A-15 autobidea doakoa izango da automobilentzat 2029tik aurrera

Nafarroako Gobernuko eledunak baieztatu du errepide horren titulartasuna 2029ko uztailean berreskuratuko duela. Kamioientzat, aldiz, bidesariak izango dira.

A-15a, Castejongo zubia. NAFARROAKO GOBERNUA
A-15a, Castejongo zubia. NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
2026ko otsailaren 4a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroa erdialdeko eta Erriberako herritarren aspaldiko aldarrikapen bat hiru urte eta erdi barru beteko da. AP-15a doakoa izango da automobilentzat 2029 erdialdetik aurrera. Hala baieztatu du Javier Remirez Nafarroako Gobernuko eledunak gaur eguerdian, kontseilu osteko agerraldian.

Tutera eta Irurtzun arteko autopista Audenasa enpresak kudeatzen du gaur egun eta 2029ko ekainean amaitzen zaio kontzesioa. Remirezen arabera, behin titulartasun publikoa berreskuratuta, borondate politikoa dago bidesariak kentzeko kotxeei. Aldiz, kamioientzako bidesariek indarrean jarraitzen dute. Gaur-gaurko autopistak hiru bidesari nagusi ditu: Martzillan, Imarkoainen eta Zuaztin.

Kamioientzako bidesariak ez dira, gainera, AP-15era mugatuko. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren asmoa da Nafarroako errepide sare nagusietan ordainsariak ezartzea ibilgailu astunei, eta hori guztia kudeatzeko sozietate bat eratu zuen: Nafarbide. Remirezek argudiatu du bide hori hartu dutela Europako Batasunean.

Aurreko legealdian Nafarroako Gobernuak iragarri zuen asmoa zuela 3,5 tonatik gorako ibilgailuei bidesariak jartzeko errepide sareko bost bide nagusietan:  A-15 Leitzarango autobidean, A-10 Sakanako autobidean, Altsasutik Ziordira arteko A-1 autobidean, Castejon eta Cortes arteko A-68 autobidean, eta Iruñea eta Behobia arteko N-121-A errepidean. 

Ikusteko dago noiz iragarriko dituzten bidesari horiek kamioientzako. «Erabaki politikoa hartua dago, eta epeak aurrerago iragarriko ditugu. Dagokion unean ezarriko dira bidesariak». Neurriaren aurka daude garraio enpresak eta garraiolarien elkarteak.

Zehaztu duenez, enpresen kontzesioa amaitzen denean Nafarroako Gobernuaren asmoa da titulartasuna Nafarbideren esku uztea. «Nafarbide sortu genuen foru erkidegoko errepide nagusietako titulartasuna bere gain har dezan». Horien artean dago A-15a. Etorkizunean ere asmo bera dago Pirinioetako autobidearekin gauza bera egiteko.

Kontzesioaren historia

Frankismoaren amaieran, orduko Diputazioak 40 urteko kontzesioa eman zion Autopistas de Navarra SA enpresari (Audenasa). Hainbat eraikuntza enpresek eta bankuk bultzatu zuten enpresa hori —tartean, Huarte eta Dragados—,baina ondorengo hamarkadan zorrak itota zegoen. Hala, Espainiako eta Nafarroako Gobernuak hartu zuten bere gain zorra eta azpiegituren kudeaketa.

Kontzesioa 2014ean amaitzen bazen ere, 1997an UPNren eta PPren gobernuek, Iruñean zein Madrilen, hitzartu zuten beste 25 urtez luzatzea kontratua. Ordutik, Jose Maria Aznarren gobernuak bere partaidetza Sacyr taldeko Itinere filialari saldu zion. Hala, egun, Nafarroako Gobernuak eta Itinere Infraestructures enpresak partekatzen dute —azken hori Citigroup finantza taldearen eskuetan dago egun. 2008an, finantza krisiaren unerik gordinenean, Itinere saldu egin zion Sacyrrek Citigroupi 7.500 milioi euroren truke—. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.