Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako lau egun falta direla iritsi da Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta, ezinbestean, kanpainako gai nagusia izan da gaur. Arratsaldean, alderdi nagusiek mobilizazioekin bat egin dute, baina aurretik, solasaldi bana egin dute EH Bilduk eta EAJk; horietan emakumezko ordezkariek hartu dute parte.
EH Bilduren arratsaldeko kafe tertulian Oihana Etxebarrieta Espainiako Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak, Mertxe Aizpurua orain arte Kongresuan izan den ordezkariak, Nerea Kortajarena Donostiako alkategaiak eta Olaia Duarte Senaturako Gipuzkoako bigarrenak hartu dute parte, Donostian. Etxebarrietak adierazi du «emakumeen eskubideak bermatzeko modu bakarra» EH Bilduren alde bozkatzea dela, eta igandean emakumeak erabakigarriak izango direla.
Eskuin muturra Espainiako Gobernura iristeak ekar ditzakeen arriskuez ohartarazi dute. Aizpuruak aurreratu du PPk eta Voxek «berdin» egingo dutela emakumeen kontra. Harago joan da Etxebarrieta: «Ez gaitezen erratu, PPk agenda autoritario bat, eta emakumeon eta LGTBIQ+ pertsonen eskubideen kontrako agenda bat dauka, Voxen beharrik gabe». Adibide jarri du Trans Legea eta abortu eskubidea kolokan jarri nahi izatea, eta «emakumeak eta gorputz disidenteak jo puntuan jartzeko» erabili nahi dituztela erantsi du.
EAJkoek, aldiz, podcast bat grabatu dute. Mikrofono aurrean partekatu dituzte politikagintzan emakume izatearen esperientziak Maribel Vaquero Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak, Idoia Sagastizabalek, Bizkaikoak, Saray Zarate Senaturako Arabako zerrendaburuak eta Maitane Ipiñazar EBB Euzkadi Buru Batzarreko idazkariak.
Madrilen emakumeen ahotsa izango dela hitzeman du Vaquerok, eta PP eta Voxek garaitzen badute ere, «berdintasuna defendatu eta atzera egiteak saihestuko» dituztela. Gipuzkoako zerrendaburua oraindik botoa erabaki gabe duten pertsonei zuzendu zaie, eta gogoratu du multzo horretan emakumeak nagusitzen direla. Esan die botoa emateko orduan argi izateko EAJk «Euskadi» defendatzen duela, baina ez edozein motatakoa, baizik eta: «Euskadi askea, feminista, berdintasunean oinarritua eta inor atzean uzten ez duena». Ildo beretik, adierazi du garrantzitsua dela emakumeek dagokien ikusgarritasuna izatea eta erantzukizun postuak betetzea: «Euskadi gurekin eta guretzat eraikitzen dela ikusarazteko erantzukizuna dugu».
Bi alderdietako ordezkariak Donostiako manifestaziora batu dira gero.

Ohiko formatuetan, A-25az baita ere
PSE-EEko ordezkariek gai berari heldu diote, baina kanpainan ohikoagoa den formatuan. Arratsaldeko agerraldian izan dira Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia, Rafaela Romero Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburua eta Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua. Romerok PPri egotzi dio Voxentzat botoak eskatzea Gipuzkoan, PP ez baita Senatura aurkeztuko lurralde horretan, eta sozialistentzat botoa eskatu ez eta, Voxeko «faxistentzat» botoa eskatzea aurpegiratu die: «Horiek emakumeen kontrako indarkeria ukatzen dute, eta Kongresuan indarkeria bikarioaren kontrako lege proiektua galarazi nahi izan zuten». PPri esan dio horren konplize dela.
Ahal Dugu-ko eta Fronte Zabaleko ordezkariek antzeko mezuak helarazi dizkiete boto emaileei goizean. Lehenaren kasuan, Arabako zerrendaburu Garbiñe Ruizek adierazi du azaroaren 25a «oroimenerako, salaketarako eta aldarrikapenerako» eguna ez ezik, «konpromiso politiko, instituzional eta soziala» adierazteko unea ere badela. Hain zuzen, «konpromiso politikoa» eskatu du Aurrera doan Senatua koalizioko —Fronte Zabalak eta Alderdi Sozialistak osatua— Nafarroako hautagai Ane Sanchezek ere. Batak zein besteak independentzia ekonomikoa, enplegu duinak, etxebizitzara sarbidea eta zaintza arduren banaketa bermatzeko neurriak behar direla aldarrikatu dute.
Zuzenagoa izan da Geroa Bai. «Negazionismoaren eta berdintasun arloan atzera egiteko arriskuaren aurrean», euren buruak «defendatzeko» botoa eskatu die Mayte Espinosa Senaturako hautagaiak emakumeei.
Kontrako norabidean, UPN-PP koalizioko Kongresurako zerrendaburu Leticia San Martinek Espainiako Gobernuaren lana jarri du zalantzan. Indarkeria matxistaren biktimei «arta eraginkor bat» bermatzeko beharraz hitz egin du goizeko ekitaldian. Gehitu du biktimak ez direla «instituzioen partetik babestuta» sentitzen.