Laboral Kutxako ikerketa bulegoko zuzendaria

Joseba Madariaga: «Trantsizio energetikoari begira, autogintzak malgutasuna behar du»

Industria ekonomiaren «katebegi ahula» da gaur egun, Madariagaren ustez: ez dago atzeraldian, baina ez da motorra. Dena den, baikor da, eta aurten baino hobeto jardungo duela espero du Madariagak.

Joseba Madariaga, Laboral Kutxako ikerketa bulegoko zuzendaria. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Joseba Madariaga, Laboral Kutxako ikerketa bulegoko zuzendaria. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2025eko abenduaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baikor mintzo da Joseba Madariaga (Bilbo, 1964), Laboral Kutxako ikerketa bulegoko zuzendaria. Industria ehuna dibertsifikatuta dago, enpresek esportatzeko esperientzia dute, eta teknologikoki gaituta daude. Haren ustez, horregatik, egoera onean daude trantsizio energetikoari eta erronka digitalari aurre egiteko. «Erresistentziarako ahalmena dute».

Ikusi gehiago

Zein da egoera orokorra?

Industria ekonomiaren katebegi ahula da. Ez dago atzeraldian, baina ez da ekonomiaren motorra. Haren jarduera apal dago, eta ez du goranzko joera iraunkorrik izan.

Zer gertatzen ari da?

Ez da arazo zikliko bat. Jarduera moteltzen duten egiturazko hiru arazo daude. Batetik, Asiako eta batik bat Txinako enpresen aldean lehiakortasun arazo bat du Europako industriak. Kostuetan argi ikusten da, bai eta egoeretara egokitzeko ahalmenean ere. Horrek negozio marjinak estutzen ditu, bai kostuetan eta bai prezioetan. Bigarrenik, nazioarteko egoera aldakorra da. Beste garai batzuen aldean, ezegonkortasuna da nagusi. Esportatzen jarraitzen dugu, baina arrisku geopolitikoek eragina dute. Mundua zatikatu egin da, eta, horregatik, kanpo eskaria apalagoa da. Hirugarrenik, trantsizioei aurre egin behar die industriak. Eraldaketa sakona egin behar du araudietara egokitzeko, bai eta teknologietan ere. Europak ezarritako norabide estrategikoa oso irmoa da. 

Zer sektoretan nabari da hori?

Autogintzan. Funtsezko sektorea da. Borroka latza du. Oso egoera konplexuan dago, eta, horregatik, trantsizio energetikoari begira malgutasuna behar da. Zergatik? Trantsizioa luzea delako, inbertsio handiak egin behar direlako eta errentagarritasuna apaltzen delako. Hori kontuan hartu behar da. Nafarroako egoera ikusi besterik ez dago. VW ekoizpen sistema aldatzen ari da, eta horrek dituen ondorioak ikusten ari gara. Produkzioa eta esportazioak moteldu dira, eta alboko industrian ere nabari da hori.

«Duela ez asko, marko egonkor eta iraunkor bat zuten enpresek munduan. Marko hori birrindu egin da»

Nazioarteko egoerak zenbateraino eragiten du enpresek egin beharreko inbertsioetan?

Zaila da horri erantzutea, ez baitut informazio nahikorik. Trantsizio energetikoari aurre egin beharko ez bagenio ere, egoera aldatu egin da nabarmen. Duela ez asko, marko egonkor eta iraunkor bat zuten enpresek munduan, eta horrek lagundu egiten zien hornidura katean ekoizpen merkeko tokietan kokatzen. Marko hori birrindu egin da. Mundua zatitu egin da, muga zergak ezarri dira, eta pandemiak agerian utzi zuen hornidura katean etenaldiak sortu zirela ere. Dena mugitu den honetan, enpresek pentsatu egin behar dute nola berrantolatu, eta zer egin. Denbora behar dute horretarako, eta horrek inbertsioari eragiten dio.

Eta nola egiten diote aurre horri?

Batetik, epe laburrera begira, negozio marjinak estututa. Ez dago beste erremediorik muga zergei eta ingurune ekonomiko ziurgabe horri aurre egiteko. Era berean, Europan badaude, enpresek apustu argia egin behar dute: sistema produktiboa aldatu behar da. Europan 2050erako oreka lortzea eta CO2 emisioak naturak xurga ditzakeen neurrian isurtzea eskatzen du. 

Eta 2026an bide beretik jarraituko du?

Ez, uste dut egoera egonkorragoa izango dela. Portaera baikorra izango du industriak. Nafarroan, Volkswagenek bere egokitzapena amaituko du, eta hori bera nabarituko da, urte honetako datuak txarrak izan dira eta.

Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA