Donald Trumpen hurrengo txioaren zain dago Europako autogintza. AEBetako presidenteak kontinente zaharretik inportatutako autoei %25eko muga zerga ezartzeko mehatxua egin zuen joan den ostiralean, baldin eta Europako Batasunak ez bazuen berehala indarrean jartzen AEBekin egindako merkataritza akordioa. Ia astebete igaro da, eta ituna oraindik berresteko dago, EB barruko erakundeen desadostasunak direla medio.
Europako Parlamentuko eta estatu kideetako negoziatzaileak gaur goizeko ordu txikiak arte aritu dira negoziatzen, baina ez dute ados jartzerik lortu. Datozen asteetan negoziatzen jarraituko dutela azaldu dute, baina ikusteko dago Trumpek hainbesteko pazientzia ote duen. Gaur bertan, mehatxua berretsi du AEBek EBko instituzioetan duen enbaxadoreak, Andrew Puzderrek. Muga zergak «nahiko bizkor» iritsiko direla esan du, baldin eta aste honetan aurrerakuntza handirik ez badago. Gogorarazi duenez, AEBak dagoeneko hitzartutakoa ezartzen ari dira.
EBk Trumpen presioari men egin eta merkataritza itun desorekatu bat hitzartu zuen joan den uztailean, AEBetako presidentearen Turnberryko golf zelaian (Eskozia). Haren bitartez, %15eko muga zergak ordaindu behar dituzte EBren industria produktu gehienek —autoek barne— eta ez Trumpek bere kasa ezarritako %25.
Groenlandia eta salbuespenak
Baina itun horrek haserre handia eragin zuen Europan, eta kritika gogorrak jaso zituen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, oso lerratuta baitago AEBen mesedetan. Egoera ez zuten baretu Trumpek Groenlandia bereganatzeko etengabeko mehatxuek. Europako Parlamentuak aste batzuez izoztu egin zuen akordioa berresteko prozedura, eta azkenean berretsi zuen, baina salbuespen gisa jaso zuten itun hura bertan behera geratuko zela baldin eta AEBek ituna betetzen ez bazuten edo beste muga zerga batzuk ezartzen bazituzten.
Trumpek onartuko ez dituen beldur, baldintza horiek pixka bat urardotu nahi dituzte estatu kideek, eta azken bertsioa da orain negoziatzen ari direna Europako Parlamentuko ordezkariekin. «Aurrerapausoak» izan direla ziurtatu du Maros Sefcovic EBko Merkataritza komisarioak, eta EBk esandakoa bete duela nabarmendu du. Aldi berean, ohartarazi die AEBei haiek ere neurriak hartuko dituztela baldin eta Trumpek %25eko muga zergak ezartzen baditu.
Â