400 hildako. Hori da gaurko datua, egunaren sintesi dramatikoa. Euskal Herrian martxoaren hasieratik, COVID-19 koronabirusak 400 pertsona hil ditu. 50 hildako azken 24 orduetan, orain arte egun bakar batean izan den hildako kopururik handiena. Kutsatu kopurua, ordea, apaldu da: 452 kutsatu berri, aurreko egunean baino gutxiago.
Konfinamendua gogortu egin da. Baina gorabeherekin. Espainiako Gobernuak 24 orduko luzapena eman die enpresei, itxialdira egokitzeko. Neurriarekin kritiko agertu ondoren, Eusko Jaurlaritzak dekretuaren letra txikiari heldu nahi dio gutxieneko jarduera bati eusteko. Nafarroako Gobernuak, berriz, Espainiako Gobernuaren erabakia babestu du, aurreko astean jarduera ekonomikoa ez gelditzearen alde agertu bazen ere. Patronala oso kritiko agertu da konfinamendua gogortzearen erabakiarekin. Aldiz, ELAk eta LABek patronalaren esanetara aritzea aurpegiratu diote Eusko Jaurlaritzari.
- ZUZENEAN: Azken ordukoak koronabirusari buruz
- DATUAK: Koronabirusaren azken datuak
- MAPA: Koronabirusaren zabalpena herriz herri
Agian honek ere merezi du
Beldurra. Atzo goizean, Baionako auzo bereko bi erizainek gutunak atzeman dituzte beren auto eta etxeko ateetan zintzilik; bizilagunek idatzi dituzte, eta etxebizitzatik joan daitezela eskatu diete. Gizakien alde ezkorra agerian.
Etorkizuna. Bestelako zaporea utzi dizu Kirmen Uriberen gaurko podcast-ak. Egungo egoera, distopia ala utopia? Etxean geratuta, ez ote ari gara etorkizuna lantzen? Entzun ezazu Kirmen Uriberen gogoeta baikorra.
Zientzia, presaka. Munduko hainbat ikerketa taldek eta botika ekoizlek lasterketa bat abiatu dute COVID-19ari aurre egiteko sendabidearen bila. Oso azkar ari dira lanean hurrengo izurriterako txertoa asmatzeko eta egungo gaixoak tratatzeko botika egokiak aurkitzeko. Zientziaren borroka ulertzeko, gomendagarria oso Jakes Goikoetxearen erreportaje didaktikoa.