CAFek huts egin du bere dibertsifikazioan aurrera egiteko emandako azken pausoan. Thalesen seinaleztapen adarra erosteko lehiaketan parte hartu du, baina Frantziako konpainiak haren lehiakide bat hautatu du, Hitachi japoniarra. CAFek baieztatu ez duen arren, merkatuko analista askok ziurtatu dute beste aukera bat aztertzen ari dela Beasaingo konpainia: Talgo erostea.
Thalesen seinaleztapen adarra erosteko saioa urrats ausarta zen CAFen aldetik, arrain handia baita bere neurriko konpainia batentzat. Izan ere, Thalesen filial horrek 1.700 milioi euro inguru fakturatzen ditu urtero, eta 9.000 langile ditu; CAFek berak, berriz, 2.762milioi euroren salmentak izan zituen iaz, eta 13.000 langile ditu.
Aipatu izan denez, operazioa egin ahal izateko, CAFek kapitala handitu beharko zuen, eta finantza bazkide bat lortu halako inbertsio bat partekatzeko.
Baina arriskuak merezi zuela uste zuen CAFeko zuzendaritzak, lor zezakeen etekina are handiagoa izan zitekeelako: kontratu gehiago eta mamitsuago. Kontua da trenen gero eta lehiaketa gehiagotan bezeroak zerbitzu osoa eskatzen duela. Hau da, trena hornitzeaz gain, trengileak seinaleztapen sistema gero eta konplexuagoak eta mantentze lanak eskaini behar dituela lehiaketak irabazteko.
CAFek badu bere seinaleztapen adarra, CAF Signalling izenekoa, baina Thales bereganatuta gaitasun askoz handiagoa izango zukeen arlo horretan. Berez, CAFek eta Thalesek elkar hartuta joan dira lehiaketa askotara, eta bien arteko ezagutza ona faktore bat izan zitekeen bi konpainien bat egite bizkor baterako.
Hitachi lehiakidea, indartuta
Thalesentzat ere erabakigarria izan da bezeroen eskaera bere seinaleztapen adarra gainetik kentzeko, Patrice Caine Thalesko kontseilari ordezkariak onartu duenez. Thales zen trenbideen seinaleztapenaren arloan bakarrik aritzen zen aktore bakarra, eta kontratuak lortzeko zailtasunak eta bazkideak etengabe bilatu beharrak bultzatu du saltzera, eta ez filialaren errentagarritasun falta. Aurrerantzean, honako hiru sektore hauetan arituko da Frantziako konpainia: militarra (fakturazioaren %53), aeronautika (%28), eta zibersegurtasuna (%19). Arlo horietan inbertsio gehiago egiteko aukera izango du Thalesek, Hitachiren eskutik jasoko dituen 1.660 milioi eurorekin.
Japoniako enpresarentzat, berriz, sektoreko Europako erraldoiekin —Alstom eta Siemens—, eta neurri txikiagoekin —CAF eta Stadler— hobeto lehiatzeko tresna bat da seinaleztapen adar sendo bat izatea.
Talgoren aukera
Thales erosteko aukera galdu ondoren, ikusteko dago zer egingo duen CAFek. Azken urteetan hedapen betean dago Gipuzkoako konpainia, trenak egite hutsetik atera nahian. Erosketarik esanguratsuena Solarisena izan zen, 2018. urtean. Autobus elektrikoen arloan Europako konpainia liderra zen poloniarra, eta bide horretatik doa CAFen eskutik ere. Aurtengo lehen sei hilabeteetan, CAF taldearen negozioaren laurden bat ekarri dio Solarisek, eta portzentaje hori handitzen ari da. 2019an, berriz, Suediako Euromaint trenen mantentze enpresa erosi zuen.
Hurrengo erosketa zein izango den espekulatzen ari dira azkenaldian burtsako analistak, eta kinielatan asko agertzen den izena Talgorena da. Espainiako tren konpainiaren akziodunak hiru funts dira, eta haien ez saltzeko konpromisoa 2022an bukatuko da. CAFentzat izan dezake interesa Talgo erosteak, haren indargunea —abiadura handiko trena— delako, hain zuzen ere, CAFen ahulgunea —kontratu bakarra lortu du, Norvegian—. Talgok lantegi bat du Madrilen, eta bestea Ribabellosan (Araba).