Ekoizpena handitzeko lehen urratsak egin ditu dagoeneko Talgok. 2027. urtea amaitu bitartean Ribabellosako lantegirako berrehun langile hartuko zituela iragarri zuen, eta horietatik 53 dagoeneko kontratatu ditu.
Otsailaren amaieran Gasteizen egindako hitzaldi batean eman zuen kontratazioen berri Jose Antonio Jainaga Talgoko presidente berriak. Orduan iragarri zuen eskariei erantzuteko Araban bertan ekoizpena handitzeko asmoa zutela, eta ez zutela kanpoko bazkiderik bilatuko. Salbuespen bakar bat egin zuen: Ekialdeko Europan abiadura handiko trenetan espero den hazkundeari aurre egiteko, hango bazkide batekin elkartzen saiatuko dira.
Ildo horri berari heldu dio gaur Talgok, agiri baten bidez. Azaldu duenez, langile berriekin bi helburu bilatzen ditu. Batetik, gaur egungo ekoizpen beharrei erantzungo die, egungo gaitasuna eskas geratzen ari zaiolako eskari zorro handiari erantzuteko —isunak jarri izan dizkiote Renferi trenak berandu emateagatik, eta Alemanian kontratu bat txikitu du—. Bestetik, «industriaren talentua indartzeko eta hazkunde jasangarria bermatzeko egiturazko estrategia bat» dauka enpresak, eta horri esker hurrengo urteotarako proiektu nagusiei heldu ahal izango die. Berrehun langile kontratatzea da estrategia horren lehen pausoa.Â
Talgok azaldu duenez, mekanikariak, soldatzaileak, elektrikariak eta ingeniariak ari dira kontratatzen. Esperientzia duten langileak ez ezik, lanbide heziketa amaitzen ari diren ikasleak ere hartu nahi dituzte.
Euskal Herrira itzuli da
Abenduaz geroztik, Talgo euskal partzuergo baten kontrolpean dago. Haren parte dira Jainagaren Clerbil sozietatea (%7,8), Eusko Jaurlaritzaren Finkatuz funtsa (%7,8), BBK (%7,8) eta Vital fundazioa (%3,9).Â
Talgok bere historiako eskaera zorrorik beteena dauka gaur egun, 6.000 milioi euroren lanak dituela entregatzeko. Otsailaren hasieran eskuratu zuen azken kontratua, 1.332 milioi eurokoa, Saudi Arabiarako.