Taxilariek iragarri dute mobilizazioak egingo dituztela Uberren eta Cabifyren aurka

Martxoaren 26an egingo dute protesta, Donostian, plataformen «intrusismoa» salatzeko eta «araudia bete dezatela» eskatzeko.

Taxiak, Donostiako geltoki batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Taxiak, Donostiako geltoki batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
jokin sagarzazu
2026ko martxoaren 9a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Martxoaren 26an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako taxilariak errepidera aterako dira, baina kasu honetan protesta egitera. Donostian mobilizatuko dira, Taxisten Euskal Federazioak deituta. Talde horretako kideek ibilgailu gidaridunen (IG) plataformen —Cabify eta Uber— «intrusismoa» salatu dute, eta ohartarazi horrek kalte egingo diela taxilariei ez ezik zerbitzu horren erabiltzaileei eta «herritar guztiei oro har» ere.

Komunikabideetara bidalitako ohar batean, erakundeetako arduradunen jarrera kritikatu dute. «Izugarri harritzen gaitu nola onartu dituzten plataforma hauek. Uberrek Herbehereetan du egoitza fiskala, eta han deklaratzen ditu irabaziak. Gainera, IG baimenak dituzten enpresa gehienak Madrilen daude, eta, beraz, ez dute gure lurraldeetan zergarik ordaintzen. Ondorioz, gure ekonomiari ez zaio batere onurarik iritsiko».

Donostian otsailaren 18an hasi zen Uber bere zerbitzua ematen. Aurretik, Bilbon, Iruñean, Baionan eta Miarritzen sartu ziren IG plataformak. Taxisten Euskal Federazioak Jon Insausti Donostiako alkateari leporatu dio «interesik azaldu ez izana plataforma horiek legedia zorrotz bete dezaten».

Federazioak gogor kritikatu du politikariek «taxiaren zerbitzuarekiko konpromisoa agertzea eta aldi berean eta IGen araudia betearazteko asmoari uko egitea». Beste leku batzuetan oso bestelako jokabidea izan dutela nabarmendu du, «Iruñean eta Vigon [Galizia], esaterako». «Hiri horietan administrazioek kontrol eta inspekzio zorrotzak ezarri dizkiete IG plataformei, ibilgailuak geldiaraziz eta, araudia betetzen ez badute, isunak ezarriz».

Talde horretako kideen arabera, plataforma horiek eskaintzen dituzten zerbitzuak «nabarmen prekarioak dira, bai erabiltzaileentzat, bai langileentzat». Gainera, ohartarazi dute haien jarduna baimentzeak «bertan erregulatzeko ahalmena galtzea» ekarriko duela, eta horrek, neurri batean, «eskumenen zentralizazioa defendatzen duten ideologiekin bat egiten» duela.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA