Torresek berretsi du ez dituela ELA eta LAB Elkarrizketa Sozialerako Mahaian egotera derrigortuko

Parte hartze instituzionaleko legeak sindikatuen erabakimena errespetatuko duela esan du sailburuak. EH Bilduk legea erretiratzeko eskatu dio.

Mikel Torres Ekonomia eta Lan sailburua, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Mikel Torres Ekonomia eta Lan sailburua, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2026ko apirilaren 24a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak parte hartze instituzionaleko legearen alde hitz egin du gaur Eusko Legebiltzarrean, eta ukatu egin du berriro ELA eta LAB Elkarrizketa Sozialerako Mahaian egotera derrigortuko dituela. Akordioetan parte hartzen duten sindikatuei «aitortza bat» egitearen alde agertu da, halere, baina zehaztu du horrek ez duela esan nahi parte hartzen ez dutenak baztertu edo zigortu behar direnik. EH Bilduk legea erretiratzeko eskatu dio.

Joan den apirilaren 14an Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren bileran aurkeztu zituen legearen oinarriak Torresek, eta iragarri zuen «ondorioak» izango zirela mahaian parte hartzen ez duten sindikatuentzat. ELAk eta LABek haserre erantzun zioten sailburuari, eta gerora hitz horiek apur bat ñabartu bazituen ere, gaur EH Bilduk zer egingo duen argitzeko eskatu dio kontroleko osoko bilkuran.

Torresek adierazi du hutsune bat betetzera datorrela lege berria, eta sindikatuek eta enpresarien ordezkariek politika publikoen diseinuan eta aplikazioen parte hartzeko duten modua zehazteko aukera emango duela. Azpimarratu du «demokratikoki» onartuko dutela legebiltzarrean, eta elkarrizketa soziala eta gizarte eragileen parte hartze instituzionala indartzeko «abiapuntu bat» izango dela, nahiz eta sindikatu batzuek mahai horietan parte hartzeari uko egiten dioten.

ELAri eta LABi buruz ari zen Torres. Zuzenean aipatu gabe, «absentismo soziolaborala» egitea egotzi die bi sindikatuei Elkarrizketa Sozialerako Mahaian parte hartzeari uko egiten diotelako. «Ez dut ulertzen eta ez dut bat egiten sindikatu batek langile klasearen lanari eta bizitzari eragiten dieten gauzak erabakitzen diren mahaietan parte hartu nahi ez izatearekin». Eta leporatu die jarrera hori justifikatzeko bere hitzak «bihurritzea» eta mahaiaren izen ona «zikintzeko» helburuz «errealitatea faltsutzea».

Mahaiaren arazoa

Pazis Garcia EH Bilduko legebiltzarkideak sailburuari gogorarazi dio bi sindikatu horiek langileen ordezkaritzaren %60 baino gehiago dutela, eta mahaian parte hartzen duten sindikatuek, berriz, %28 baino ez. «Nork desitxuratzen du errealitatea hemen, Torres jauna?», itaundu dio. «Ezin dituzu hauteskundeetako emaitzak lege batekin ordezkatu».

Garciaren hitzetan, sindikatuen ordezkaritza aintzat ez hartzea ez da Elkarrizketa Sozialeko Mahaia defendatzeko modurik egokiena. Eta azpimarratu du arazoa, agian, ez dela ELAk eta LABek parte hartzen ez dutela, oroitarazi baitu mahai horrek ez duela bilerarik egin azken hiru urteetan. Bada, legea bertan behera uzteko eta «zubiak apurtzen dituzten eztabaida antzuak» alde batera uzteko eskatu dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA