Irune Lasa.

'Ukraina momentuak'

2026ko martxoaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ormuzko itsasartearen itxiera beste adibide bat da ordena globala hankaz gora geratu dela erakusten duena. Elkarrekin konektatuta egonda, bateko eta besteko shockak eta gabeziak berdintzen zituzten herrialdeek gutxi asko; edo aliantzak zituzten gatazka eta gorabeherei aurre egiteko. Baina, orain, ordena geopolitikoa irauli denean, lehiaz eta arriskuz betetako mundu honetan, herrialdeak konturatzen ari dira euren burua ahalik eta gehien zaintzea lehenetsi behar dela.

Defentsa arloari buruzkoak izan daitezke aurrekoak, baina berdin balio dute energiarako, eta beraz, ekonomiarako ere. Segurtasunak alderdi asko ditu, eta horietako bat da, eta ez nolanahikoa, segurtasun energetikoa.

Ormuz: Asiaren 'Ukraina momentua'.

Petrolioa ekonomia globalaren Akilesen orpoa da. Ember think tank-aren arabera, munduko biztanleen hiru laurden bizi dira petrolioa eta gasa inportatu behar dituzten herrialdeetan. Eta horrek menpekotasun handia sortzen du.

Europako Batasuna ondo asko ohartu zen horretaz Ukrainako gerra eta gasa zirela medio. Oraingoa «Asiaren Ukraina momentua da, petrolioari dagokiona», esan du Daan Walter-ek, Emberko zuzendariak. Asiako merkatuetan salerosten den petrolioaren %80k —eta gas natural likidotuaren %90ek— igarotzen du Ormuzko itsasartea. Asiaren petrolio eskariaren %40 da, gutxi gorabehera. Oraingo egoeran, petrolio inportazioen menpekotasun handia izatea oso garesti ateratzen ari zaie Asiako herrialdeei. Segurtasun energetikoaren garrantziaz ohartzeko garaia iritsi zaie.

IRAN, ORMUZ
Turkiako ontzi bat, Ormuzko itsasartea igarotzen. TASNIM NEWS / EFE

Trump: Alemaniaren bigarren 'Ukraina momentua'.

Baina ez dira oharra jaso duten bakarrak. Esan daiteke Europako Batasunak, eta batez ere Alemaniak, bigarren Ukraina momentua bizi duela Ormuzko gatazkarekin, eta, bai, Donald Trumpekin.

Ukrainako inbasioarekin, Errusiako energiarekiko menpekotasunetik ihesi, Europak gasa beste edonon bilatzeari ekin zion 2022. urtean, eta AEBen gas likidotuaren altzora bota zuen bere burua, baita Qatarren besoetara ere. Orain dela egun batzuk, AEBek gasik gabe uzteko mehatxua egin dio Europari, Turnberryko Akordioa onartzen ez bazuen. Eta Europak, Putinengandik ihesi, Qatarren gasaren faltan, AEBen altzoan ez baizik Trumpen atzaparretan topatu du bere burua. Eta berriz ere, segurtasun energetikoa funtsezko gai bilakatu da Europan.

Itzalaldia: Espainiaren bigarren 'Ukraina momentua'.

Europako begirada asko Espainiara lerratu dira, herrialde horretan gas natural garestiak ez duelako horrenbeste garestitzen argindarra, eguzkitik eta haizetik sortutako elektrizitate guztiari esker, besteak beste. Horrek nahiko argi erakusten du Europarentzat, Asiarentzat zein den bidea: energia berriztagarriak eta elektrifikazioa. 

Baina ez da hainbeste denbora Espainiak bere bigarren Ukraina momentua izan zuela, berriz ere energia segurtasunaren garrantziaz konturatu zela, iazko apirilaren 28ko itzalaldian. Halakorik ez izatea ere bada-eta segurtasun energetikoa.

ENTSOE Sare Elektrikoen Europako operadoreen elkarteak joan den astean atera du itzalaldi hartan gertatukoari buruzko behin betiko txosten xehatua. Ez du albiste handirik ekarri, eta beste behin, itzalaldia gertakari eta akats batzuen kateatzeak eragin zuela ondorioztatu du; kontua ez zen izan nuklear gutxiegi zegoela, ez zen izan berriztagarri gehiegi zegoela. Itzalaldi hark erakutsi du argindar sarea eta haren operaziorako arauak ez daudela egokituta iturri berriztagarrien —beharrezko— hazkundera.

Gainera, Europa osoaren ajea da hori. Kontinenteak asko egin du iturri berriztagarrietan, baina kamuts geratzen ari da elektrifikazioan: sareek ez dute deskarbonizazio beharrei erantzuteko neurririk, eta kontsumoan, berriz, zer esan auto elektrikoez...

Egia da energia berriztagarriak eta elektrifikazioa bultzatzeak orain Txinari men egitea dakarrela neurri batean, hark teknologia horietan eta lehengaietan duen nagusitasunarengatik. Baina egia da, era berean, Ormuzera begira, Washingtonera begira, egungo logikekin jarraitzea besterik gabe, upela edo gasa noiz merkatu zain, ez duela segurtasun handirik ematen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!