Datorren astean egingo dute BIEMH makina-erremintaren inguruko nazioarteko azoka, Barakaldoko BECen (Bizkaia). Bi urterik behin antolatzen da erakustaldia, eta, oraingoan, oso testuinguru berezian irekiko ditu ateak: AEB Ameriketako Estatu Batuen muga zerga aldakorrak, Txinaren lehia biziak eta, oro har, mundu osoan dagoen egoera ezegonkorrak ziurgabetasuna ekarri dute nazioarteko merkatuetara. Baina antolatzaileak eta sektoreko eragile nagusiak baikorrak dira: zailtasunak ugariak direla aitortzen duten arren, negoziorako aukerak ere ikusten dituzte nazioarteko panoraman.
Sektore horri dagokionez, Europako azokarik garrantzitsuenetako bat da BIEMH. Datuak edozein zorabiatzeko modukoak dira: 34 herrialdetatik iritsitako 1.503 enpresak hartuko dute parte, 3.335 produktu egongo dira ikusgai, horien artean 1.503 makina eta ehun robot inguru, eta 70 herrialdetako bezero eta bisitariak egongo dira. BECeko sei areto handi hartuko ditu azokak, eta 30.000 bisitari baino gehiago espero dituzte martxoaren 2tik 6ra.
Azokaren aurkezpenean parte hartu duten agintari, antolatzaile eta eragile guztiak bat etorri dira: nazioarteko egoera «zaila, konplexua eta ziurgabetasunez betea» da. Baina denek eman dute mezu baikorra: Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuorde Andoitz Kortak esan duenez, «ospakizuna» ere izango da BIEMH azoka; «euskal industriak badu giharra, eta kanpoko inbertsioak erakartzeko gauza da; hori ospatu beharra dago».

AEBetako muga zerga politika da nazioartean ezegonkortasuna eta ziurgabetasuna eragiten dituen faktore nagusietako bat, baina, Kortak azaldu duenez, fabrikazio aurreratuaren sektoreak ez du oraingoz kalte handirik izan horren ondorioz: AEBetara egindako esportazioak apur bat baino ez ziren jaitsi 2025ean aurreko urtearekin alderatuta, eta zenbait arlotan eskaria handitzen ari dela erakusten duten zantzuak badaude.
Bat etorri da horretan Jose Perez Berdud AFM makina-erremintako ekoizleen klusterreko presidentea, baina, azaldu duenez, oso bestelakoa da Txinaren kasua: haren hitzetan, oso denbora laburrean «lehen mailako bezero izateari utzi eta lehiakide garrantzitsua bilakatu» da Txina, eta horrek kezka sortzen du sektorean.
Aukerak ere badaude, ordea, eta India da horietako bat. Duela gutxi, merkataritza akordioa hitzartu dute Indiak eta Europako Batasunak, eta horrek, Perez Berduden esanetan, «aukerak» sortu dizkie sektorean aritzen diren enpresei. Azaldu duenez, orain Indiak eta Europako Batasunak osatutakoa munduko ekonomia esparruetan bigarrena da, AEBen atzetik eta Txina gaindituta. Gainera, kontuan hartu behar da Indiak 1.400 milioi biztanle dituela, haien batez besteko adina 28 urtekoa dela eta goraka datorren ekonomia bat dela. Horrek guztiak oso merkatu erakargarri bilakatzen du euskal enpresentzat, eta, horregatik, herrialde horrek leku berezia izango du aurtengo azokan.
Elkarlanerako lanabes
BIEMH azokaren zeregin nagusia da enpresek euren makineria, diseinu eta teknologia aurreratuenak erakutsi ahal izatea bezeroei. Baina, azokaren ekitaldi arduradun Maria del Carmen Gorostizak esan duenez, erakusleiho huts baino gehiago da biurtekoa, eta sektoreaz gogoeta egitea, enpresen arteko elkarlana sustatzea, eta enpresen eta bezeroen arteko harremana erraztea ere badu eginkizun.
«Euskal industriak badu giharra, eta kanpoko inbertsioak erakartzeko gauza da»
ANDOITZ KORTA Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordea
Hainbat programa eta jarduera antolatu dituzte helburu hori lortzeko. Innovation Workshop izeneko hitzaldi sortan, euren produktuen berritasunak aurkeztuko dituzte enpresetako ordezkariek; Carpe BIEMH Area gunean, profesionalen arteko bilera informalak sustatuko dituzte, haien arteko harremanak indartze aldera; Workinn Talent Hub izenekoa ikasleentzat eta beste lanpostu bat bilatzen ari diren profesional gazteentzat pentsatuta dago, eta han, sektorean dauden lan aukeren berri emango diete, «talentua erakartzeko» asmoz. Gainera, azoka guztietan legez, Innovation Awards izeneko sariak emango dituzte, sei arlotan aurkezturiko proposamenik berritzaileenak nabarmentzeko xedez.
«Azokak erakusten du gure industriak zer egiten duen, baina, halaber, noraino irits daitekeen ere azaltzen du», esan du BECeko zuzendari nagusi Xabier Basañezek. Ideia hori buruan egingo dute 33. azoka, Carpe BIEMH leloa goiburutzat hartuta. Astelehen eguerdian egingo dute hasiera ekitaldia.