salatu du, Jaurlaritzaren negoziatzeko «borondaterik ezaren» erakusle: «Aurrekontuan ez da jasotzen inolako asmorik lan baldintzak eta zerbitzu publikoak hobetzeko». Gainera, Lakuari leporatu dio langileen baldintzak eta soldatak Espainiako Gobernuaren erabakien menpe uzten dituela.
CCOO eta UGT, bide beretik
«Ez dago aurrerapausorik». Jaurlaritzako langileen baldintzak eztabaidatzeko mahaiak gaur eginiko bileraren harira hori esan du CCOOk. Ohar bidez, sindikatuak azpimarratu du Jaurlaritzak, beste hainbat sektoretan egin bezala, langile publikoen soldata «EAEko errealitate sozioekonomikora» egokitu beharko lukeela, Espainiako Gobernuak ezarritako neurriak alde batera utzita, eta, hortaz, soldata igoerak %4,5ekoa baino handiagoa izan beharko lukeela.
Hurrengo urteko aurrekontuei dagokionez, CCOOk azaldu du Jaurlaritzak xede duela 2026koen bide beretik joatea. Sindikatuak gogoratu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerga bilketak urte honetarako espero zena gainditu duela, eta, beraz, Jaurlaritzak «kalitatezko eta baliabide nahikoa dituzten» zerbitzu publikoak indartu behar dituela.
Bestalde, UGTk adierazi du aurrekontuen aurreproiektu zirriborroa «murriztailea eta anbizio gutxikoa» dela: «Bereziki kezkatzen gaitu ez duela konpromisorik hartzen langileek erosahalmena ez galtzeko».