Gaur hasi da Gasteizko Korda gunea husteko operazioan Poliziak identifikatu zituen 11 lagunen aurkako epaiketa. 2025eko ekainean hustu zuten gunea, epailearen aginduz, eta guztira ia 7.000 euroren isunak jarri zizkieten lokal barruan itxita geratu zirenei, mozal legea aplikatuta. Horietako hamar gunearen barruan itxita geratu ziren kideak dira —11 izan ziren guztira, eta hamar identifikatu zituzten—; azkena, berriz, zauriturik suertatu zen manifestari bat artatu zuen ospitaleko erizaina.
Isunak protesta eskubidearen kontrakoak zirela iritzita, uko egin zieten ordaintzeari, eta helegitea ere jarri zieten. Helegite horiek ebazteko lehen saioa egin dute gaur, Gasteizko Justizia Auzitegian, eta mezu hori bera berretsi dute epailearen aurrean ere. Protestarako duten eskubide «legitimoa» berretsi dute, eta adierazi dute berriro egingo luketela gunea «defendatu» beharko balute. Epaileak ebatzi beharko du orain, ordea, husteko aginduari men ez egitea delitua ote den edo ez.
«Errepresioa»
Gasteizko Alde Zaharrean zegoen Korda gunea, Gasteizko Udalaren 21 Zabalgunea enpresa publikoaren jabetzakoa den lokal batean. Eraikina hutsik zegoen, harik eta 2022an Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak, Zaharraz Harro elkarteak eta Herrizoma elikadura sareak «berreskuratu» zuten arte. 2025ean, ordea, udalak lokala husteko asmoa zuela jakinarazi zuen, baita horretarako auzitara jotzekoa ere. Ekainaren 4an, Ertzaintzak gunea husteko operazioa jarri zuen martxan.
Bada, egun hartan jasandako «errepresioa» salatu dute gunea kudeatzen zuten hiru elkarteek. Gogora ekarri dute Poliziak «hamabi orduz» auzoa «militarizatu» zuela, barruan zeuden kideen aurka «oldartu» zela, horietako bat zauritu eta atxilotu egin zutela, eta hura artatu zuen ospitaleko osasun langileari ere isuna jarri ziotela, «ustez poliziaren agindua desobeditzeagatik».
«Errepresioa, baina, ez zen egun horretan bakarrik gertatu», erantsi dute. Izan ere, jakinarazi dute atxilotutako kidearen aurkako auzibidea ere abiatu zutela, eta «desobedientzia» leporatuta gainerako kideei isunak bidali zizkietela. Baina delitu zantzurik ikusi ez, eta epaileak artxibatu egin zuen aurrenekoaren auzia; aldiz, bere hartan eutsi zien isunei.
Era berean, azaldu dute atxilo hartu zuten kideak ere salaketa aurkeztu zuela ertzainen kontra, baina salatu dute gaur-gaurkoz ez dutela horren berririk. Mozal legea «askatasun politiko eta zibilen kontrako tresna» dela eta Poliziaren «inpunitatea» areagotzen duela ere salatu dute. Horregatik, hura indargabetzeko eskatu dute, eta zera nabarmendu: «Errepresioak antolakuntza eta borroka desaktibatzea du xede, baina argi dugu ez dutela lortu».