Gaur gauerdian izango da aldaketa, A-68 autobidearen egungo kontzesioa amaituko da, kudeaketa publikoa hartuko du errepideak, eta berritasunak izango dira. Nabarmenena Nafarroan izango da; doan izango da han autobidean ibiltzea. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, doakotasunari eutsiko diote legealdi amaierara arte bederen. Nafarroa hegoaldean daude errepide horren bi tarte, orotara 39,5 kilometrokoak —bata, Lodosatik gertu eta bestea, berriz, Erriberan, Castejon ingurutik Corteserako tartean—. Errepidearen Arabako eta Bizkaiko zatietan, berriz, beherapenak ezarriko dituzte diputazioek. Arabakoak %70 apalduko ditu egungo tarifak eta Bizkaikoak, berriz, %20.
55 kilometro egiten ditu AP-68 autobideak Araban. Udan eman zuen Arabako Foru Aldundiak beherapenen berri, orduan azaldu zuen ordainketak kudeatzeko «plataforma bateratu bat» abiaraziko duela; asmoa du etorkizunean lurraldeko zirkulazio handiko beste errepide batzuk sistema horretara batzeko. Ohiko ordaintokiez gain, kontrolerako arku bidezko «ordainketa sistema dinamikoa» ezarriko dute progresiboki errepidean.Â
Errepideak 22,3 kilometro egiten ditu Bizkaian. Beherapenarekin bada ere, ordainpekoa izaten jarraituko duela eta, kexak badira. AP-8 Peajerik Ez eta AP-68 Doan plataformetako ordezkariak Bizkaiko Batzar Nagusietan izan dira berriki. Salatu dute azpiegitura horien inguruan bizi direnei ez dietela bermatzen mugikortasun seguru, eraginkor eta ekologikorako eskubidea.
Bilbo eta Zaragoza lotzen ditu autobideak eta erruz erabiltzen dute Euskal Herriko auto gidariek. Nafarroan bezala, doakotasunaren aldeko hautua egin dute Aragoiko eta Errioxako administrazioek ere, eta Espainiako lurralde horietan ez da pagatu beharko autobidean ibiltzeagatik.Â