Donald Trump ez zen amore emateko jaio, eta AEBetako justiziak nahia atzera bota eta herrialdeko enpresari handi batzuek muga zergen erabilera gogor kritikatu duten arren, haiekin jarraitzeko modua aurkitu du 1974ko lege batean. Herrialde horien gehiegizko ekoizpenak AEBetako enpresei kalte egiten diela argudiatuta lortu du argi berdea. Gauzak hala, AEBetako Gobernuak bere hamalau bazkide nagusien inportazioak zorpetzen jarraitu ahalko du, tartean Txinakoak eta Europako Batasunekoak. Are gehiago, nahiko balu, horiek gogortzeko aukera izango luke aurrerantzean
Hasiera batean Txinari eta Europari haiekin lorturiko aldebiko akordioetako baldintzak mantenduko dizkiela jakinarazi du Etxe Zuriak. Beraz, Txinako produktuek, edo haiek inportatzen dituztenek, %20ko gainkostua ordaindu beharko dute AEBetan sartzeko eta Europakoek %15. Zein da berritasuna orduan? Batetik legezko berme sendoagoa, eta bestetik muga zerga horiek igotzeko aukera. Izan ere, herrialdeen arteko negoziazioek kale egiten badute, edo Trumpek hala nahiko balu, AEBek %40ra arte igo ahalko ditu Txinari ezarritako muga zergak eta %20ra arte Europako produktuei ezarritakoak.
Hauek dira zerrendako beste herrialdeak: India, Japonia, Hego Korea, Mexiko, Vietnam, Taiwan, Thailandia, Malaysia, Indonesia, Suitza, Norvegia, Singapur, Bangladesh eta Kanbodia. Etxe Zuriko bozeramaile anonimo batek zehaztu duenez, zerga horiek kontsulta publiko fasean daude egun eta prozesu horretan aldaketak izan ditzakete. Ez du baztertu ere herrialdeen arteko negoziazioak tarteko kopuru horiek aldatu ahal izatea. Ondo bidean urtarrilean sartuko dira indarrean. Egun Txinak duen merkataritza akordioa, berriz, urtarrilaren 10ean amaituko da.Â
B plana
Gaur iragarritakoa, muga zergak handitzeko bigarren saiakera da. Aurrenekoa Auzitegi Gorenak indargabetu zuen duela bederatzi hilabete. Orduan AEBetako presidenteak B plana jarri zuen martxan. 1974ko Merkataritza Legeko 301 atalean aurkitu zuen zirrikitua. Trumpek herrialde horien ustezko gehiegizko ekoizpenari buruzko ikerketa bat eskatu zuen eta haren emaitzen oinarrituta ezarri ditu muga-zerga berriak.
Bide hau aurreko dekretua baino luzeagoa zen, baina era berean lege berme handiagoa du. Esan bezala, momentuz ezarritako muga zergak herrialdeekin adosturiko aldebiko akordioetan zehazturikoak dira. Era berean, eta Etxe Zuriko bozeramaileak jakinarazi duenez, herrialde horiek guztiek aurretik ezagutzen zuten gaurko albistea. Iturri berak azaldu du gaur onarturiko sistemak letra txiki gehiago duela, eta, bestea beste, herrialde jakin batzuetako produktu batzuei muga zerga bereziak ezartzeko aukera ere ematen duela.
Â
Â
Â