Tubos Reunidoseko Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) enpresa batzordeek agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarreko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Batzordean. Han esan dute «eskua luzatuta» daukatela enpresarentzat irtenbidea bilatzeko, eta erantsi dute irtenbide hori orain arte planteatu dituzten aldarrikapenetan oinarritu behar dela, hau da, lanpostuei eta altzairutegiari eustea eta logistika arloa ez kanporatzea.
Bi plantetako batzordeak zein bere aldetik azaldu dira Legebiltzarrean. Amurriokoek esan dute enpresaren benetako arazoak finantzaketarekin duela zerikusia, eta «kudeaketa txarrak» areagotu egin duela hori: «2008ko martxoan 170 milioi euroko kreditua eskatu zuten, eta dirua akziodunen artean banatu zuten; egun batetik bestera, zorra 30 milioitik 200 milioira handitu zen».
Orain, enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartuta, «beste etapa bat» zabaldu dela iritzi diote. Esan dutenez, greba mugagabea bertan behera utzita «kaleratzerik gabeko irtenbide bat» lortzeko konpromisoa azaldu dute, eta konpromiso horrekin bat egiteko eskatu diete erakundeei: «Konkurtsoan sartu izana inflexio puntu bat da, eta aukera eman behar du arreta behar den tokian jartzeko: proiektuaren bideragarritasunean, alegia».
Trapagarango plantako ordezkariek, berriz, esan dute Bizkaiko lantegia «gaurtik bideragarria» izan daitekeela bazkide inbertitzaile bat topatuz gero, eta erakundeei laguntza eskatu diete bazkide hori aurkitzeko. Haien ustez, Trapagarango plantaren etorkizuna bermatzeak lagundu egingo luke Amurrioko plantaren egoerari ere irtenbide bat bilatzen.
Haien arabera, Tubos Reunidosen lantegi bakoitzak bere «abiadura propioa» du, besteak beste, lan desberdinak dituztelako: petrolio eta gasaren industriarentzat lan egiten dute Amurrion, eta sektore gehiagotako enpresak dira Trapagarangoaren bezero. «Trapagaranek lan karga eta bezeroak baditu. Horregatik, babes politikoa eta administrazio bizkorra eskatzen ari gara, Trapagaranentzat inbertitzaile bat aurkitzeko», esan dute. Presazko egoera dela uste dute: «Baliteke esku artean ditugun eskaerak galtzea entrega epeak asko atzeratzen ari direlako. Premiazkoa da laguntza lortzea. Lau hilabeterako lan karga daukagu, baina dirua behar dugu lehengaia erosteko».
Parlamentarien babesa
Talde parlamentarioetako ordezkari guztiek elkartasuna adierazi diete langileei, baina ñabardurak egon dira haien mezuetan. Markel Olanok (EAJ) esan du orain ez dela «elkarri mokoka» ibiltzeko garaia: «Ardurak eta erruak besteei leporatzeak bide laburra dauka». Horren ordez, «elkarlana eta konfiantza lantzea» proposatu du: «Gatazkaren fasea gainditu behar da. Bake sozialak lagunduko luke konfiantza sortzen, eta inbertitzaileak erakartzeko ere balioko luke».
Ander Goikoetxeak (EH Bildu) «eredugarritzat» jo du langileek hilabete hauetan egindako borroka, eta lehentasunezkotzat jo du inbertsio berriak bilatzeaz batera «industria plan sendo bat» garatzea. Jorge Juezek (PSE-EE), berriz, esan du Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza «konprometituta» daudela enpresaren etorkizunarekin, eta irtenbideak bilatzeko lanean aritu direla: «Ez da zatiketarako garaia, denok elkarrekin arraun egitekoa baizik».
Inbertitzaile berriak
Mikel Jauregi industria sailburuak Tubos Reunidosen egoera hizpide izan du Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko agerraldian. Igandean BERRIAk egindako elkarrizketan esandakoa berretsi egin du Jauregik, eta azaldu zenbait inbertitzailek «interesa» agertu dutela prozesuan laguntzeko, «oraindik proposamen zehatzik ez dagoen arren».
Jauregiren iritziz, enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu izanak errotik aldatu du egoera: «Orain badago zorra modu legezko eta ordenatuan berrantolatzeko aukera; lehen ez zegoen horrelakorik, SEPIk ez baitzuen zorra murrizteko legezko modurik, baina orain auzia administratzailearen eskuetan dago». SEPIk zorra murrizteko aukerari dagokionez, Espainiako Gobernuan «konfiantza osoa» duela erantsi du Jauregik.
Bestalde, EAEko Auzitegi Nagusiaren Gizarte Aretoak uztail hasieran egingo du Tubos Reunidosen kaleratze kolektiboari buruzko epaiketa, eta han aztertuko du zuzendaritzak aurkeztutakoa legezkoa ote den. Hala esan du areto horretako presidente Garbiñe Biurrunek, Radio Euskadik egindako elkarrizketa batean.
ELAk, LABek, ESKk eta UGTk salaketa bana jarri zuten Tubos Reunidosek enplegua erregulatzeko aurkeztutako espedientearen kontra. Biurrunen arabera, aldeek ahozko epaiketan aurkeztuko dituzten frogak aztertuko ditu auzitegiak, eta aurreratu du EAEko Lan Ikuskaritzak egindako txostena «garrantzi handikoa» izango dela auziaz ebazteko.