Hemen da 24. Korrika. Hiru egun baino ez dira falta: Atharratzen (Zuberoa) abiatuko da ostegunean, eta abiatzea bera ez ezik, egun osoko egitaraua prestatu dute; gaur aurkeztu dute AEK-ko ordezkariek.
Ikusi gehiago
Goizean goizetik izango da jai giroa Atharratzen. Bost gune prestatu dituzte: Herriko plaza, Puntueus gunea, Haurren txokoa, merkatu estalia eta Prefosta. Egitaraua 10:00etan hasiko da: Korrika txikia egingo dute. Eta horren ostean ekintza gehiago izango dira: txaranga, gaiteroak, puzgarria, Bernat Etxepare lizeoko ikasleen animazioa, bazkaria...
15:00etan izango da ekitaldi nazionala, Herriko plazan. AEK-ko kideak eta Zuberoako euskalgintzako kide Oihana Larrandaburu izango dira oholtzan, Zuberoako dantzariek eta txalapartariek lagunduta. Eta 15:30ean abiatuko da 24. Korrika, tipi-tapa, Maule aldera. Lehenengo Euskal Irratietako kideek hartuko dute lekukoa: «AEKren gisara, 1990eko hamarkadatik egiten dute lan euskararen alde, eta ezinbesteko tresna dira egunerokotasunean Iparraldean euskaraz bizi den ororentzat».
Ondoren, Maulera egingo du salto jaiak. Zenbait ekitaldi eta kontzertu egongo dira: Utxaranga, Kuartz, Frigo... Jateko eta edateko postuak ere jarriko dituzte.
Ikusi gehiago
5.000 lagun espero dituzte Atharratzen. Hori horrela, ohar batzuk eman dituzte. Atharratzera joan nahi dutenei gogorarazi diete garraio publikoa erabil dezaketela: autobusak antolatu dituzte zenbait herritatik, besteak beste, Urruñatik, Uztaritzetik (Lapurdi) eta Baionatik. Dena den, autoentzako eta furgonetentzako aparkalekuak egongo dira, eta aukera egongo da bezperatik gaua bertan pasatzeko.
Horretaz gainera, eskaera bat ere egin dute: Korrika abiatutakoan, 17:30era arte Atharratzen egoteko eta ez joateko segituan Maulera: «Bide bakarra da, eta korrikalarien babesa ezinbestekoa da».
Korrika munduan
24. Korrika ostegunean Atharratzen hasi eta Bilbon amaituko da, hilaren 29an. Alta, munduko leku askotan ere antolatuko dute euskararen aldeko ekimena. Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, munduko hamazazpi hiritan sustatuko dituzte Korrikaren aldeko ekintzak. Horietako zortzi Europan daude —Alemanian, Herrialde Katalanetan, Espainian, Frantzian, Italian eta Polonian—; beste zortzi, Amerikan —AEBetan, Kolonbian, Mexikon, Perun eta Txilen—; eta bat, Ozeanian.
Zehazki, hiri hauetan egongo dira Korrikari lotutako ekintzak: Parisen, Bordelen, Pauen (Frantzia), Bolonian (Italia), Poznanen (Polonia), Berlinen, Madrilen, Bartzelonan, Valentzian (Herrialde Katalanak), Santiagon, Valparaison (Txile) Caldasen (Kolonbia), Illinoisen, Chicagon (AEBak), Mexiko Hirian, Sydneyn, Liman eta Trujillon (Peru).
Azaldu dutenez, batetik, unibertsitateek antolatu ohi dituzte ekitaldi horiek, Etxeparek hainbat hitzarmen sinatuak baititu unibertsitateekin, euskarari eta euskal kulturari lotutako irakasgaiak emateko. Bestetik, hainbat euskal etxe ere aritzen dira antolaketan.