41.000 sinadura bildu dituzte adingabeak zezen jaialdietan egotearen aurka

Hainbat talde animalistaren izenean erregistratu dituzte sinadurak Eusko Legebiltzarrean. EAJren eta PSE-EEren lege proposamena erretiratzeko eskatu dute, «atzerapauso larria» delako. Sumarren babesa jaso dute.

Bigantxa ikuskizun bat Gasteizko jaietan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Bigantxa ikuskizun bat Gasteizko jaietan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
2026ko martxoaren 12a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haiekin eta Sokamuturrari Ez plataforma animalistek 41.000 sinadura entregatu dituzte gaur Eusko Legebiltzarrean, adingabeek zezen ikuskizunetan parte hartzea arautu nahi duen lege proposamenaren aurka. Bi elkarteek hainbat talde animalistaren izenean entregatu dituzte sinadura horiek. Taldeen ustez, EAJren eta PSE-EEren lege ekinaldi hori «atzerapauso larria» da haurren babeserako eta animalien ongizaterako, eta hura onartzeak mugarri «arriskutsua» ezarriko luke «jokabide oldarkorrak» normalizatzeko bidean.

EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean aurkeztua duten lege proposamenak zera bilatzen du: 16 urtez azpiko adingabeek «segurtasunez» parte hartzea zezen jaialdietan —sokamutur, txahalen askatze, entzierro eta antzekoetan—. Jaialdi horietan 16 urte arteko adingabeek bakarrik parte hartzea baimenduko luke legeak, baldin eta amaren, aitaren edo legezko tutorearen baimen idatzia baldin badute.

Jeltzaleek eta sozialistek iazko urrian aurkeztu zuten lege proposamena, eta elkarte animalista ugarik segituan jo zuten egitasmoaren aurka. Azaroaren hondarrean, lege proposamena bertan behera uzteko sinadura bilketa bat hasi zuten Change.org atarian, eta ordutik bildu dituzten milaka sinadura erregistratu dituzte gaur Eusko Legebiltzarrean.

Interes orokorraren aurka

Elkarte animalistek Sumarren babesa izan dute, eta Jon Hernandez legebiltzarkideak eta Alba Garcia idazkari nagusiak haiekin batera parte hartu dute legebiltzarreko prentsaurrekoan. «41.000 sinadura horiek erakusten dute euskal gizarteak ez duela atzerapausorik eman nahi ez eskubideetan ez animalien babesean. Eskatzen duguna da herritarrei entzutea, eta interes orokorrari erantzuten ez dion proposamen bat erretiratzea».

Sumarrek gogorarazi duenez, adingabeei horrelako ikuskizunetan parte hartzeko modua emateak arriskuan jartzen du  haurrak indarkeriatik babesteko indarrean den araudia. Era berean, alderdiak adierazi du lege proposamena ez datorrela bat Nazio Batuen Erakundearen Haurren Eskubideen Batzordearen gomendioekin; izan ere, batzorde horrek estatuei eskatu die adingabeak babesteko tauromakiari lotutako indarkeria fisiko eta psikologikoaren eraginetik. «Ez da eztabaida kultural bat, haurren babesari buruzko auzi bat baizik», adierazi dute.

Sumarrek salatu du, halaber, haurrengan eta nerabeengan izan dezakeen eraginaren ebaluazio egokirik gabe ari direla lege proposamena tramitatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA