5.000tik gora gutun bidali dituzte baxoa euskaraz egin nahi dutela adierazteko

Azterketak Euskaraz taldeak eskatu du gutunak bidaltzeko Bordeleko Hezkuntza Akademiako errektoreari eta Parisko Hezkuntza Ministerioari.

Baxoa euskaraz pasatu ahal izatea eskatzeko mobilizazioa, iaz, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Baxoa euskaraz pasatu ahal izatea eskatzeko mobilizazioa, iaz, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Irati Urdalleta Lete.
2026ko apirilaren 24a
13:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bordeleko Hezkuntza Akademiak duela bi aste ukatu egin zien Ipar Euskal Herriko ikasleei baxoko matematikako azterketa euskaraz egin ahal izatea. Ahozko handia euskaraz pasatzeko eskaera ere egin zuten Seaska, Biga Bai eta Euskal Haziak elkarteetako kideek, baina Bordeleko Hezkuntza Akademiaren erantzunean ez zuten aipatu ere egin. Hori horrela, Azterketak Euskaraz-ek Seaskako gurasoei eskatu zien Paueko ikuskaritzari, Bordeleko Hezkuntza Akademiako errektoreari eta Frantziako Hezkuntza Ministerioari gutunak bidaltzeko erabakia salatze aldera; gaur jakinarazi dute astelehenetik hona 5.000tik gora gutun bidali dituztela.

Alta, erantzunik ez, Azterketak Euskaraz-ek gaitzetsi duenez: «Gaur arte, bidalitako milaka gutun horiek ez dute inolako erantzunik jaso. Hezkuntza ministroak eta Hezkuntza Akademiako errektoreak entzungor egiten ari zaizkio oraindik eskaera legitimo honi». Horregatik, deialdia zabaldu dute, eta euskaltzale guztiei eskatu diete bat egin dezatela mezuak bidaltzeko dinamikarekin: «Zehazki, eskatzen zaie egunero mezu bat bidal diezaietela Baxoa euskaraz testuarekin Hezkuntza Akademiako errektoreari, Hezkuntza ministroari eta haien bestelako zerbitzuei, helburua lortu arte».

Ipar Euskal Herriko ikasleen eskaera historikoa da azterketak euskaraz egin ahal izatea. Martxoan berretsi zuten eskea euskarazko irakaskuntzan aritzen diren eragileek: Seaskak, Biga Baik, Ikas Bik eta Euskal Haziak elkarteek. Hain justu, galdegin zuten matematikako azterketa eta baxoko ahozko handiaren zati bat euskaraz egitea aurtendik. Gainera, asteon, Azterketak Euskaraz-ek Baxoa euskaraz afixak jarri ditu Pirinio Atlantikoetako Akademiaren Donapaleuko (Nafarroa Beherea) eta Baionako ikuskaritzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA