10.000 biztanletik beherako herrietan ordutegiak kenduko ditu Madrilek

Leku publikoetan maskarak nola erabili arautuko du Espainiako Gobernuak datozen egunetan, baina ez du esan maskarak non eta noiz izango diren derrigorrezkoak. Larunbat arratsaldean argitaratu zituen bigarren faserako xehetasunak: jatetxeak, igerilekuak, kultur azpiegiturak eta merkataritza guneak ireki ahal izango dira. Ez da aurreikusten bigarren fasean ikastetxeak irekitzea.

Herritar bat, Otsagabian. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
jon ordonez garmendia
2020ko maiatzaren 17a
08:25
Entzun

Espainiako Gobernuak kendu egin ditu herritarrek kalera ateratzeko dituzten ordutegiak 10.000 biztanletik beherako herrietan. Gainera, Maria Jesus Montero eta Salvador Illa ministroek atzo eguerdian jakinarazi zutenez, datozen egunetan arautuko du nola erabili maskarak leku publikoetan. Eguerdian eman dute erabaki horien berri, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak autonomia erkidegoetako presidenteekin egin duen bilera amaitu ostean. Hego Euskal Herrian, beraz, 36 herri ez dira ordutegien menpe egongo bihartik aurrera. Ordutegi horiek maiatzaren 2an ezarri zituzten, konfinamendutik pixkanaka ateratzeko, eta 5.000 biztanletik gorako herri eta hirietan egon dira indarrean azken asteetan.

Maskaren erabileraz esan dute egunak daramatela horien erabilera aztertzen, eta datozen egunetan arautuko dutela erabilera hori. Illak, ordea, ez du esan nahi izan leku publikoetan derrigorrezkoak izango diren, eta horien erabilera "indartu" egingo dela esan du soilik. Orain arte soilik garraio publikoan dira beharrezkoak maskarak.

Larunbat arratsaldean, bestalde, Espainiako Gobernuak hainbat aldaketa egin ditu konfinamendutik ateratzeko faseetan, eta agindu berri bat atera du. Hego Euskal Herrian indarrean den lehen faseari dagokionez, ehiza eta kirol arrantza baimenduta egongo dira. Merkealdiak ere egin ahal izango dira bihartik aurrera, baina betiere jende pilaketarik ez bada sortzen; hori gertatzen bada, bertan behera geratuko dira.

Aldaketak faseetan eta ordutegietan

Bigarren faserako ere hainbat aldaketa arautu ditu agindu horrek: helduentzako (14 urtez gorakoak) ordutegiak malgutu egingo dira, eta 70 urtetik gorakoentzat gordetako tarteetan (10:00-12:00 eta 19:00-20:00) ez beste guztietan atera ahal izango dira kalera paseatzera edo kirola egitera: 06:00etatik 10:00etara, 12:00etatik 19:00etara eta 20:00etatik 23:00etara. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bi orduz aurreratu edo atzeratu ditzakete tarte horiek. Hamabost lagun arteko taldeak atera ahalko dira elkarrekin kalera, beti segurtasun tartea eta arauak gordez.

Berritasun gehiago ekarriko ditu bigarren faseak. Jatetxeek ateak ireki ahal izango dituzte, eta tabernek ere barruan hartu ahal izango dituzte bezeroak, edukieraren %40 gehienez. Eserita egon beharko dute bezeroek, eta ezingo dute barran kontsumitu. Merkataritza gune handiek ere aterak ireki ahal izango dituzte. Baita 400 metro koadrotik gorako saltokiek ere, baina horiek eremu horretara mugatuta, gehieneko 30 pertsonako edukierarekin, bi metroko segurtasun distantzia mantenduz eta 65 urtetik gorakoentzako ordutegi berezi bat ezarriz.

Kultur azpiegiturak

Zinema aretoak, antzokiak eta monumentu multzoak ere ireki ahal izango dira  bigarren fasean. Areto itxietan, ikusleek aldez aurretik izan beharko dute euren eserlekua gordeta (Internetez erostea gomendatu dute) eta ezingo da edukieraren %30 gainditu, ezta 50 pertsona baino gehiago bildu ere. Aire zabaleko kultur ekitaldietan, ikusleek eserita egon beharko dute, segurtasun tarteak mantenduz, eta horietan ere ezingo da edukieraren %30 gainditu, ezta 400 pertsona baino gehiago elkartu ere. Monumentu multzoetako bisiten kasuan, ohi duten edukieraren herena izango dute. Kultur azpiegitura guztiak, ireki aurretik, garbitu egin beharko dira, eta garbiketa horrek ondare kulturala arriskuan jartzen duen kasuetan, ezingo dira ireki.

Erakusketa aretoei dagokienez, bisitariek bi metroko distantzia gordetzen dutela ziurtatu beharko dute, eta inaugurazioak saihestu beharko dira, jendea ez pilatzeko. Liburutegiak edukieraren %30arekin ireki ahal izango dira, eta bigarren fasean dauden liburutegien artean liburuak uztea posible izango da. Haurrentzako guneak itxita egongo dira aurrerantzean ere.

Kirola

Kirol azpiegiturak eta igerilekuak ireki ahal izango dira maiatzaren 25etik aurrera, baina txanda hartu beharko da horietarako; jolaserako igerilekuak ere bigarren fasean irekitzea aurreikusten dute. Jaunartzeak eta ezkontzak ere ospatu ahal izango dira, baina hainbat baldintzarekin: ezkontzen kasuan, gehienez 100 pertsona elkartu ahal izango dira aire zabalean, eta 50 leku itxietan. Hildakoen beiletan egoteko kopuru gehienezkoa ere handitu egingo dute: 25 leku irekietan, eta hamabost leku itxietan.

Espainiako Gobernuak atzo argitaratu zituen kirol lehiari berriro ekiteko baldintzak ere; bigarren fasean partidak jokatzen hasteko aukera izango da, baina ateak itxita eta publikorik gabe. Taldekako entrenamenduak ere baimenduko dituzte, «osasun egoerak uzten badu».

Greba deialdia hezkuntzan

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo iragarri zuenez, datorren astean bigarren fasera igarotzeko eskatuko du Iñigo Urkulluren gobernuak. Maiatzaren 25ean ikastetxeak irekitzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak, eta ekainaren 1ean Nafarroako Gobernuak, baina Espainiako Gobernuak bart argitaratu duen dekretuak ez du horrelakorik aurreikusten, ezta bigarren fasean ere. Apirilaren 28an Madrilek aurkeztu zuen planifikazioan aurreikusten zen 6 urte arteko haurrek eta batxilergoko bigarren mailan, DBH4n LH2n dauden ikasleak hamabost ikasleko multzoetan hastea, baina herenegun Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak  esan zuen ikastetxeak irekitzea ez dela bateragarria alarma egoerarekin.

Edozein kasutan ELAk Lan Sailean jakinarazi du egun horretarako greba mugagabea deitzeko asmoa duela. Maiatzaren 8an egin zuen jakinarazpen hori, lanuzte mugagabearen hasiera maiatzaren 19rako jarrita, baina, Gasteizko gobernuak itzulera 25era atzeratu ondoren, greba ere 25ean hastekoa litzatekeela jakinarazi dio sindikatuak Lan Sailari. LABek ez du hartu erabaki hori, baina plantoaren alde agertu da lanera itzultzeko segurtasun baldintzak betetzen ez badira.

Eusko Jaurlaritzak ostiralean egin zuen aldaketarik esanguratsuena lehen faseari dagokionez. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrak astelehenetik aurrera lurralde historikoaren barruan muga geografikorik gabe mugitu ahal izango dira. Ez, ordea, ordutegiari dagokionez, helduek ez bezala, haurrek jarraitzen baitute egunean soilik ordubetez ateratzeko baimenarekin; horrek familia askoren joan-etorrietarako askatasuna mugatuko du, beraz.

Nafarroako Gobernuak ere egin du aldaketa bat. Elkarte gastronomikoetan biltzea debekatu du, baina salbuespen batekin: 500 biztanle baino gutxiagoko herrietan dauden elkarteak zabaldu daitezke, beste ostalaritza zerbitzurik ez badago. Tabernarik ez duten Nafarroako herri txiki askotan elkartea da topaleku bakarra, eta horietan eman du aukera Maria Txibiteren gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.