2022tik euskara eskakizunen kontra jarritako lau helegite gutxienez ber abokatuak bideratu ditu

Lau «helegite deigarri» identifikatu dituzte, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien eta Donostiako Udalaren aurka jarritakoak, eta 345 lanposturi eragin zieten. Abokatu berak ezarri ditu aldiro: Emilio Jose Aparicio Santamariak.

Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko mobilizazioa, Donostian, iazko abenduan. JON URBE / FOKU
Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko mobilizazioa, Donostian, iazko abenduan. JON URBE / FOKU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko martxoaren 12a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argia-k argitaratutako Nor dago oldarraldiaren atzean? kazetaritza lanaren hirugarren piezak agertu duenez, «gutxienez» lau helegite jarri dira 2022tik euskara eskakizunen kontra. Helegite horiek Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien eta Donostiako Udalaren kontrakoak dira, eta 345 lanposturi eragin diete. Ikerketak zehazten duenez, abokatu berak ezarri ditu helegiteak aldiro, «Euskara Denontzat-ek Errenterian (Gipuzkoa) helegitea aurkezteko doan eskaini zuen» abokatu berak, hots, Emilio Jose Aparicio Santamariak.

Ehundik gora epai metatu dira urteotan administrazio publikoek ezarritako hizkuntza eskakizunen kontra. Eta, joan den asteartean, Argia-k egiaztatu zuen salaketa horien atzean «kanpaina antolatu bat» dagoela. Atzo atera zuten bigarren piezak, berriz, zehatzago jo zuen: ondorioztatu dute CCOOko zenbait kide eta Euskara Denontzat elkartea daudela delako kanpainaren atzean. Gaurko hirugarren piezak, azkenik, «lau helegite deigarri» identifikatzen ditu.

Argia aldizkariak, beraz, hizkuntza eskakizunen kontrako helegiteei lotutako epaiak ikertu ditu, eta, gehien-gehienetan izen-abizenak belzturik agertzen badira ere, lortu dute, halere, Aparicio abokatua identifikatzea zenbait erranalditan. Erraterako, 2022ko uztaileko helegitea Andoni Basterra Urrutiak aurkeztu zuen, CCOOko militantea bera, sindikatu bereko liberatu izana eta Euskara Denontzat elkarteko idazkaria dena. Helegitea Bizkaiko Aldundiak 95 lanpostu egonkortzeko deialdian ezarritako euskara eskakizunen kontrakoa da, eta, dokumentuan agertzen denez, Aparicio bera zen Basterra Urrutiaren «ordezkari eta laguntzailea».

2023ko otsailekoa da identifikatutako bigarren helegitea, Irkus Larrinaga San Felices herritarrak ezarritakoa Bizkaiko Foru Aldundiaren LEP baten kontra; orduan ere agertzen da Aparicio Santamaria abizena demandatzailearen ordezkari gisa. 2023ko abenduan, Larrinaga San Felicesek berak ezarri zuen, beste behin, ehun lanposturen egonkortzeko deialdiaren eskakizunen kontrako helegitea, orduan Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurka; bi helegiteak atzera bota zituzten. Larrinaga nafarra da, 2021ean Nafarroako Ezker Batuko zuzendaritzako kide hautatu zuten, eta 2023an Zurekin koalizioaren zerrendan aurkeztu zen Nafarroako Parlamentuko bozetara.

Aparicio Santamaria

Laugarren helegitea jarri duen herritarraren izen-abizenik ez dute topatu, baina Aparicio Santamaria abokatuaren izena agertzen da beste behin ere; 2022koa da helegitea, Donostiako Udalaren kontrakoa, 40 teknikari postu eskaintzeko LEParen aurkakoa.

Ikerketa lanak atzo agertu zuenez, Euskara Denontzat elkarteak ordaindu izan ditu helegiteak aurkezteko abokatuak, eta CCOOko kide Sabin Zubirik zuzenean esku hartu izan du. Aldizkariak azaldu du Aparicio Santamariaren In dubio pro administrado izeneko blogean Zubirik idatzitako testu bat dagoela, eta ez dela ohikoa Apariciorena berarena ez den beste inoren testurik agertzea blogean. Horrek aditzera emango luke euskara eskakizunen kontrako helegiteak jartzeko lanetan ari direnek badutela harremanik elkarrekin.

Oldarraldi «antolatua»

Errenteriako Udalak iragan astean etendako lan deialdi bat izan da ikerketaren abiapuntua: 25 administrari lanpostu hautatzeko zen, eta C1 euskara maila ezarri zuen guztientzat. Whatsappeko talde bateko hainbat mezu eta audioren bidez frogatu dute auzibidea abiatu zuen herritarrak, Maria Isabel Vieiras Nogueirak, ez zuela interesik eta premiarik lan deialdi horretan parte hartzeko. Gaur argitan ezarritako lau helegite jakinen kasuan ere, argi geratzen da, Argia aldizkariak berak idatzi duenez, errekurtso horiek «antolatuak eta propio aukeratuak» izan direla. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA