* Bizkaian arituko da Korrika egun osoan, azken orduan izan ezik. Busturialdea, Uribe Kosta, Txorierri eta Enkarterri igaroko ditu, baina ez da Bilbotik pasatuko.
* Eskuinaldetik Ezkerraldera arraun surfeko taula batean igaro du itsasadarra. Gauean Araban sartuko da, Aiaraldetik.
* Iruñeko Udalak erabaki du ez duela Korrika finantzatuko AEK-k ez baditu «keinu terroristak» gaitzesten.
19:15 Muskiztik Bilbora
Atharratzen hasitako bidea Muskizera iritsi da jadanik, eta lasterketa Bilbo aldera doa.
18:40 Galipa lekukoarekin
Abantora iritsi da Korrika, Euskal Herriko mendebaldeko mugan, eta Galipakoek hartu dute lekukoa han, herriko mendizale taldeko kideek. Euskararen alde edozein tontorrera igotzeko prest daude. Meatzaldea euskalduntzeko ahaleginak ez du etenik.
18:09 Bakartxo Tejeriak lekukoa eramango du
Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeriak Gasteizko ganberako ordezkaritzaren buru gisa Korrikaren leukoa eramango du Gasteizen, bihar. 2667. kilometroa egingo du Tejeriak, lekukoa Konfekoop elkartearen eskutik hartuta, Bilbo Plazako 2. zenbakian. 22:46an hartuko du lekukoa, ordutegia betez gero. Eta kilometroa egin ondoren, Arabako EH Bilduri pasatuko dio lekukoa.
17:50 Consuelori egindako oparia
Ortuellako Consuelok 97 urte bete ditu, eta urteurren hori ospatzeko, haren familiak kilometroa oparitu dio. Une hunkigarriak bizi izan dira.

17:02 Funikularrak 100 urte, Trapagaranen
Korrikak Trapagarango txokoak eta herritarren bizitzak zeharkatu ditu jadanik. Herri horretako funikularrak mende bat bete du, eta ospakizun horrekin batera iritsi da euskararen aldeko aldarria Trapagaranera.

16:04 Gustuko aldapan, nekerik ez, baina lasai, badaezpada ere
Ez da beti erraza izaten erritmoa mantentzea, eta lekukoaren eta jendearen babesean azkarregi joaten denik ere bada. Furgonetako esatariak, baina, arduratzen dira, ordena mantentzeaz gain, erritmoa zaintzeaz ere.
15:59 Lutxanan ere, euskaraz
Iritsi da Korrika Lutxanara ere. Elkarteek hartu dute lekukoa, eta «Ezkerraldean, euskaraz» oihukatu dute. Txalo egin diote AEKri, eta BERRIA, Hamaika Telebista, Argia eta gainerako euskal hedabideak babesteko eskatu dute.

15:52 «Barakaldokoa naiz eta daukat 'paro obrero'»
Furgoneta gidariek ez dute galdu aukera klasiko bat jartzeko bozgorailuetan Barakaldon. Hona hemen, dantzan hasi nahi duenarentzat, Euskaldun berriaren balada, Fermin Muguruzak abestua, Korrikan bezala:
14:48 Gurutzetako ospitaleko langileak, lekukoarekin
Gurutzetako ospitaleko langileek Barakaldon hartu dute lekukoa, eta ez dute aukera galdu «Osakidetzan ere, euskararen alde» oihukatzeko.
14:45 Zer du lekukoak eramale guztiak irribarretsu egoteko?
Lekuko lasterketa bat da Korrika, baina bada emozio, irribarre eta malko lasterketa bat ere. Atharratzetik Bilbora irribarrez beteta dabil Euskal Herrian, kilometroz kilometro, eta hori izango da ziurrenik etenik ez duen munduko irribarre luzeena. Ezkerraldean ere hala dabiltza, tipi-tapa, irribarretsu.
13:45 lekukoak itsasadarra gurutzatu du, arraun surfeko taula batean
Gaurko irudirik harrigarrienetako bat izango da, ziurrenera: Erandiotik Barakaldora itsasadarra gurutzatu du Korrikak, baina ez zubi batetik, baizik eta arraun surfeko taula baten gainean. Kostata joan da arraunlaria aurrera, hankekin bultzatzen, lekukoa eta lekukoduna eramaten, haizearen kontra. Tarteka geldi, tarteka geldo, eta tarteka oso azkar. Zalantza piztu du horrek: motorren bat al zuen taulak azpian?
24. Korrika | Lekukoa Erandiotik Barakaldora arraun surfeko taula batean
13:40 Erandioko kaleak, gainezka
«Ez dugu istripurik nahi», adierazi du Korrikako furgonetako esatariak. Izan ere, gainezka egin dute Erandioko kaleek lasterketa erdigunetik igaro denean, eta estropezu arriskua egon da, jendetzarengatik. Zer da hau, Korrika ala Iruñeko entzierroa asteburuan? Zerbaitengatik esan ohi da Aupa Erandio!

13:20, Erandio: industria lasterka
Erandion dabil orain Korrika, eta igartzen da ingurune industriala dela. Besteak beste Lantegi Batuak eta Ulma enpresetako ordezkariek eraman dute lekukoa.
Nola gurutzatuko du Korrikak itsasadarra?
Bizkaiko zubiaren ondotik igaro da lehen Korrika, Portugaleten, eta horrek galdera piztu du: zubitik gurutzatuko al du gero itsasadarra? Badator ustekabe bat: egon adi!
Bizkaiko zubia ere zipristindu dugu euskaraz #Portugalete #24KORRIKA pic.twitter.com/42SgGfCX58
— AEK-KORRIKA (@AEK_eus) March 26, 2026
12:30 Hankapaloa, lurrera
Lamiako maskaradako kideek eraman dute lekukoa, Leioako auzo horretan. Maskaradako pertsonaien jantziekin egin dute korrika, tartean hankapaloekin. Horietako bat erori egin da. Ez da larria izan: berriz altxatu eta pankartaren aurrean jarri da hankapaloa.

11:30 EHU ere, korrika
EHUk eraman du lekukoa Leioan. Besteak beste Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordea aritu da lan horretan.
EHU Euskal Herriko Unibertsitateak oraintxe lekukoa. @berria pic.twitter.com/o9gy35QUjG
— Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) March 26, 2026
11:30 Astebete, Korrika
Gaur astebete izango da Korrika Atharratzetik abiatu zela. Santurtzin egingo du, zehazki, astebete. 15:24an da sartzekoa Portugaletetik, eta 15:58an, ateratzekoa, atzera Portugaletera itzultzeko.
11:22 Getxora iritsi da Korrika
Eskuinaldean da Korrika. Asteguna izanagatik, haur, gazte eta langileak atera dira kalera, «Getxon ere, euskaraz» oihukatzera.

10:56 Zer dago furgonetaren aurrean?
Zuzeneko emankizunean une oro ikus litezke lekukoa eta horren atzean doazen euskaltzaleak. Zer dago, baina, furgonetaren aurrean? Tarteka izaten da hori ikusteko aukera ere: Sopelan, jendetza zegoen espaloian lekukoaren zain.

10:50 Sopelan, palistek hartu dute lekukoa
Sopelako pala elkarteko kideek hartu dute lekukoa, eta furgonetako bozgorailutatik palisten aldeko mezuak oihukatu dituzte.

10:45 Atzoko bertso laburpena, Uxue Alkortaren ahotik
10:17 Aterunea, Plentzian

10:03 «Gora Marga, gora Arkote, gora Plentzia euskalduna!»
Arkote arraun taldearen izenean Margak hartu du lekukoa. Euskara etxean jaso ez bazuen ere, euskararen alde lan asko egindakoa da. Malko artean eraman du lekukoa, eta inguruan zituenak «Marga, Marga» oihukatuz animatu dute.

10:00 Gorlizen da Korrika
Badoa Korrika Bizkaian barrena goiz honetan. Gorlizera iritsi da, eta aurretik omenaldi bat egin dute.
Omenaldi berezia egin diote furgonetero izandako Mikeli 10. edizioko doinuarekin🫶🏾
— AEK-KORRIKA (@AEK_eus) March 26, 2026
KORRIKA probestu dugu oroitzeko ❤️🔥 pic.twitter.com/rlIGxXYpWv
09:52 Bihar iluntzean Gasteizen sartuko da
Gasteiz izango du aurtengo Korrikak azken-aurreko hiriburua. 20:37an iritsiko da Arabako hiriburua. Atzo Donostian jendetza bat atera zen kalera, eta aurreko edizioetan hala izan da Gasteizen ere.
Ikaragarria, Antiguo. @berria pic.twitter.com/lLa15DuMjT
— Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) March 25, 2026
09:48 Eskuinaldea eta Ezkerraldea zeharkatuko ditu gaur
Korrika 10:53an Getxora iritsiko da, 12:04an Leioara eta Erandiora arte jarraituko du Eskuinaldetik. Itsasadarra zeharkatu eta Ezkerraldera pasako da gero. Ordutegi hau izango du hor: 13:23an Barakaldora helduko da, 14:32an Sestaora, 15:03an Portugaletera eta 14:24 Santurtzira. Handik Meatzaldera egingo du arratsaldean, Trapagara eta Abanto eta Zierbenara, eta gauean, Araban sartu-irten bat egingo du, Aiaraldean.
09:30 Gaur euria, eta bihar ateri
Euskalmeten iragarpenaren arabera gaur giro hotza eta zaparradak izango ditu lagun lekukoak; zaparrada txikiak izango dira, ordea. Hala izango da bihar goizean ere Araban, baina arratsaldean atertu egingo du.

09:24 «Euskara txar bakarra, egiten ez dena»
Lemoizera ere iritsi da. Euri artean ari dira gaur korrika, baina ez hori ezta aldapak ere ez dira eragozpen. Furgonetatik, gainera, musika, animoak eta euskararen aldeko mezuak ez dira falta.

09:18 Mungialdean da Korrika
Ondarroan barrena sartu da Korrika Bizkaian, eta Mungialdean da orain, Jatabe herrian.
09:05 Bizkaian ibiliko da Korrika
Bizkaia izanda aurtengo Korrikan lekukoa jasotzen azken herrialdea. Bart sartu da eta egun osoz ibiliko da Bizkaian. Gauean Arabara helduko da, baina itzuliko da Bizkaira berriro ere. Aurten Bilbon amaituko da, eta AAEK-k festa eta aldarria uztartuko ditu akabera ekitaldian.
09:00 Zaldieroak Korrika izan du gaur zintarako gai
Gaurko zinta @berria n, ccoorrica. pic.twitter.com/k0Gdh1nRo1
— P. Huarte Larraburu (@zaldieroa) March 26, 2026