Ipar Euskal Herriko merkataritza gunerik handiena da Angeluko BAB2 (Lapurdi), eta jendez lepo ibili ohi da eguberri garaietan. Baina larunbat honetan bestelako jende biltze bat ere ikusi dute bertaratu direnek. Carrefourreko 150 langilek greba egin dute, eta protesta ere bai, lan baldintzen okertzea salatzeko.
CFDT sindikatuak deituta mobilizatu dira langileak, eta salatu dute enpresak irabaziak izan arren ez dietela lansaria emendatu. Adierazi dute «aitortza falta» sentitzen dutela. «Mobilizazio masiboa izan bada ere, zuzendaritzak ez du komentariorik egin, eta uko egin dio solas orori», salatu dute agiri batean. «Horrek erakusten du ez dagoela elkarrizketa sozialik, ezta langileenganako begirunerik ere», gaineratu dute.