23 urteko preso bat hilik agertu da Baionako presondegian

'Sud Ouest' hedabidearen arabera, presoak arazo psikiatrikoak zituen, eta bere burua urkatu du.

Baionako presondegia. BERRIA
Baionako presondegia. BERRIA
jakes goikoetxea
2026ko martxoaren 21a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo eguerdian 23 urteko preso bat hilik topatu zuten Baionako espetxean. Sud Ouest hedabideak zabaldu duenez, kartzelako bakarkako ziega bakarrean zeukaten, arazo psikiatrikoak zituelako, eta telefono kable batekin urkatu du bere burua. Kazetaren arabera, atxilotua zaintza psikiatrikoan zegoen «ahotsak entzuten» zituelakoan.

Kartzelako funtzionario batek aurkitu zuen presoa hilda, bazkalorduan, eguerdi aldera. Baionako fiskaltzak France Bleu irratiari zehaztu dionez, gazteari lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten otsailaren hasieran, jabetza batean kalteak eragiteagatik. Presoa isolatuta zeukaten. Autopsia egingo diote gorpuari, eta ikerketa abiatu dute.

Baionako espetxearen eraikina oso zaharra da, 1891koa. Har ditzakeenak baino askoz ere preso gehiago ditu: berez, 70 presorentzako lekua du, 66 ziega guztira. Hala ere, iazko uztaileko datuen arabera, 160 preso zeuden, hau da, berezko kopuruaren halako bi baino gehiago. 160 preso 66 ziegatan. Ziega batzuetan lau preso bizi dira bederatzi metro koadro eskasetan, eta badira ziega txikiagoak ere. 42 funtzionariok lan egiten zuten orduan kartzelan.

Aurtengo hirugarrena

Aurten Euskal Herriko kartzeletan hil den hirugarren presoa da Baionakoa. Martxoaren hasieran 80 urtetik gorako preso bat hil zen Iruñeko espetxean: bihotz-biriketako geldialdia izan zuen; espetxean bizkortu zuten, Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman, eta bertan hil zen. Otsailaren 5ean, berriz, 35 urteko preso bat hil zen Zaballako (Araba) espetxean: hilda aurkitu zuten ziegan, baina hildakoaren senideek Salhaketa elkarteari jakinarazi ziotenez, presoa interfonotik deika aritu zen hil baino ordu batzuk lehenago, eta kartzelako funtzionarioek «arreta medikoa ukatu» zioten. «Ziegak ireki arte» itxaroteko agindu zioten.

Zaballako presioa nola hil zen ikusita, Salhaketak jakinarazi zuen bide judiziala abiatuko zuela zer gertatu zen jakiteko. Frogak eskatzeko asmoa dute, familiaren bertsioak eta administrazioarenak ez baitute bat egiten: modulu horretako segurtasun kameretako irudiak, gau hartan lanean ari ziren funtzionarioen deklarazioak, eta presoarekin ziega partekatzen zuen presoaren eta kartzelako beste preso batzuen testigantzak eskatuko dituzte.

Salhaketak eman zuen Iruñeko eta Zaballako espetxeetako heriotzen berri, ez Nafarroako Gobernuak, ez Eusko Jaurlaritzak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA