Kafe eta txokolate moussea

Kafe eta txokolate moussea, platereko aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA
Iker Markinez.
2026ko urtarrilaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iker Markinezek kafea eta txokolatea oinarri hartuta prestatu du aste honetako errezeta.

Bizkotxorako:

Arrautzak, lau

Azukrea, lau koilarakada

Irina, lau koilarakada

Kafe disolbagarria, 50 g


Txokolate moussea egiteko:

Esne gaina, litro bat

Txokolate osoa, 500 g

Azukrea, 100 g

Gurina, 50 g
1. urratsa

Lehen pausoan bizkotxoa egingo dugu. Horretarako, banandu arrautzen gorringoak eta zuringoak bi ontzitan. Nahastu bi koilarakada azukre gorringoan, eta irabiatu bost minutuz. Era berean, ondo irabiatu zuringoak, eta, ondoren, nahastu azukrea merengea lortu arte. Nahastu merengea eta gorringoak batera, eta gehitu irina, poliki-poliki. Ondoren, gehitu kafe hautsa. Estali labeko erretilua labeko paperez,  eta zabaldu bizkotxoaren masa gainean. Sartu labean 170 gradutan, hogei bat minutuz. Komeni da labea aurrez berotuta edukitzea.

2. urratsa

Txokolatezko masa prestatzeko, esne gainaren erdia erabiliko dugu lehen pausorako. Sartu lapiko batean, eta jarri sutan, irakiten.

3. urratsa

Bitartean, jarri katilu batean txokolate beltza, azukrearen erdia eta gurina, tapa eta guzti, eta berotu mikrouhin labean minutu batez. Adi: ez berotu gehiago, erre egingo baita bestela. Esne gaina irakiten hasten denean, bota txokolate beltza dagoen katilura. Dena ondo nahastuz, txokolate masa bat lortuko dugu. Utzi bospasei orduz hozten, hozkailutik kanpo.

4. urratsa

Txokolate masa hoztuta dagoenean, hartu erretilu bat, eta hartan bota oraindik erabili gabe dagoen esne gaina. Ondo nahastu azukrearekin. Hoztuta dagoen txokolate masa erdia bota. Guztia ondo nahastu, eta txokolate mousse arin bat lortuko dugu.

5. urratsa

Hartu labean prestatutako bizkotxoa,  eta moztu erditik. Mahuka baten laguntzarekin, zabaldu txokolate moussea bizkotxo erdiaren gainean; jarri kantitate handi samarra. Ondoren, jarri beste bizkotxo erdia gainean,  eta hori ere ondo estali txokolate moussearekin. Horrelako errezetetan aproposa izaten da molde laukizuzenekin jolastea, baina, normalean etxean ez denez halakorik izaten, bitsadera baten laguntzarekin eman dakieke forma bizkotxoari eta mousseari.

6. urratsa

Berotu lehen pausoan egindako txokolate masaren erdia mikrouhin labean segundo batzuk. Koilara batekin, zabaldu muntatua dugun bizkotxoaren gainean, eta gorde hozkailuan.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA